Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Jasangarritasun Departamentuak eta Eusko Jaurlaritzak lurralde-kohesiorako ardatz berri bat aktibatu dute Narrondo-Iraeta bidegorriaren hasierarekin, funtsezkoa baita Zumaia eta Zumarraga arteko bizikleta ibilbidearen lotura osatzeko

Jasangarritasun Departamentuak eta Eusko Jaurlaritzak lurralde-kohesiorako ardatz berri bat aktibatu dute Narrondo-Iraeta bidegorriaren hasierarekin, funtsezkoa baita Zumaia eta Zumarraga arteko bizikleta ibilbidearen lotura osatzeko

Tarte berriak 4,15 kilometro izango ditu, horretarako Foru Aldundiak 2,8 milioi euroko inbertsioa egingo du eta Eusko Jaurlaritzak 4 milioi euro inguruko, eta Gipuzkoan mugikortasun eredu bidezkoago, osasungarriago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko du.

2025/07/30
Sostenibilidad

José Ignacio Asensio:  "Gipuzkoa pertsonen egunerokotasuna hobetzen duten azpiegiturekin egituratzen ari gara. Tarte berri hau bizikleta-sare konektatu, seguru eta irisgarri bat lortzeko beste urrats bat da, mugikortasunean aldaketa kulturala bultzatzen duena eta Urolako bizilagunen eskaera historikoari erantzuten diona".

Narrondo (Zumaia) eta Iraeta (Zestoa) Arroabean barrena lotuko dituen bidegorri zati berriko obrak martxan daude. Proiektuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentua eta Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saila buru dituela, aukera emango du Zumaia eta Zumarraga arteko bizikleta-ardatzaren konexio integralean aurrera egiteko, eta, horrela eraldatzeko herritarrek mugitzeko, ingurunearekin erlazionatzeko eta autoaren mende egon gabe joan-etorriak egiteko duten eskubidea baliatzeko modua.

Obren bisitaldi instituzionalean José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua, Miguel Ángel Páez Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordea, Clara Navas Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria, Mikel Serrano Zumarragako alkatea, Mikel Arregi Zestoako alkatea, eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea izan dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 2,8 milioi euroko inbertsioa egingo du tarte berrian, eta zati bat Europako Next Generation funtsekin finantzatuko da. Bederatzi hilabeteko exekuzio-epea izango du. Trazadurak Urolako trenbide-ibilbide zaharra aprobetxatzen du eta zati batean N-634 errepidearen ondotik igarotzen da, paisaian arreta handiz eta errespetuz integratuz. Obra funtzionaltasun-, segurtasun-, jasangarritasun- eta ingurumen-integrazioko irizpideen arabera diseinatu da.

José Ignacio Asensio diputatuak adierazi duenez, "kontua ez da bidegorri kilometroak egitea bakarrik: pertsonen egunerokotasuna hobetzen duten azpiegiturekin josten ari gara Gipuzkoa. Tarte berri hau bizikleta-sare konektatu, seguru eta irisgarri bat lortzeko beste urrats bat da, mugikortasunean aldaketa kulturala bultzatzen duena eta Urolako bizilagunen eskaera historikoari erantzuten diona".

Lanak egin aurretik, Eusko Jaurlaritzak esku hartu behar izan du, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez, 4 milio euro ingurukoa, bidegorri berria Urolako trenbidearen trazadura zaharretik igaroko baita.

Miguel Ángel Páez Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeak azaldu duenez, bidegorriak zeharkatuko dituen Iraetako eta Arroako tunelak indartze- eta birgaitze-lanen azken fasean daude, eta udazkenerako lan guztiak amaituta egongo dira. Páezek nabarmendu du Gipuzkoan trena bultzatzeko Eusko Jaurlaritza egiten ari den inbertsio handia, eta adierazi duenez, "trenaren erabilera sustatzeaz gain, aldi berean, erabiltzen ez den trenbide-ondarea herritarren esku uzten dugu, mugikortasun jasangarria lortzeko".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Clara Navasek azpimarratu duenez, "Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planek Europako Funtsetatik jasotako 80 milioi baino gehiago txertatu dituzte Euskadin, askotariko eskualde eta udalerrietako 34 proiektu gauzatzeko. Bidegorrien trazadura berri hau mugikortasun jasangarria ikuspegi turistiko batetik nola bultzatu erakusten duen adibide ona da. Eta hori posible da erakundeen arteko lankidetzari eta udalekin eta eskualdeekin batera egindako lanari esker".

Ardatza osatzen denean —2026ko amaieran edo 2027ko hasieran—, herritarrek 47 kilometroko korridore berde jarraitua izango dute Zumaia eta Zumarraga artean, eta Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia ere lotuko ditu. Lurralde-kohesioaren benetako mugarria.

Eragin zuzena duen politika klimatikoa

Proiektu hau obra bat baino askoz gehiago da, herritarrengan eragin zuzena duen politika klimatikoa da. Emisioak murrizten ditu, ohitura osasungarriak sustatzen ditu eta landa-eremuak biziberritzen ditu. Pertsonak erdigunean dauden mugikortasun-eredu baten aldeko apustu irmoa da, eta bermatu egiten da modu seguruan eta autoaren mende egon gabe mugitzeko eskubidea.

"Bidegorri hau bezalako azpiegiturek aukera ematen digute lurralde kohesionatuagoa, osasungarriagoa eta ingurunearekin lotuagoa eraikitzeko. Gure ondareari balioa ematen diogu, turismo jasangarria bultzatzen dugu eta erabiltzen ez diren ibilbide historikoei bizitza berria ematen diegu", nabarmendu du Asensiok.

Eguneroko bizitza eraldatzen duen sarea

Tarte berri hau Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren parte da, bai eta Helmugako Jasangarritasun Turistikoaren Lurralde Planaren parte ere. Urdinberri Eraikuntzak SLk egikarituko du obra, eta obra-zuzendaritza Asmatu SLren kontura izango da.

Bidegorri sare horrek, mapan puntuak konektatzeaz gain, pertsonak, auzoak eta udalerriak konektatzen ditu. Herritarrak lanera, eskolara edo anbulatoriora bizikletaz edo oinez joan ahal izatea errazten du, segurtasunez, erosotasunez eta askatasunez.  Justizia sozialerako tresna bat da, eta funtsezko elementua garraioaren deskarbonizaziorako bidean.

Horrela, Jasangarritasun Departamentuak azpiegituratik harago doan aldaketa bat bultzatzen du. Mugikortasuna eraldatzen duen aldaketa bat, bizitza eraldatzeko. Gipuzkoa jasangarriago bat Gipuzkoa bidezkoago bat ere badelako.

  

16087