Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ibil eta Foru Aldundiaren arteko hitzarmenak %21 handituko du Gipuzkoako ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen sarea

Ibil eta Foru Aldundiaren arteko hitzarmenak %21 handituko du Gipuzkoako ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen sarea

Bi erakundeek hitzarmena sinatu dute, Gipuzkoan ibilgailu elektrikoak birkargatzeko azpiegitura teknologikoa zabaldu eta biltegiratze energetikodun karga ultra-azkarra hedatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ibil enpresak, zeinak birkarga eta mugikortasun teknologiak eta zerbitzuak eskaintzen baititu, hitzarmena sinatu dute, ibilgailu elektrikoak kargatzeko sarearen garapena sustatzeko gure lurraldean, biltegiratze energetikoko soluzioen bidez. Lankidetza honen bidez, eta Ibil enpresaren teknologiari esker, gehitu egingo dira birkarga arrunteko guneak, eta zabaldu egingo da karga ultra-azkarrerako azpiegitura, zeinari esker gure lurraldeko erabiltzaileek 6 minututan kargatu ahal izango baitituzte beren ibilgailuak. Gainera, birkarga prozesuak optimizatuko dituzten soluzio teknologikoak garatuko dira, bai aparkaleku pribatuetan, bai publikoetan. 
IBILen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean lortutako akordioak argi erakusten du bi eragileek hartua duten konpromisoa zein den: ibilgailu elektrikoa kargatzeko sarearen garapen teknologikoa areagotzea Gipuzkoan. Hain zuzen ere, foru erakundea MUBIL estrategiaren bidez bideratzen ari da ahalegin hori. Akordio honekin apustu garbia egin dute bi erakundeek: 2020 erdialdera karga azkarreko hiru puntu berri eta karga ultra-azkarreko lau jarriko dituzte. Puntu horiek lehendik dauden karga arrunteko 33 puntuei gehituko zaizkie.  
Birkarga sarean energia biltegiratzeko soluzioak Gipuzkoako sare teknologiko eta industrialarekin batera garatuko dira, eta horiei esker bestela ezinezkoak izango liratekeen lekuetan jarri ahal izango dira birkarga puntuak, birkarga estazioen operazio kostuak optimizatuko dira, eta energia sorkuntza banaturako elementuekin konbinatu ahal izateko prestatuta egongo dira.  Horrela, IBIL, lurraldeko beste hainbat eragile teknologikorekin batera, etorkizuneko soluzioak eta birkarga teknologiak garatzen ari da.
Gipuzkoako mapa honetan ikusi daiteke non dauden gaur egun birkarga puntuak, eta non jarriko diren datorren urterako aurreikusitakoak.

 

Gipuzkoa, lurralde jasangarria
Ibil enpresak % 100 energia berriztagarrietan oinarritutako birkarga zerbitzu integrala eskainiko du Gipuzkoan. Birkarga zerbitzu hauek ezartzeko azterketa egiterakoan kontuan hartuko dira, batetik, ikuspegi pribatua -garaje partikularrak eta enpresak-, eta, bestetik, eremu publikoa -gasolindegiak, aparkaleku publikoak, saltoki handiak, zerbitzuguneak eta antzeko eremu publikoak-.  
Hitzarmen honek garbi erakusten du Ibil enpresak jasangarritasunarekin eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin hartua duen konpromisoa, emisiorik gabeko garraioa eta mugikortasun elektrikoa bultzatzen baititu. Zentzu horretan, Proiektu Estrategikoen foru diputatu den Ainhoa Aizpuruk gogorarazi du mugikortasun elektrikoa eta biltegiratzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren apustu estrategikoak direla, eta MUBIL estrategiaren bidez gorpuzten direla.  «Proiektu honen bidez, nazioarteko erreferente bilakatu nahi dugu gure lurraldea; aukera esparru honekin lotutako industria sustatu nahi dugu», azaldu du foru arduradunak. Era berean, azpimarratu du IBIL erakundearekin lortutako akordioak norabide horretan sakontzen lagunduko duela. 
Proiektu Estrategikoetako diputatuak gogorarazi du MUBILen egoitza fisikoa Zubietako Eskuzaitzeta poligonoan kokatuko dela, Donostian. «Gure asmoa da zentro hori eta, hedaduraz, gure lurraldea ere elektromugikortasunari lotutako berrikuntza eta ezagutza gune bilakatzea. Ziur gaude MUBIL estrategiak Administrazioaren eta sektoreko enpresen eta eragileen arteko lankidetza indartzen lagunduko duela, ezagutza aurreratua, garapen teknologiko berriak eta jarduera ekonomiko berria sortzeko», defendatu du diputatuak.
IBIL entitatearekin sinatutako hitzarmena, hain zuzen ere, MUBILen bigarren ardatz estrategikoarekin lotzen da; izan ere, ardatz estrategiko horrek bilatzen du elektromugikortasunari lotutako azpiegiturak eta gaitasuna garatzea Gipuzkoan. «Hau da, oztopoak deuseztatu nahi ditugu; lurralde osoa uneoro ibilgailu elektrikoa kargatzeko azpiegitura bat eskura dugula zeharkatu ahal izateko aukera egon dadila. Horretarako, karga azpiegitura zabaldu nahi da, Gipuzkoako autobideetan eta korridoreetan, eta baita beste hainbat espazio pribatu eta publikotan ere», azpimarratu du Aizpuruk.
Bestalde, akordio honen harira beste hainbat ekintza ere egingo dira, herritarrek kontzientzia har dezaten, Gipuzkoan mugikortasun elektrikoari lotutako industriak sustatzeak dituen abantailen inguruan. Horrela, bi entitateen arteko lankidetza hau, zeinak urtebeteko indarraldia izango baitu eta automatikoki luzatu ahal izango baita, bultzada garrantzitsua izango da Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Mugikortasun Elektrikoaren Estrategiarentzat.

 

Ibil, datuetan

  • 9 urte baino gehiagoko esperientzia du mugikortasunaren eta jasangarritasunaren sektorean.
  • Orain arte 581.000 karga kudeatu ditu Ibil-ek.
  • Ibilgailu elektrikoek 40 milioi km egin dituzte, Ibil-en terminaletan kargatutako 5 GWh-ekin. 
  • Sare publikoko 220 errekarga puntu ditu Espainia osoan zehar banatuta; horietatik 52 karga azkarrekoak. 
  • Guztira 1.700 terminal jarri dira etxe eta enpresetan.

 

Ibil-i buruz
Ibil enpresa teknologiko eta industrial bat da, birkargarako eta mugikortasunerako teknologien eta zerbitzuen garapenean jarduten dena. Helburua da ibilgailu elektrikoaren erabilera sustatzea, eta trantsizio energetikoan laguntzea, ahalik eta eraginkorren eta ordenatuen. Enpresa liderra da ibilgailu elektrikoaren birkargari dagokionez, eta horren erakusle da berak jarri zuela Europaren hegoaldeko karga ultra-azkarreko lehenengo puntua Lopidanan, Araban. Gainera, udazkenean, Ibil-ek ibilgailu elektrikoentzako karga ultra-azkarreko lehenengo zerbitzugunea jarriko du, % 100 teknologia nazionalarekin, Ugaldebietan, Bizkaian.
Gaur egun, Ibil-ek 1.700 puntutan instalatu du bere teknologia, bai etxeetan, bai enpresetan, eta baita ibilgailu elektrikoak birkargatzeko sare publikoko 200 terminaletan ere, Estatu osoan zehar.

  

2068