Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Herritarrek 1,2 milioiren norakoa erabakiko dute 2020ko aurrekontu irekietan

Herritarrek 1,2 milioiren norakoa erabakiko dute 2020ko aurrekontu irekietan

Urtarrilaren 21etik aurrera, gipuzkoarrek aukeratuko dute zein ekimen finantzatu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020ko aurrekontu irekiek hasiera emango diote fase berri bati datorren urtarrilaren 21ean. Egun horretatik aurrera, eta otsailaren 7ra arte, gipuzkoarrek aukeratu beharko dute zein proiektu finantzatu 12 ekimeneko zerrenda batetik, guztira 1,2 milioiko diru kopuruarekin. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak azaldu duenez, orain mahai gainean jartzen diren proiektuak aurrekontu irekien aurreko fasean proposatu zituzten herritarrek. 2019ko martxoan egin zen fase hori, eta herritarren 1.083 proposamen jaso ziren. "Politika egiteko modu berri batean sinesten dugu, herritarrengandik gertuago kokatuko gaituena, eta aurrekontuen ekimena norabide horretan doa, hain zuzen ere", azaldu du Mendozak.

            Foru diputatuak agerraldia egin du gaur hedabideen aurrean, ekimenaren xehetasunak emateko, eta Joseba Muxika Herritarren Partaidetzarako foru zuzendariak lagundu du.  Mendozak, bere hitzaldian, gogorarazi du Foru Aldundia parte hartzearen aldeko "apustu irmoa" egiten ari dela, "defendatzen dugun gobernantza eredu berriaren zutabe garrantzitsua baita". Halaber, azaldu du aurrekontu irekien ekimenaren helburuak bat datozela Herritarren Partaidetzari buruzko 5/2018 Foru Arauarenekin, bai eta Etorkizuna Eraikiz ekimenaren helburuekin ere: herritarren parte hartzea bultzatzea gaurko eta biharko Gipuzkoak dituen erronketarako irtenbideak bilatzeko, berdintasun baldintzetan eta gipuzkoarren eskubide demokratikoak hobeto garatzeko. "Horrela, gainera, administrazio eraginkorragoa eta herritarrengandik hurbilagoa lortzen dugu", gaineratu du.

            Foru Aldundiaren 2020ko aurrekontu irekien prozesua 2019. urtearen hasieran abiatu zela azaldu du foru diputatuak. Urte bereko martxoan, proposamenak biltzeko fasea burutu zen, "aurreko urteetan baino iraupen txikiagoa izan zuena, iaz izan genituen hainbat hauteskunde prozesuren ondorioz".  Hala ere, 290.000 galdetegi banatu ziren etxez etxe, eta 12 topaketa egin ziren 471 pertsonek parte hartuz guztira.  "Horren guztiaren ondorioz, herritarren 1.083 ekarpen jaso genituen", azaldu du.  Azken hilabeteetan, Aldundiko teknikariek gipuzkoarren proposamen horien gainean lan egin dute, eta 12 proiektu edo ekimeneko zerrenda bat osatu dute. Proiektu edo ekimen horiek herritarren esku jarriko dira berriro ere, horietatik zein finantzatu erabakitzeko.

            Hautaketa fasea datorren urtarrilaren 21ean hasiko da, eta otsailaren 7an amaituko da.  Bertan, Gipuzkoako udalerriren batean erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, eta proposatutako 12 proposamenetatik gutxienez proiektu bat eta gehienez ere sei aukeratu beharko dituzte. Parte hartzeko hiru modalitate daude: inprimaki digitalaren bidez, Foru Aldundiaren webgunean aurkitu ahal izango dena; posta arruntaren bidez eta frankeo ordainduarekin, foru erakundeak lurraldeko etxe guztietan datozen egunetan banatuko duen inprimaki fisikoaz baliatuta; edo aurrez aurre, Herritarren Informazio eta Arretarako Bulego Nagusian edo udaletako sarrera erregistroetan.

 

12 proiektu

Gobernantzako diputatuak azaldu duenez, behin bigarren fase hori amaituta eta proiektuen hautaketa finkatuta, Foru Aldundiak aktibatuko ditu herritarrek aukeratutako ekimenak martxan jartzeko beharrezkoak diren partidak. "Interes handiko 12 proiektu ditugu esku artean, esparru desberdinak ukitzen dituztenak, eta aukeratuak suertatzen direnak 2020an gauzatuko ditu Aldundiak, kasu bakoitzean eskumena duen Departamentuaren bidez", argitu du foru diputatuak. Hauek dira 2020ko aurrekontu irekiek mahai gainean jarriko dituen hamabi ekimenak:

  1. Gaixotasun larrien aurkako ikerketa. Minbizia eta alzheimerra bezalako gaixotasunen ikerketa taldeen lanak finantzatzeko dirulaguntzen deialdi irekia. 200.000 euro.
  2. Bide berdeak eta bidegorriak seinaleztatzea eta egokitzea.  Sentsibilizazio ekintzak egingo dira, eta bide berdeen eta oinezkoentzakoen seinaleztapena egokitzeko eta hobetzeko proiektu pilotua jarriko da martxan. 200.000 euro.  
  3. Izango zara 2020: Gipuzkoako gazteentzako beka programa. Horrela, atzerrian ikasketak osatzea ahalbidetzen da. 200.000 euro.
  4. Indarkeria matxista prebenitzea gazteen artean. Horretarako, belaunaldi berriekin lan egiteko dinamikak jarriko dira martxan ikastetxeetan eta udal mailako ekipamenduetan (ludotekak, gaztelekuak …). 200.000 euro.
  5. Gipuzkoako aniztasuna (ber)ezagutzeko espazioak. Horretarako, lurraldeko ikastetxeetan lan egingo da. 200.000 euro.
  6. Buruko gaixotasunak dituzten pertsonen aisialdiko eta denbora libreko zerbitzua zabaltzea. Horretarako, egungo zerbitzua zabaldu egingo da, bai jarduera eremu geografikoari dagokionez, bai esku hartzeko ordutegiari dagokionez. 200.000 euro.
  7. Gizarte bazterketako egoeran daudenei arreta emateko zentroa. Donostian kokatuko litzateke, eta egoera horretan dauden pertsonentzako 24 plaza izango lituzke. 200.000 euro.
  8. Gipuzkoa. Ezagutu bertako ondarea eta historia. Lurraldeak ezkutatzen dituen altxorrak gipuzkoarren artean hobeto ezagutarazteko ekimena. 180.000 euro.
  9. Emakumeen artean jarduera fisikoa sustatzea, jarduera fisikoa eta kirola bultzatu eta sustatuko dituzten espazioen, dinamiken eta ekintzen bidez. 200.000 euro.
  10. Klima aldaketarekiko konpromisoa. Klimaren inguruan kontzientziatutako herritarren liga bat bultzatzea, gai horren inguruko sentsibilizazioa areagotzeko. 200.000 euro.
  11. Tokiko produktuen kontsumoa sustatzea, lehen sektorearekin eta tokiko ekoizleekin partekatutako dinamikak abian jarriz, baita sentsibilizazio kanpainak ere. 200.000 euro.
  12. Udal ostatuetan hizkuntza irizpideak finkatzea. 3.000 biztanletik beherako herrietako ostatuetako langileen hizkuntza beharrak ezagutzeko ikerketa. 110.000 euro.  
  

1597