Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026rako aurrekontu proiektua aurkeztu du Batzar Nagusietan

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026rako aurrekontu proiektua aurkeztu du Batzar Nagusietan

Zaintza, etorkizuneko ekonomia eta jasangarritasuna dira aurrekontu proiektuaren ardatz nagusiak, eta, horren bidez, Gipuzkoako ongizate integrala bermatzeko Aldundiaren bide orrian aurrera egiten jarraitzea aurreikusten da

2025/11/06
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gaur goizean hasi da Batzar Nagusietan Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2026rako aurrekontu proiektua aurkezteko agerraldien erronda. Foru erakundeak diseinatutako proposamenak lurraldea indartzean jartzen du arreta, lurraldean gaurko eta biharko ongizate integrala bermatzeko, eta, Gipuzkoan sortzen ari diren beharrei eta planteatzen diren erronkei erantzutea du helburu.

1.296,5 milioi euroko aurrekontu proiektua da, 2025ean baino 78,4 milioi gehiago (+%6,4). Aurrekontu hauen lehentasuna da legealdi honetarako ezarritako ibilbide-orri estrategikoarekin jarraitzea. Ildo horretan, eta departamentu bakoitzari zuzendutako aurrekontu-partidei buruzko xehetasun gehiago emateko asmoz, gaur batzarkide taldeen aurrean eman dituzte bere aurrekontuen partiden azalpenak Ogasun eta Finantza, Jasangarritasuna, Zaintza eta Gizarte Politika, Lurralde Oreka Berdea, Bide Azpiegitura eta Lurralde Estrategiako diputatuak, eta baita ere Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak, berak bere departamentuari buruzko xehetasunak eman ditu, besteak beste.

Mendozak Batzar Nagusietan egindako interbentzioa aprobetxatu du aurrekontu proiektu honen helburua zein den azpimarratzeko: “zaintza eta etorkizuneko ekonomia bermatzeko gaurtik etorkizunera begira oinarriak ezartzen aurrera egitea”. Diputatu nagusiak adierazi du inbertsio izaera argia duen proiektua dela, eta, testuinguru horretan, bere hitzaldia aprobetxatu du adostasunerako deia egiteko, “pertsonen ongizatean eta pertsonentzako eta enpresentzako aukera berriak sortzera bideratutako aurrekontu proiektu hau onartuz”.

Diputatu Nagusiaren arloa

Diputatu nagusiaren arloak, berriz, 28,7 milioi euroko aurrekontua izango du, eta partida horiek “komunitate gisa batzen gaituzten balioak indartzea izango dute funtsezko helburu”, hala nola “euskara, berdintasuna, aniztasuna eta Giza Eskubideak”. “Gobernantza kolaboratiboan eta berrikuntza politikoan sakonduz egingo dugu”, adierazi du diputatu nagusiak berak.

Arlo honetako partiden igoera batez ere euskarazko komunikabideei laguntzeko hitzarmena berritzearen ondorio da. Era berean, Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritzak Foru Administrazioaren barruan euskara “lan hizkuntza nagusi gisa” bultzatzea azpimarratuko du, bai eta eremu sozioekonomikoan euskara sustatzea ere. Gipuzkoa Ariguneri eta euskararen ulermenaren unibertsalizazioari, Badalab laborategiari eta adimen artifizial sortzailearen esparruan hizkuntzak duen presentziari laguntzeko ildoei eutsi zaie.

Berdintasunerako Zuzendaritzak bere ahalegin nagusiak emakume taldeei eta elkarte feministei laguntzera bideratuko ditu, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planean aurreikusitako hainbat ekimen berritzaile hedatzearekin batera, bai administrazioaren barruan, bai Gipuzkoako gizarte osoan. Giza Eskubideetatik eta Kultura Demokratikotik, berriz, abian den Aniztasun Planaren ebaluazioa bultzatuko da, inklusio digitalaren gaia landuko da, adimen artifizialak pertsona zaurgarrienengan duen eragina aztertuz, eta migratzaileei erantzuteko eta harrera egiteko bideetan sakonduko da. Ahaztu gabe memoria historikoa bultzatzeko ekimenak, altxamendu frankistaren 90. urteurrena eta Gerra Zibilaren hasiera direla eta.

Azkenik, Estrategia Zuzendaritzak Gipuzkoan gobernantza kolaboratiboa eta berrikuntza politikoa bultzatzen jarraituko du, bereziki azpimarratuz balio komunitarioak sustatzeko estrategia baten garapena, gazteen ongizate emozionala babesteko proiektuak, eta mugikortasun berriarekin eta elikadura jasangarriarekin lotutako misioak.

Jasangarritasuna

Jasangarritasun departamentuak lurraldea eraldatzeko motor gisa duen zeregina sendotu du, eta etorkizun berdeago, bidezkoago eta berritzaileago batekin duen konpromisoa indartu du. Aurrekontua % 7,8 hazi da, 54 milioi eurotik gora, trantsizio ekologikoa hiru alderditatik (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa) gidatzen jarraitzeko borondate politikoa islatuz.

Igoera horri esker, aurrera egin ahal izango da klima aldaketaren, energia trantsizioaren eta deskarbonizazioaren, mugikortasun jasangarriaren eta uraren eta itsasertzaren kudeaketaren aurkako borrokan.

Trantsizio energetikoak lehentasuna izaten jarraituko du 2026an, herritarren eta industrien energia komunitate berriak bultzatzeko baliabideak % 4,5 handituta. Horrekin, energia eskuratzeko aukera demokratizatzen duen, berriztagarriak bultzatzen dituen eta kanpoarekiko dugun mendekotasuna murrizten duen energia kultura berri baterantz goaz. Jarduera estrategikoen artean, gainera, Euskadiko lehen Living Lab Energiaren garapena nabarmentzen da, Eskuzaitzetan.

Ekonomia zirkularra bultzatzen da, proiektu traktoreak sendotuta, hala nola Ehunen Berrerabilerarako Zentroa, Baterien Ekonomia Zirkularreko Poloa eta Bioekonomiaren Estrategia berria, eta Gipuzkoa Europako abangoardian kokatuta.

Mugikortasun jasangarrian, bidegorrietan egindako inbertsioa nabarmentzen da, % 23 handitu baita, bizikleta herritarren eguneroko mugikortasunaren benetako alternatiba izan dadin.

Era berean, hondartzen kudeaketa integrala indartzen da, helburu horretara bideratutako baliabideak % 60 handituz, eskaintzen diren zerbitzuen kalitatea bermatzeko.

Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza % 8 hazi da, eta arau-aldaketen ondoren bere eskumenak sendotu ditu.

Eta Obra Hidraulikoen Zuzendaritzak uraren kudeaketa integralean aurrera egiten jarraituko du, hornidura eta saneamendua bermatuz, alerta goiztiarreko sistemak hobetuz eta klima aldaketaren aurrean lurraldearen erresilientzia indartuz.

Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun departamentuko diputatuaren ustez, “Aurrekontu hauek Gipuzkoaren etorkizunaren aldeko apustu sendoa islatzen dute. Jasangarritasuna politika publikoen erdigunean jartzen duen ibilbide-orria dira.

Lurralde berdeago, lehiakorrago eta solidarioago baterantz aurrera egitea, non trantsizio energetikoa, ekonomia zirkularra, uraren kudeaketa, mugikortasun jasangarria eta itsasertzaren babesa ongizatearen, aberastasunaren eta enpleguaren palanka bihurtzen diren ”.

Ogasuna eta Finantzak

Ogasun eta Finantza departamentuari dagokionez, 62,5 milioi euroko aurrekontua izango du hurrengo ekitaldirako. Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuak departamentuaren aurrekontu-partidaren xehetasunen berri eman du Batzordearen aurrean. Bere hitzaldian nabarmendu du departamentura bideratu den diru kopurua batez ere zerga sistema modu eraginkor eta efizientean kudeatzera eta zerga kultura arduratsua sustatzera bideratzen dela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2023-2027 plan estrategikoaren baitan.

Helburu horrekin, Ogasun eta Finantza departamentuaren 2026rako aurrekontu proiektuak honako hauetan aurrera egitea izango du helburu: TicketBAI proiektua, honen baitan ahalegin bereziak egingo direlarik datuaren kalitatea hobetzean eta LiburuBAI proiektuaren baitan; adimen artifizialeko tresna baten aplikazioa, Ogasun eta Finantza Departamentuaren barne efizientzia eta erantzun denborak hobetzeko, izan ere urtero zergadunen 450 dei eta 1.500 kontsulta lotesle baino gehiago jasotzen ditu departamentuak; eta 2025an Batzar Nagusietan onartutako zerga erreformari buruzko araudia egokitzea errenta kanpainaren sistemaren baitan, baita etorkizunean Batzar Nagusietan onartzea espero den Banketxeen Interes Marjinaren eta Bankuen Komisioen gaineko Zerga eta Multinazional Handien eta talde nazionalen Zerga Osagarria.

Proiektu horien bidez, Agirrek azaldu duenez, “zergadunei emandako zerbitzuaren eraginkortasuna hobetu nahi da, horretarako lagunduko duten tresna digital berritzaileak garatuz, eta, aldi berean, Foru Ogasunaren arreta kanalen bidez kalitatezko zerbitzu eraginkorra ematen jarraitzeko ere lan egingo da aurrekontu proiektu honen bitartez”.

Zainketa eta Gizarte Politikak

Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentura bideratutako aurrekontu partida 598 milioi eurokoa da, 2025ean baino 63,5 milioi gehiago. Maite Peñak, Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatuak, azpimarratu du inoizko gastu aurrekonturik handiena dela, eta gaineratu du “biztanleko gastu soziala esponentzialki hazi dela, pertsona bakoitzeko 822 euroraino, hau da, 88 euroko igoera urte bakarrean, eta 288 eurokoa 2015etik”.

Diputatuak azpimarratu du berrikuntza sozialetik eta komunitatearen inplikaziotik jarraitzen dugula pertsona zaurgarrienak zaintzen eta babesten, pertsonan oinarritutako arreta-eredu batean sakonduz: “hori guztia gizarte-eredu jasangarri eta abangoardista baten bidez egiten dugu, Gipuzkoako hirugarren sektore sozialarekin lankidetza estuan. Aurrekontuak hazkunde esanguratsuak jasotzen ditu adineko pertsonen, desgaitasuna duten pertsonen eta gizarteratzearen arloetan, helburu argi batekin: gipuzkoarren arteko desberdintasuna gutxitzea eta lurralde kohesionatuagoa eraikitzea”.

Amaitzeko, nabarmendu du: “aurrekontu honek aukera emango digu zaintza ereduaren eraldaketan aurrera egiteko: zerbitzuetan oinarritzen den eredu batetik, pertsonetan eta hauen harremanetan oinarritutako eredura”.

Lurralde Oreka Berdea

Lurralde Oreka Berdeko departamentuak 48 milioi euro izango ditu datorren ekitaldirako. Departamentu horretako foru diputatu Xabier Arrutik azaldu duenez, aurrekontu zuzkidura Aldundiaren Plan Estrategikoan ezarritako Lurralde Oreka Berdeari begirako lan ildo estrategikoei erantzutean oinarritzen da eta baita landa eremuaren momentuko informazioa eta beharrak zeintzuk diren ere hartzen ditu kontuan.  Arrutik nabarmendu du proposamen kontinuista bat dela hau, azken urte hauetan abian jarritako eta emaitza onak ematen ari diren ekimen berritzaileak finkatzea bilatzen duena, “besteak beste, sektoreko zahartzearen erronkari aurre egiteko eta profesional berriak erakartzeko, hala nola Baserritar Misto Profesionala, Trebatu, Gaztenek edo Gilur; edo gure baso azaleraren abandonuaren aurrean, jabetza pribatudun basoen zaintza eta kudeaketa jasangarri eta kolektiboa sustatzeko, Basotik Fundazioaren bidez”.

Era berean, adierazi duenez, “Departamentura kopurua lehen sektoreko jarduera ekonomikoa babestu eta indartzera eta etorkizuneko beharretara egokitzera, Gipuzkoako ingurumena, bioaniztasuna eta natur ingurunea babestera eta klima aldaketari aurre egiteko tresnak eraginkortzera; lurralde oreka babestera eta herri txikiak eta landa ingurunea biziberritzera, bideratuko da. Besteak beste, Etorlur Sozietate Publikoaren bidez etxebizitza berriak sustatuz herri txikietan”.

Azkenik, legealdiko erronka gisa planteatu ziren ekimen berritzaileen barruan, 2026an Lurralde Oreka departamentuak proiektu pilotu bat abian jartzeko asmoa du lehen sektoreak ingurune naturalaren zaintzari dagokionez ematen dituen zerbitzu ekosistemikoen inguruan. Arrutiren hitzetan “uste dugu gaur egun beharrezkoa dela baserritarrak gure ingurunea zaintzeko funtsezko eragile gisa aitortzea, eta ekimen hau helburu horrekin planteatzen da”.

Bide Azpiegiturak eta Lurralde Estrategia

Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak departamentuaren 2026ko aurrekontu-proiektua aurkeztu du; guztira 332,15 milioi eurokoa, Gipuzkoako errepide eta azpiegituretan inbertitzeko. Kopuru horren baitan, Bidegi foru sozietate publikoak 213,55 milioi euroko aurrekontua izango du datorren ekitaldian.

Inbertsio nagusiek lurraldea ardazteko proiektuetan jarraituko du oinarritzen. Nabarmenen artean daude Azkoitia-Urretxu errepidearen hobekuntzaren bigarren fasea, 2026rako 5,6 milioi euroko partida izango duena eta dagoeneko martxan dena, eta Zarauzko saihesbide berria amaitzeko lanak, 7,25 milioi euroko inbertsioarekin. Era berean, ekitaldi honetan A-15 autobideko tuneletan egiten ari diren egokitzapen lanak amaituko dira, Europako segurtasun araudiari egokitzeko asmoz. Lan horiek bukatzeko 10,75 milioi euroko azken partida aurreikusi da, 2018an hasitako epe bati amaiera emanez, eta guztira 100 milioi euro inguruko inbertsioa suposatu duena, osorik Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatua gainera.

2026ko aurrekontuek aukera emango dute, halaber, lurraldearen kohesiorako eta mugikortasunerako funtsezko proiektu berriei bultzada emateko, hala nola Andoaingo N-I eta A-15 arteko lotura berriaren lanak, zeinekin batera hobekuntza osagarrien programa zabala garatuko den udalerriko hainbat gunetan. Proiektuaren idazketa fase aurreratuan dago dagoeneko, 2026an lizitatu ahal izateko, eta aldi berean ari dira lantzen ingurumenaren eta errepidearen eraginak murrizteko jarduketa osagarrien proiektuak, 2026an zehar gauzatuko direnak.

Era berean, aurrera egingo da Bidasoaldeko Mugikortasuna Hobetzeko Azpiegitura Planaren garapenean, eta lehen lanak datorren urtean ere hasiko dira. 2026an aurreikusten da Amute eta Amutaldeko sarbideen (Hondarribia) eta Azken Portukoaren (Irun) hobekuntza lanak lizitatzea eta hastea, baita Arbes-Oñaurreko lotura osoaren proiektua idaztea ere, Irunen. Aldi berean, aurten aurkeztutako planaren gainerako proiektuak garatzen jarraituko da.

Beste atal batean, aurrekontuak sendotu egiten ditu departamentuak bide-segurtasunaren eta irisgarritasunaren arloan garatzen dituen lan-ildo nagusiak. Lehentasunez jardungo da ibilgailuen eta oinezkoen arteko bizikidetza zailagoa den tarteetan eta herriguneetatik igarotzen diren errepideetan, eta baita industria-guneetarako sarbideen eta errepide arteko loturen hobekuntzan ere.

Ildo horretan, 7,35 milioi euro bideratuko dira zeharbideen eta oinezkoentzako pasabideetako segurtasuna eta baldintzak hobetzeko lanetara Ibarra, Zizurkil, Alegia, Ikaztegieta, Abaltzisketa, Zabalbide, Elgoibar, Zerain, Mutriku, Jaizkibel eta Mendaron; eta 8,15 milioi euro, berriz, industrialdeetako sarbide eta herriguneen arteko konexioak hobetzeko proiektuetara, besteak beste Arrasaten, Zizurkilen, Adunan eta Aian.

Halaber, ekitaldi berriak aukera emango du etorkizuneko proiektu gakoen garapenean aurrera egiteko, eta Zizurkil, Ibarra eta Irurako lotura eta saihesbide berrien plangintza berreskuratzeko, baita Orioko AP-8ko lotura osoaren exekuzioari eta Hernaniko Galarretan AP-8rako sarbide berriari bultzada emateko ere.

Bidegorri eta oinezkoentzako ibilbideen arloan, Galarreta (Hernani) eta Errekalde (Donostia) lotuko dituen bidegorriaren lanak gauzatuko dira, eta 3 milioi euro baino gehiago inbertituko dira mantentze-lan eta hobekuntzetan, bereziki Bergara-Aretxabaleta eta Azkoitia-Urretxu arteko tarteetan. Era berean, proiektu berriak idatziko dira Altzola-Mendaro, Hondarribia-Irun eta Vasco-Navarroko bide berdea (Eskoriatzatik) bezalako ibilbideetarako.

  

2473