Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Giza eskubideetako baliabide pedagokikoen zentroa izango da Aiete

Giza eskubideetako baliabide pedagokikoen zentroa izango da Aiete

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak aurkeztu duten proiektuak beste eginkizun eta esanahi batzuk gehituko dizkio Aiete eraikinari

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak aurkeztu dute Aieteko Giza Eskubideetako Baliabide Pedagogikoen Zentroaren proiektua. Zentro hori giza eskubideetako hezkuntza-tresna zehatzak –hala nola filmak, dokumentalak, testuak, antzerki-lanak edo literatura-lanak– “biltzera, sortzera eta dibulgatzera” zuzenduko da. Zentro horrek beste eginkizun eta esanahi batzuk emango dizkio Aieteko Bakearen Etxearen moduko eraikin enblematiko bati, eta Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutzaren ondarearen parte izango da.

Gaur goizean, Aieteko eraikinean bertan, egin den prentsaurrekoan aurkeztu dute proposamenaren edukia Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok eta Donostiako alkate Eneko Goiak. Izan ere, hiru erakundeek DSS2016 Kultura Hiriburutzan partekatzen duten lan-esparruaren barruan garatzen ari diren elkarlanaren ondorioz sortu da proiektu hori.

Jarduera

Zentroak hiru jarduera-ardatzarekin (hezkuntza-pedagogiarekin, gizarte-pedagogiarekin eta herritarren parte-hartzearekin) lotzen diren baliabideak biltzen, sortzen eta dibulgatzen lan egingo du. Horrez gain, zentroaren motorra izango diren urteko bi ekitaldi hauen inguruan bilduko da zentroaren jarduera:

Giza Eskubideetako Baliabide Pedagogikoen Azoka, bere tresnen sormenean oinarrituko dena, hau da, “bertatik sortzea” izango duena oinarri. Azoka hori materialen eta baliabideen erakusketa izango da, baita jende guztiarentzako jarduerak barnean hartuko dituen topagunea ere.

Nazioarteko mintegia: jarduera honen helburua izango da mundu osoan Giza Eskubideen arloan garatzen diren baliabide eta esperientzia pedagogikoak eta parte-hartzaileak erakustea eta aurkeztea. “Kanpoan egiten dena biltzea” izango da asmoa.

Proiektua 2015. urteko amaiera aldean lantzen hasi zen, bi fasetan garatzeko ideiarekin:

Lehen fasea, 2016an: zentroaren proposamena diseinatzea, erakunde arteko  lan-plangintza baten bitartez. Irailean aurreikusi da proiektua jendaurrean aurkezteko jardunaldia egitea.

Bigarren fasea, 2017-19: zentroa abian jartzea, DSS2016 Kultura Hiriburutzaren legatu gisa.

Nazioarteko konexioa

Jardueraren dimentsio bikoitza aukera paregabea izango da giza eskubideen arloan Donostiak, Gipuzkoak eta Euskal Autonomia Erkidegoak nazioarteko loturak ezar ditzaten. Gainera, Baliabide Pedagogikoen Zentroak giza eskubideen arloko munduko beste zentro batzuekin lotura izango du, eta Giza Eskubideetarako Nazio Batuetako goi-mandatariarekin elkarlanean jarduteko esparrua bilatuko du, batik bat baliabide pedagogikoetan oinarrituta.

Nazioarteko esparruan espazio bat bilatzeak indartu egiten du Donostia –hainbat hamarkadatan terrorismoak eta indarkeriak gehien zigortu zuen hiria– orain munduaren aurrean bakearen eta elkartasunaren hiri gisa proiektatzearen ideia, bakearen eta giza eskubideen arloko esperientziak sortzen, esportatzen eta inportatzen duen hiri gisa proiektatzearen ideia.

Pieza osagarria

Giza Eskubideetako Baliabide Pedagogikoen Zentroa, beraz, Euskadin aurretik dauden beste azpiegitura batzuen pieza osagarria da. Gogora institutuak eta beste memoria-erakunde batzuek, hala nola Gernikako Bakearen Museoak edo Terrorismoaren Biktimen Memoriak, iraganaren egungo esanahien ikuspegitik jorratzen dute haien egitekoa. Zentro honek, aldiz, etorkizunari begiratzen dio.

  

1809