Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Izena emateko epea irekita, gobernantza ireki eta elkarlanekoari buruzko online formakuntzan

Izena emateko epea irekita, gobernantza ireki eta elkarlanekoari buruzko online formakuntzan

Azaroaren 30ean hasiko da Aldundiak eta UNEDek Globernance-kin elkarlanean antolatzen duten formakuntza honen hirugarren edizioa.

2020/10/05

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UNED Bergarak, Globernance-Gobernantza Demokratikoaren Institutuarekin elkarlanean, gobernantza ireki eta elkarlanekoari buruzko online formakuntzaren hirugarren edizioa antolatu dute, azaroaren 30etik datorren urteko maiatzaren 27ra bitartean egingo dena. Programak 120 irakastordu aurreikusten ditu, eta izena emateko epea zabalik dago. Matrikulazioa urriaren 19tik azaroaren 19ra bitartean egingo da esteka honetan: https://gobernanza.asmoz.org. Eider Mendoza Gobernantzako diputatuak online prestakuntza-modulu honek duen garrantzian jarri du azpimarra, aurreko legealditik Aldundia bultzatzen ari den gobernantza eredua sendotzen lagunduko duelako, eta Etorkizuna Eraikiz foru-programaren oinarrian dagoena hain zuzen ere.

"Hedapen hori lortzeko, beharrezkoa da erakundeko langileak eta gizarte osoa ikuspegi teoriko eta praktikotik prestatzea, eta ekimen honek horretan laguntzen digu", defendatu du. Foru arduradunaren ustez, Etorkizuna Eraikizek arrakasta izateko herritarrek eta erakundea osatzen dutenek gobernantza ireki eta kolaboratiboaren ereduak planteatzen duen lan egiteko modu berria barneratu behar dute. "Irekitasunak, berrikuntzak, lankidetzak eta sareko lanak, talentuak… Oinarrizko gaitasunak izan behar dute, eta Aldundiaren eguneroko zereginaren parte izan behar dute, bai etorkizuneko diseinuan, bai lurraldearen etorkizunaren eraikuntza partekatuan", azaldu du.

Unibertsitateko prestakuntzak aurreikusten dituen 120 orduak zazpi modulutan banatzen dira. Modulu horietako bakoitzak hainbat gai jorratzen ditu: gizarte demokratikoetako gobernantzaren erronkak, gobernantza-eredu politiko berriak, erakundeen eginkizuna, gobernu irekia eta gardentasuna, interakzio publiko/pribatuaren dimentsio etikoa eta juridikoa, harremanen gobernua eta herritarren parte-hartzea, ustelkeriaren aurkako ekintza, kudeaketa publikoaren finantza jasangarritasuna, komunikazio politikoa edo kontratazio publikoaren dimentsioa, beste hainbat gairen artean. Daniel Innerarity eta Juan Jose Alvarez adituek zuzentzen dute ikastaroa, eta maila goreneko irakasleak dituzte: bi hauetaz gain, Manuel Villoria, Ignacio Aymerich, Mariola Urrea, Txetxu Ausín, Rafael Jiménez Asensio, Goizeder Manotas, Mikel Cabello, Ander Errasti, Mari Carmen Gallastegui, Cristina Astier eta Xabier Barandiaran, besteak beste.

Prestakuntza online metodologiaren bidez garatzen da, eta ikasleei gaien edukia eta beharrezko ikus-entzunezko materiala ematen zaie plataforma birtual baten bidez. Mendozak nabarmendu duenez, horrek aukera emango die ikasleei garatutako gaiei buruz modu aktiboan hausnartzeko eta irakasleekin modu estuan jarduteko, horretarako aktibatuko diren foroen bidez. Modulu bakoitzaren amaieran, on-line tutoretza-saio bat egingo da dagokion irakasleekin, eta ikasleek zalantzak argitu ahal izango dituzte moduluaren ebaluazio-proba egin aurretik. Prestakuntza osatzeko, borondatezkoak diren aurrez aurreko bi edo hiru saio egingo dira.

"Prestakuntza bereziki interesgarria da administrazio publikoetan dauden langileentzat; izan ere, politika berri baten oinarrietan sakontzeko materiala aurkituko dute, non gobernantza ireki eta elkarlanekoak garrantzi berritua duen", adierazi du Gobernantzako diputatuak. Horregatik, prestakuntzaren matrikula orokorra 400 eurokoa bada ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko, foru-sektore publikoko erakundeetako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako langile publikoek matrikula murriztua dute (275 euro), eta, horretarako, beharrezkoa izango da foru-posta korporatiboarekin matrikulatzea. Deskontu hori Gipuzkoako udaletako langileei ere aplika dakieke (bi pertsona udal bakoitzeko), GKEetako langileak eta langabeak.

  

1499