Jasangarritasun Departamentuak Lasarbeko berdegune berria bisitatu du, biodibertsitatea eta klima aldaketara egokitzea bultzatzen duena
Jasangarritasun Departamentuak Lasarbeko berdegune berria bisitatu du, biodibertsitatea eta klima aldaketara egokitzea bultzatzen duena
Jasangarritasun Departamentuak Lasarbeko berdegune berria bisitatu du, biodibertsitatea eta klima aldaketara egokitzea bultzatzen duena
Gloria Vázquez Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Administrazioko zuzendariak eta Egoitz Luisa Anoetako alkateak 4.663 metro koadroko espazio berria bisitatu dute; naturarekin harremana, bizikidetza eta ingurumen-hezkuntza uztartzen dituen gunea.

Proiektuak 408.340,21 euroko inbertsioa izan du, eta Jasangarritasun Departamentuak 35.000 euroko laguntza eman dio, Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) lerrokatutako udal-proiektuak sustatzeko dirulaguntza programaren bidez.
Natura berreskuratzea udalerriak klima-aldaketaren ondorioetara hobeto egokitzeko modurik eraginkorrenetako bat ere bada. Helburu horrekin, Gloria Vázquez Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Administrazioko zuzendariak eta Egoitz Luisa Anoetako alkateak Lasarbeko berdegune berria bisitatu dute gaur. Anoetako Udalak sustatutako jarduketak errekaren ingurunea lehengoratu eta herritarren bizikidetza, biodibertsitatea eta ingurumen-hezkuntza uztartzen dituen espazio berri bihurtu du.
Jarduketak 408.340,21 euroko inbertsioa izan du, eta 4.663 metro koadroko eremua herritar guztientzako espazio irisgarri eta berde bihurtzea ahalbidetu du. Proiektuak Lasarbe errekaren ingurunea berreskuratu du, udalerriaren ingurumen-kalitatea hobetzen duen eta klima-aldaketaren aurrean erresilientzia indartzen duen azpiegitura berde berri bat sortuz.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 35.000 euroko laguntza eman dio jarduketari, Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatutako udal-proiektuak babesteko dirulaguntza-deialdiaren bidez. Laguntza-lerro horrek 230.000 euroko aurrekontua du 2026an, udalerri jasangarriagoak, erresilienteagoak eta inklusiboagoak sustatzeko.
Natura eta herritarrak lotzeko berdegunea
Espazio berriak natura, aisialdia eta ikaskuntza uztartzen ditu. Bere diseinuak oinezkoentzako ibilbide irisgarriak, atseden-guneak, naturan oinarritutako jolas-eremuak eta belaunaldi desberdinen arteko topaguneak biltzen ditu. Era berean, ibai-ekosistema hobetzeko, biodibertsitatea indartzeko eta landaredia sustatzeko jarduketak egin dira, herrigunearen eta ingurune naturalaren arteko lotura sendotuz.
Proiektuak hezkuntza-dimentsio nabarmena ere badu. Herritar guztientzako espazio gisa sortua, ingurumen-sentsibilizazioko jarduerak egiteko aukera eskainiko du, eta ikastetxeentzat natura, biodibertsitatea, uraren zikloa eta ekosistemen kontserbazioaren garrantzia ezagutzeko hurbileko baliabide bihurtuko da. Gainera, irisgarritasun unibertsala, berdintasuna, herritarren parte-hartzea eta inklusioa bezalako irizpideak txertatu dira, herritarrekin, tokiko elkarteekin eta hezkuntza-komunitatearekin egindako parte-hartze prozesuaren emaitza gisa.
Bisitan, Gloria Vázquezek adierazi duenez, «klima-aldaketari aurre egiteko modurik onena gure herri eta hirietan natura gehiago txertatzea da. Lasarbe bezalako espazioak berreskuratzeak biodibertsitatea babesten du, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen du eta udalerri osasungarriagoak eta erresilienteagoak eraikitzen laguntzen du».
Era berean, zuzendariak azpimarratu du «Foru Aldunditik jasangarritasuna ekintza zehatz bihurtzen duten proiektuak babesten ditugu. Errekak lehengoratzea, berdegune berriak sortzea eta natura herritarrengana hurbiltzea etorkizuneko belaunaldientzat ere ingurumen-, gizarte- eta hezkuntza-onurak sortzen dituzten inbertsioak dira».
Bestalde, Egoitz Luisa Anoetako alkateak adierazi duenez, «Anoetan, urteak daramatzagu udalerri jasangarriago baten aldeko apustua egiten, eta konpromiso hori gure eguneroko jardunean islatzen da. Lasarbeko parkearen proiektua horren adibide da, baina ez da bakarra. Energia berriztagarrien aldeko apustua edota hondakinen kudeaketa hobetzeko egiten ari den lana, zeinak % 75eko gaikako bilketa tasa lortu duen, herritarrek eta Udalak partekatzen duten konpromisoaren erakusgarri dira».
Alkateak gaineratu du proiektuak garatzeaz gain, proiektu horiek nola garatzen diren garrantzi berezia hartzen duela Anoetan. «Guretzat ezinbestekoa da proiektu guztiak herritarrekin partekatzea eta haien ekarpenak jasotzea; horregatik, ekimen guztiak herritarren parte-hartze zuzena sustatuz lantzen ditugu. Uste dugu erabaki onenak elkarrekin eraikitzen direla. Egiten dugun guztiaren helburua herritarren ongizatea hobetzea, komunitatea indartzea eta herria egitea da. Izan ere, komunitate kohesionatu, parte-hartzaile eta konprometitu batek etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasun handiagoa izango du, eta hurrengo belaunaldiei udalerri jasangarriagoa, sendoagoa eta bizi-kalitate handiagokoa uzteko aukera emango digu».
1058