Gizarte Zerbitzuen Kalitatea Ebaluatzeko Agentzien Europako Sarea sortu da, Gipuzkoak bultzatuta
Gizarte Zerbitzuen Kalitatea Ebaluatzeko Agentzien Europako Sarea sortu da, Gipuzkoak bultzatuta
• Belgika, Irlanda, Suedia, Frantzia eta Gipuzkoako ebaluazio-agentziek, European Social Network (ESN) sarearekin batera, gizarte-politiken ebaluazioa indartzeko aliantza osatu dute. • Sareak sustatuko ditu metodologien trukea, estandar komunen garapena, Europako berrikuntza-proiektuak eta ebaluazioan espezializatutako erakundeen arteko ikaskuntza-mekanismoak • Akordioak etorkizunean nazioarteko batzorde bat sortzea aurreikusten du, Gipuzkoako Zainketak eta Gizarte Politikak Ebaluatzeko Agentzia garatzen laguntzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, Gizarte Zerbitzuen Kalitatea Ebaluatzeko Agentzien Europako Sarea eratu da gaur. Ekimen aitzindaria da, eta lehen aldiz biltzen ditu ebaluazioan espezializatutako Europako erakundeak, lankidetzarako, ezagutza-trukerako eta ikaskuntza partekaturako gune egonkor bat sortzeko. Helburua da gizarte-politiken kalitatea indartzea eta gero eta eraginkorragoak, berritzaileagoak eta pertsonengan zentratuagoak diren ongizate-sistema publikoak garatzen laguntzea.
Eratze-bilera Foru Jauregian egin da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du. Bertan izan dira Eider Mendoza diputatu nagusia, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, Alfonso Lara European Social Network (ESN) erakundearen zuzendari exekutiboa eta Belgika, Irlanda, Suedia eta Frantziako ebaluazio-erakunde eta -agentzietako ordezkariak. Bileraren amaieran, lankidetza-akordio bat sinatu dute. Akordio horrek esparru egonkor bat ezartzen du erakunde parte-hartzaileen arteko lankidetza indartzeko eta gizarte-politiken ebaluazioaren arloko ezagutzaren eta jardunbide egokien trukea sustatzeko.
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, nabarmendu du Agentzia sortzea “izugarrizko jauzia” dela Gipuzkoako gizarte politiketan, azken urteotan lurraldean arlo horretan izan den “aurrerapauso handiena”. Gainera, azpimarratu du Gizarte Zerbitzuak Ebaluatzeko Agentzia “barrurantz eta kanporantz” lankidetzan jarraitzeko bokazio argiarekin sortu dela. Mendozaren hitzetan, barrura begira lurraldeko erakunde, entitate eta gizarte eragileekin, eta kanpora begira, “gaur sortzen dugun Europako sare honekin, Gipuzkoako lidergotik, ESNren laguntzarekin, eta ebaluazioan punta-puntako esperientziak batzen dituena, Belgika, Suedia, Frantzia eta Irlandako kasuekin”.
Alfonso Lara Montero, European Social Networkeko zuzendariak, azaldu du ESNk Gizarte Zerbitzuen Kalitaterako Europako Esparru bat sortzeko egindako proposamena garrantzitsua dela gizarte-zerbitzuen kalitatea hobetu nahi duten administrazio publiko guztientzat, eta Gipuzkoako eredua administrazio publikoek esparru hori ezartzeko erreferentzia izan daitekeela nabarmendu du. Era berean, epe luzerako lankidetzak eta arlo horretan ezagutzak eta esperientziak partekatzeak duten balio handia azpimarratu du, batez ere tokiko zein nazioarteko mailan aldaketa garrantzitsuak bizi ditugun honetan. Ildo horretan, adierazi du Ebaluazio Agentzien Europako Sarea sortzea aukera bat dela epe luzerako elkartrukerako oinarriak ezartzeko eta kalitatean oinarritutako gizarte-zerbitzu sendoak garatzen aurrera egiteko, Europa osoko eta haragoko komunitateen beharrei erantzuteko gai izango direnak.
Aliantza aitzindaria, elkarrekin aurrera egiteko
Europako hainbat herrialdek gizarte-zerbitzuen kalitatea ebaluatzen espezializatutako erakundeak badituzten arren, orain arte ez zegoen haien artean esperientziak, metodologiak eta tresnak trukatzeko sarerik.
Gipuzkoak bultzatutako sarea hutsune hori betetzeko eta lankidetzan lan egiteko sortu da, ongizate-sistemek dituzten erronka handiek ere erantzun partekatuak behar dituztela sinetsita. Ekimenak aukera emango du hainbat herrialdetan sortutako ezagutza konektatzeko, erakunde bakoitzaren esperientzietatik ikasteko eta elkarrekin ebaluazioa indartzeko, gizarte-politikak hobetzeko tresna gisa.
Ezagutza partekatzeko eta berrikuntza bultzatzeko akordioa
Sinatutako akordioak lankidetza-esparru malgu eta ez-loteslea ezartzen du ebaluazio-agentzien, administrazio publikoen eta erakunde espezializatuen artean.
Esparru horren bidez, erakunde parte-hartzaileek baterako proiektuak garatu ahal izango dituzte, ebaluazioaren arloko gaitasun instituzionalak indartzeko; metodologiak, tresnak eta adierazleak trukatzeko; ebidentzian oinarritutako politika publikoak sustatzeko eta ebaluazio-sistemetan berrikuntza bultzatzeko.
Sare horrek lagunduko du Europar Batasunak finantzatutako proiektuetan parte hartzen, ikerketa-ekimenetan lankidetzan aritzen eta zentroak, zerbitzuak, politika publikoak, arreta-eredu integratuak, bizi-kalitatea eta ongizate-sistemek lortutako emaitzak ebaluatzeko aukera emango duten metodologiak elkarrekin garatzen.
Europako ikaskuntza-komunitatea
Sarearen funtzionamendua honako hauen bidez antolatuko da: aldizkako bilerak, Europa mailako mintegiak, berdinen arteko ikaskuntza-tailerrak, adituen trukeak, ebaluazio instituzionaleko misioak eta Europako ekimenetan batera parte hartzea.
Gainera, akordioak izaera irekia du, eta aukera ematen du pixkanaka ebaluazio-agentzia publiko berriak, erakunde independenteak, administrazioen ebaluazio-unitateak eta eremu horretan lan egiten duten nazioarteko erakundeak sartzeko.
Lankidetza-eredu horren helburua da Europako ikaskuntza-komunitate bat finkatzea, jardunbide egokiak zabaltzeko, estandar partekatuak garatzeko eta ongizate-sistema publikoak etengabe hobetzeko.
Gipuzkoak Agentziaren nazioarteko dimentsioa indartzen du
Sare hori sortzea Gipuzkoak gizarte-politiken ebaluazioaren inguruan bultzatutako nazioarteko estrategiaren lehen mugarrietako bat da.
Akordioan jasotako konpromisoen artean dago, halaber, 2030etik aurrera nazioarteko batzorde bat sortzea, Gipuzkoako Zainketak eta Gizarte Politikak Ebaluatzeko Agentzia garatzen lagunduko duena, kanpoko ebaluazio independente baten bidez. Organo horrek hobetzeko gomendioak egingo ditu, Agentziaren gardentasuna, objektibotasuna eta etengabeko hobekuntza indartzeko.
910