Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Homeless Film Festival zinema jaialdi berria

Homeless Film Festival zinema jaialdi berria

Aldundiak sustatu eta Emaus Gizarte Fundazioak eta Bizitegik antolatutako jaialdi berria da.

Homeless Film Festival jaialdia azaroaren 15an egingo da, Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan, eta bi saio izango ditu, bat goizean eta bestea arratsaldean. Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak prentsaurrekoan azaldu duenez, Homeless Film Festivalen helburua da "gizartean baztertuta edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzeari buruzko sentsibilizazioan sakontzea", eta, horretarako, zinemaren eta antzerkiaren bidez errealitate horiek gizartera hurbilduko dira, "eztabaidarako eta hausnarketarako gune berri baten" bidez. Maite Peñarekin batera, Emaus Gizarte Fundazioko Iune Polo eta Bizitegiko Aitor Ipiña egon dira, balioa emanez erakundeen arteko lankidetzari, etxerik gabeko pertsonek jasaten dituzten gizarte-bazterketako egoerak agerian jartzen jarraitzeko.

2011n Manchesterren sortu zen jaialdia da Homeless Film Festival, 2016an Bizitegik Bilbora hurbildu zuen, eta aurten, lehen aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Emaus Gizarte Fundazioak, Bizitegiren laguntzarekin, Gipuzkoara ekarri dute. Zinemaren eta antzerkiaren bidez, gizarte bazterketako arriskuan edo egoeran dauden pertsonen egoerei buruz sentsibilizatzen laguntzea du helburu jaialdi honek. Maite Peña diputatuak azpimarratu duenez, "Funtsezkoa da elkarlanean jarraitzea hausnarketarako espazio berriak irekitzeko; gizarteratzean sakonduz eta pertsona guztien aukera berdintasunean sakonduz, esperientziak elkartrukatuz, elkarlanean arituz eta kale egoeran dauden pertsonen errealitateari buruzko sentsibilizazioa bultzatuz". Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu nagusiarekin bat egiten du jaialdiak, diputatuaren hitzetan: "Gero eta gizarte kohesionatuagoa, berdinagoa eta solidarioagoa eraikitzen jarraitzea".

Homeless Film Festivalen testuinguruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarteratzearen alde duen konpromisoa berretsi du diputatuak, eta azpimarratu duenez, "zentzu horretan, Gizarteratze Plan berri bat diseinatu eta onartuko dugu, non gizarteratzearen sentsibilizazio eta sustapen ekintzak bultzatzen jarraituko dugun, jaialdi hau bezala". Peñak gaineratu du Aldundiak bizitegi bazterketaren aurkako eta etxerik gabeko pertsonentzako euskal estrategian murgilduta jarraitzen duela, "egoera horien prebentzioan eta etxebizitzan oinarritutako ikuspegi baten garapenean lanean jarraitzen dugu". Gainera, gogorarazi duenez, "gogor lan egiten dugu gizarte bazterketako arriskuan edo egoeran dauden pertsonen arreta hobetzeko sistema guztietan, eta etxerik gabeko pertsonen aisialdirako, hezkuntzarako, parte-hartze politikorako eta sozialerako sarbidea sustatzen dugu. Halaber, bazterketako egoeren prebentzioan eta tratamenduan komunitatearen sentsibilizazioa eta inplikazioa hobetzen saiatzen gara".

 

Maite Peñaren arabera, jaialdi honen berrikuntza eta berezitasuna da gizarte bazterketako arriskuan edo egoeran dauden pertsonen "aktibazio inklusiboa"; izan ere, "pertsona horiek sentsibilizazio prozesuan bertan parte hartzen dute, hainbat jardueraren bidez". Emaus Gizarte Fundazioko Iune Polok azpimarratu du egindako prozesuaren garrantzia, eta azaldu du irailean eta urrian lan egin dela Donostiako Axular Lizeoa eta Errenteriako Koldo Mitxelena ikastetxeetan, non Emauseko gizarteratze programetan parte hartzen duten pertsonek "bizi-esperientziak" partekatu baitituzte DBHko 4. mailako ikasleekin, "gazteen artean hausnarketa bultzatzeko".  Hainbat film labur ere landu dituzte, eta horiek jaialdian bertan bistaratuko dituzte. Horretarako, gizarteratze eta parte hartze sozial komunitarioaren esparruko eragileez harago, jaialdi hau herritar guztiei irekita dago, "bereziki gazteei eta nerabeei", amaitu du Polok, eta sarrerak dagoeneko agortuta daudela adierazi du.

Prozesu horretan, garrantzi berezia hartzen du parte hartzaileen inplikazioak; izan ere, bazterkeria egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten pertsona berak izan dira sentsibilizazio kanpainaren protagonistak, eta boluntarioak izan dira ikastetxeetara joateko, ikasleekin bizipen pertsonalak partekatzeko.  Axular Lizeoaren kasuan, gainera, ikasleak ere Muntoko egoitza eta eguneko zentrora joan dira, parte hartzaileen errealitatea gertutik ezagutuz. Alderdi horrek, Iune Poloren arabera, pertsona horien egoera ulertzen laguntzen du, bai eta gazteen eta bizitegi bazterketako egoeran dauden pertsonen artean harreman berriak sortzen ere.

Bizitegik duela 4 urtetik sustatzen du ekitaldia Bilbon, eta haren ordezkaritzan, Aitor Ipiñak azaldu du ekimen hau gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonen “adierazpen eta parte hartzerako” bide berrien bilaketatik sortu zela. “Zinearen eta antzerkiaren bidezko adierazpen artistikoek pertsonei euren komunikatzeko ahalmena garatzen laguntzen die, baita euren bizipenak, salaketak eta ametsak adierazten ere. Kale egoeran dauden pertsonek ez dute aukera handirik izan txaloak eta aitortzarik jasotzeko, eta jaialdi honek protagonista izateko aukera ematen die, sorkuntzan, produkzioan eta interpretazioan”, azaldu du Ipiñak.

Jaialdi hau sentsibilizaziorako tresna indartsua da, hiritargoari kale egoeran dauden pertsonen errealitatea gerturatuko diolako, eta mezuaren eragin biderkatzailea dute ikastetxeekin eta unibertsitateekin egiten den lanak, eta bertaratuko diren pertsonen eta komunikabideetako oihartzunak. Aitor Ipiñak gehitu du “Bilbon hasi genituen edizioekin, Bizitegik elkarlanerako bide berriak bilatu nahi izan ditu, jaialdi honen zabaltzea handitzeko, eta horregatik, beti gonbidatu ditugu beste erakundeetako eta lekuetako taldeak”.

 

Jaialdi bat, ad hoc prestatutako programa batekin

Homeless Film Festival azaroaren 15ean izango da Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan, eta jardunaldia bi saiotan banatuko da.  Goizekoa, ikasleei zein gizarteratzeko programetan parte hartzen dutenei zuzenduko zaie.  Saio horretan, ikastetxe bakoitzak egindako film laburrak bistaratuko dira, baita gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen errealitateari buruzko beste film labur batzuk ere, Manchesterreko eta Bilboko Homeless Film Festivaleko programaziokoak. Horrez gain, Zenbatu konpainiaren ‘Desarraigadas’ obra ikusi ahal izango da, Bizitegi elkartearen zerbitzuetako erabiltzaileek konposatutakoa.  Bizitegiko hezkuntza arloko esku hartzearen profesionalek urte osoan zehar lan egiten dute 10-15 pertsonaz osatutako antzerki talde horrekin, eta ekimen hori babesten dute, antolaketan eta hedapen osoan inplikatuz, bai eta parte hartzen duten erabiltzaileei laguntza emanez.

Arratsaldeko saioa, 18:00etan hasiko dena, berriz, herritar guztiei zuzenduko zaie. Saio horretan, Manchesterreko eta Bilboko jaialdirako egindako film laburrak ere ikusi ahal izango dira. Saio berean, Sevillako Mujereando antzerki konpainiak hartuko du parte, 'Quejío de una Diosa' antzezlanarekin. Konpainia hori gizarte bazterketako egoeran dauden emakumeek sortutakoa da. Eztabaida eta hausnarketa zabalduz, gizarte bazterketako egoeretatik emakumeen aurkako indarkeriara. Aitor Ipiñak nabarmendu du kale egoeran dauden emakumeen egoeran jarri nahi den azpimarra, eta horregatik dakar ‘Quejío de una diosa’ lan harrigarria Sevillako Mujereando taldeak. “Kale egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten gizarte zerbitzuetan genero ikuspegia modu aktibo eta zehatzean sartu behar da”, amaitu du Ipiñak.

  

1481