Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoak Mexikora egiten du jauzi nazioartekotzearen aldeko enpresa-misio sendo batekin

Gipuzkoak Mexikora egiten du jauzi nazioartekotzearen aldeko enpresa-misio sendo batekin

Gipuzkoako 14 enpresaz osaturiko ordezkaritzak, aukera berriak aztertuko ditu Mexikon eta bertan jada ezarrita dauden Fagor Arrasate, Irizar, Danobat, ULMA edo GH Cranes bezalako enpresa erreferenteekin elkartuko da. Ekimenak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Ganbera buru dituela, aliantzak sustatu nahi ditu funtsezko sektoreetan, hala nola automobilgintzan, aeronautikan eta industria aurreratuan.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Atzo hasi zen Mexikon Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ganberak bultzatutako enpresa misio estrategikoa, gure lurraldeko enpresek Latinoamerikako merkatu oparoenetakoa den horretan duten nazioarteko proiekzioa indartzeko helburuarekin.

Mexiko, dagoeneko, Gipuzkoako esportazioak jasotzen dituen herrialdeen artean seigarrena da, izan ere, oso ingurune erakargarria eskaintzen du inbertsiorako eta enpresa lankidetzarako, Estatu Batuekin batera duen kokapen geografiko pribilegiatuari, merkatu potentzialari, kostu lehiakorrei eta merkataritza libreko tratatuen sare zabalari esker.

Gipuzkoatik nazioarteko potentzial handiko hainbat sektoretako enpresak abiatu dira bertara, hala nola LL Rotary Solutions, Grupo TTT, Stern Hidráulica, Sortek, Fundiciones Aizpurua, Loiri, Ezcurra-Esko, Zubiola S. Coop., Reiner, Electrotécnica Urumea, Tecnipesa, Safeloc Systems, Elmubas eta Real Sociedad futbol sozietatea.

Horiez gain, lehendik ere Mexikon ezarrita dauden beste enpresek ere parte hartuko dute misioan, besteak beste, Fagor Arrasate, Irizar, UR Global, Mondragon Unibertsitatea, Metagra, EUN Group, Ieteam, GH Cranes, Danobat, ULMA Packaging eta ELAY Group.

Misioa atzo hasi zen, Eusko Jaurlaritzak Mexiko Hirian duen bulegoan. Bertan, herrialdean jada ezarrita dauden euskal enpresen esperientziak partekatu ziren eta beste enpresa batzuk ezartzeko aukera zehatzak aztertu ziren. Arratsaldean, ordezkaritzak bilera garrantzitsuak egin zituen ANAPSA Automobilaren Sektoreko Hornitzaileen Agentzia Nazionalarekin, sektoreko balio katearen maila guztiak Ipar Amerikako ibilgailu fabrikatzaile nagusiekin konektatzen espezializatuta baitago, eta GIRA Aguascalientesen egoitza duen kluster multisektorialarekin, zeinak zenbait sektoretako enpresak biltzen dituen, besteak beste, automobilgintzako sektorekoak, sektore aeroespazialekoak, medikuntzakoak eta nekazaritza industriakoak.

Gainera, enpresa parte hartzaile batzuk aldebiko harremanak hasi zituzten bertako bezero, banatzaile eta aliatu potentzialekin, Mexikoko Basque Trade Investment (BTI) taldearekin koordinatuta.

Gaur, asteartea, sektore aeroespaziala izango da aztergai, Mexiko Hirian Kluster Aeroespazial Metropolitarrarekin bilera bat egingo da, eta hiriburuan finkatuta dauden Gipuzkoako enpresak ikustera joango dira, haiek Mexikon izan duten esperientzia operatiboaren berri izateko. Bihar, asteazkena, ordezkaritza Querétarora abiatuko da, herrialdeko industria polo nagusietakoa baita, eta han, balio erantsi handiko sektoreetan oinarritutako enpresa eta erakunde bilerak egiten jarraituko dute.

Misioak Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuaren babes instituzionala du. Diputatuaren hitzetan, "nazioartekotzea ez da aukera bat, behar bat baizik, lehiakorrak izaten jarraitu nahi badugu. Misio hau gure erakundeek eta gure enpresek eredu ekonomiko ireki, kolaboratibo eta asmo handiko batekin duten konpromisoaren erakusgarri da, Atlantikoaren bi aldeetan balioa sortuz haztea bilatzen duena".

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Mexikoko ordezkari Ainhoa Apeztegiak eta Mexikoko BTIren arduradun Martha Márquezek parte hartzen dute. Gipuzkoako Ganberaren izenean honako hauek osatzen dute ordezkaritza: Mauricio Arregui presidenteak; Javier Zubia zuzendari nagusiak; Javier Ayala Nazioarteko Garapenerako Departamentuko zuzendariak; eta Iñigo Usandizaga Azpikontratazio Industrialeko Departamentuko zuzendariak. Haiekin batera, Espainiak Mexikon duen Merkataritza Ganberak ere parte hartu du bisitan.

Enpresa-misio honek agerian uzten du Gipuzkoako erakundeek eta ehun produktiboak konpromiso sendoa dutela nazioartekotzea bultzatzeko, negozio-aukerak erakartzeko eta itun iraunkorrak sortzeko, enpresei Mexiko bezalako merkatu estrategikoetan hazteko aukera emanez.

Mauricio Arregui, Gipuzkoako Ganberako presidentearen hitzetan, “Mexiko merkatu estrategikoa da Gipuzkoarentzat, bai 130 milioi biztanleko potentzialtasunagatik, baita Estatu Batuekiko merkataritzan duen funtsezko paperagatik ere. Misio honen helburua, Gipuzkoako enpresen presentzia eta merkatu hazkuntza ahalbideratzea da. Oso programa indartsua dugu, eta oso aste emankorra izango delakoan gaude”.

Gipuzkoa industria lurralde bat da, sustrai sendoak eta tokian oso errotuta dagoena, baina era berean munduari begira ere badagoena. Misio hau gure mugetatik harago hazten, berritzen eta balioa sortzen jarraitzeko asmo kolektibo horren adierazgarri da.

  

4031