Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoak moda inklusiboko lehen desfilea egingo du

Gipuzkoak moda inklusiboko lehen desfilea egingo du

Uztailaren 15erako “guztiona eta guztiontzat” izango den desfilea antolatu du Mónica Ochotorenak zuzendutako Querida Yo moda inklusiboko guneak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta hainbat gizarte erakunderen laguntzarekin.

Maite Peña foru diputatua, desfilearen antolatzaileekin.

Datorren ostiralean, uztailak 15, Foru Jauregiko arkupeetan, Gipuzkoako moda inklusiboko lehen desfilea egingo da, Donostiako moda inklusiboko Querida Yo espazioak  antolatuta, Mónica Ochotorenak bultzatutako marka berria. Ekitaldiaren kolaboratzaile dira Gipuzkoako Foru Aldundia,  AECC, ONCE, Atzegi, Agaldeprise, Agaer eta Katxalin elkarteak, Gipuzkoako Merkatariak, eta Donostiako merkataritza txikiko hainbat profesional. Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta 18 eta 80 urte bitarteko 20 modelok parte hartuko dute; horietako 13k dibertsitate funtzionalen bat dute.

Mónica Ochotorenak, Querida Yo dendaren bazkide sortzaileak, eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak desfilearen xehetasunak aurkeztu dituzte gaur, eta ekitaldiaren izaera “inklusibo, berritzaile eta irekia” nabarmendu dute; halaber, diputatuak adierazi duenez, “ekitaldia mimo handiz prestatu da, guztiona eta guztiontzat izango da, dibertsitate funtzionala ikusarazi nahi du modaren bidez, eta inklusioa ospatu”.

Querida Yo ekimeneko talde sortzaileak sortu eta egokitutako 20 jantzi baino gehiago aurkeztuko dira  alfonbra gorri “inklusibo” baten gainean, eta protagonista gehienak dibertsitate funtzionalen bat duten emakumeak izango dira, eta Gipuzkoako sei elkarteren babesa dute. Ekitaldian Borja Hernandez diseinatzaile getxotarrak parte hartuko du, eta berak itxiko du desfilea, ekitaldirako neurrira egindako sorkuntza batekin.

Diputatuak adierazi duenez, Querida Yo diziplina anitzeko gunea da: “Moda denda bat baino askoz gehiago da, inklusioa eta aniztasuna indartzen dituen topagunea, eta pertsonen arteko lotura sustatzen duena”. Peñak eta Ochotorenak gonbidapena zabaldu diete herritar guztiei, eta, gainera, nabarmendu dute elkarteek harrera ona egin diotela desfileari, proiektuaren parte izateko interes handia azaldu dutela eta, desfilatzeko itxaron zerrenda dagoenez, bigarren edizio bat egitea pentsatzen ari direla dagoeneko.

 “Gipuzkoak badu gizarte kohesionatua, solidarioa eta gizarte-desberdintasunen aurkako borrokan konprometitua, berdintasunaren eta justizia sozialaren alde sinesten eta borrokatzen duen gizartea”, erantsi du Maite Peñak, eta entitate sozialek eta eragileek egiten duten lana txalotu du. “Mónica Ochotorenaren eta bere taldearen konpromisoa miresgarria da, egunero ehunka emakumeren bizitza hobetzeko lan egiten dute, eta gero eta gizarte berdinzaleagoa, toleranteagoa, solidarioagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko ahaleginetan aritzen dira”, azpimarratu du diputatuak, eta nabarmendu du beti daudela prest gizartearen eskaera berriei aurre egiteko.

Querida Yo ekimenaren helburua da prozesu guztiak babestea, onartzea, ikusaraztea eta normalizatzea; “izan ere, gaixotasunari lotutako prozesuak eta desgaitasun edo mendetasun egoerak bizitzaren parte dira, eta horrek ez luke bazterketa egoerarik eragin behar”, adierazi du Ochotorenak. “Modak pertsonen autoestimua zaintzen laguntzen digu eta beren egunerokoan laguntzeko aukera ematen digu”; Querida Yo-ko taldeak arreta “mimatua eta pertsonalizatua” eskaintzen dio bezero bakoitzari, neurrira egindako moda bat, pertsona bakoitzaren beharretara egokitua. Mónica Ochotorenak adierazi duenez, “pertsonei beren bizitza zikloan lagundu nahi diegu, autonomia eta gizarte inklusio gorenera iritsi daitezen, bai modaren bidez, bai eta tailerren, laguntza taldeen eta jardueren bidez ere”.

  

2610