Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideen egoeraren azken eguneraketa eskaini du

Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideen egoeraren azken eguneraketa eskaini du

Lur-jausiek eta eguraldi gogorrek hainbat errepide kaltetu dituzte; garbiketa lanak etengabe ari dira egiten, eta segurtasuna da une honetako lehentasuna.

Errepideen egoera

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur eguerdian eskaini du errepideen egoeraren azken eguneraketa, azken orduetako eguraldi baldintza gogorren eta lur-jausien ondorioz eskualde askotan izan diren kalteen ondoren. Agerraldia Gipuzkoako Azpiegituretako egoitza nagusian egin da, eta bertan izan dira Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusia eta Joana Egiluz babes zibileko sailburuordea, Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuarekin, eta Mikel Uribetxeberria Plangintza eta Ustiaketa zuzendariarekin batera.

Atzo gauetik garbiketa lanak etengabeak ari dira izatean, eta egoeraren jarraipena gertutik egiten ari dira foru eta udal mailako zerbitzu teknikoak. Gaur gaurkoz, segurtasuna da lehentasuna, eta horren arabera ari dira antolatzen lehentasunezko jarduketak.

Garbiketa lanek eta errepideen segurtasunak, lehenetsi

Azken orduetako datuen arabera 1 Nazionala irekita dago, nahiz eta Ikaztegietako sarrera itxita mantentzen den oraindik, errepidearen garbiketa lanak direla eta. Jakinarazi, jarduera hauek geldialdi puntualak eragin ditzaketela.

Era berean, eta euriteak eragindako lur-jausien ondorioz, GI 2130 errepidean ere (Ibarra, Berrobi eta Berastegi artekoa) garbiketa lanekin dihardute. Trafikoari dagokionez, barruko joan-etorriak lehenetsi dira, eta Iruña eta Donostiaren arteko mugimenduak Etxegaratetik egitea eskatu da.

Amezketaren eta Alegiren arteko Ugarte auzoan, bidea guztiz itxita egon da; hala ere, errai bat irekitzea lortu da, eta une honetan bigarren erraia garbitzen ari dira bidea guztiz irekitzeko.

Bigarren mailako hainbat errepidek ere oraindik ez dute zirkulaziorik, eta helburua da guztien irekiera segurtasunez bermatzea.

Garbiketa lanek oraindik denbora bat beharko dute eta amaitu ondoren, balorazio tekniko bat egingo da egoeraren ebaluazio osoa izateko eta behar diren neurriak ezartzeko.

Datu orokorrak eta herritarrei gomendioak

Datu orokorrei dagokionean, ezohiko egoera honen ondorioz 100 dei jaso dira gauerdiko 11:30-12:30 bitartean. Era berean, gaur goizeko 06:30ak arte 140 irteera egin dituzte Foru Suhiltzaileen Zerbitzuak. 

Eskualde kaltetuenak Goierri eta Tolosaldea izan dira. Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrei dei egiten die garbiketa lanetan dauden errepideak ez erabiltzeko eta zuhurtziaz jokatzeko. Gaur egun ez dago alerta aktiborik, baina egoeraren jarraipena gertutik egiten ari da

Diputatu nagusiaren eskertza

Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusiak eskerrak eman dizkie lehen ordutik garbiketa lanetan parte hartzen ari diren guztiei, eta haien lana funtsezkoa dela azpimarratu du, egoera ahalik eta azkarren eta segurtasunez bideratzeko: “Jende pilo bat dago inplikatua garbiketetan; beraz, eskerrak eman nahi dizkiegu: udalei, auzotarrei, enpresei… hau da, garbiketa lanetan inplikatuak dauden pertsona guztiei. Haien lana eta baliabideak ezinbestekoak izaten ari dira.”

  

4662