Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Kultura Departamentuak LABO GEO 2025 aurkeztu du: sei ikuskizun eta dantza garaikideko bi tailer Alkiza eta Larraulen izango dira asteburu honetan

Kultura Departamentuak LABO GEO 2025 aurkeztu du: sei ikuskizun eta dantza garaikideko bi tailer Alkiza eta Larraulen izango dira asteburu honetan

Udalerri bakoitzak tailer bat eta hiru ikuskizun hartuko ditu; guztiak doakoak izango dira eta herritar guztiei irekita egongo dira.

2025/12/11
Cultura

Goizane Álvarez Kultura diputatuak gaur goizean aurkeztu du LABO GEO: Gorputza eta Ondarea programaren bigarren edizioa; dantza eta arte eszeniko garaikideak lurraldeko udalerri txikietara hurbiltzen dituen egitasmoa. 2025eko edizioa abenduaren 12tik 14ra egingo da, Larraulen eta Alkizan, eta kultura, ondarea eta paisaia uztartuko dira sorkuntzarako, topaketarako eta parte-hartzerako asteburu berezia hartzeko.

Aurkezpenean, diputatuak honako hau nabarmendu du: “LABO GEO ekimenak aukera paregabea eskaintzen du kultura Gipuzkoako herri txikietara hurbiltzeko. Ekintza hauek gure udalerri landarren bizitza kulturala aberasten dute, eta aldi berean gure ondare lokala balioan jartzen dute. Funtsezkoa da praktika artistiko garaikideak deszentralizatzea eta gipuzkoar guztiei kultura beren inguruan gozatzea ahalbidetzea”.

Bestalde, LABO GEOren zuzendari Ion Estalak adierazi du “zein agertoki hobe dantza ikuskizun batez gozatzeko gure herrietako ondarea eta ingurunea baino. Berez ikusgarria den oihal natural bat da, eta dantzak gainetik marraztu besterik ez du egin behar magia eta edertasun handiagoa sortzeko”. Estalak gehitu du gainera “lurraldeko artistek sortutako ikuskizunen jarraipen- eta identifikazio-lana egin dugu: talentu berrian jarri dugu arreta, baina ibilbide luzea duten konpainiei ere lekua eginez. Proposamen garaikide eta transgresiboenetatik hasi, gure sustrai eta tradizioekin elkarrizketan daudenetara arte, programa anitza, diziplina anitzekoa eta erritmo handikoa osatu dugu”.

Neguko edizio bat landa-inguruneak berriz deskubritzeko

LABO GEO, 2017tik NODE konpainiak bultzatutako LABO programaren parte da, eta helburua du sorkuntza garaikiderako gune berriak irekitzea, kultura deszentralizatzea eta topaketarako aukerak sortzea artistek, komunitateek eta ondare-inguruneek elkarrekin uztartzen direnean.

2025eko edizioak neguko sasoi betean kultur esperientzia bat proposatzen du, une pribilegiatua natura-paisaiaz, ondareaz eta herrietako bizitza komunitarioaz gozatzeko. Programak adin guztietarako tailer parte-hartzaileak eta aire libreko dantza garaikideko ikuskizunak uztartzen ditu, euskal sortzaile eta konpainia erreferenteek protagonizatuta.

Egitarauan, praktika garaikide eta esperimentaletatik hasi eta sustraiekin eta tradizioarekin elkarrizketan dauden proposamenetaraino doazen piezak daude. Udalerri bakoitzak tailer bat eta hiru ikuskizun hartuko ditu. Tailer eta ikuskizun guztiak doakoak izango dira eta herritar guztiei irekita egongo dira:

LARRAUL

– Tailerra:

• Ostirala, abenduak 12, 17:00etan, Antton Amunarrizen

Irakaslea: Marina Eskisabel

  • Ikuskizunak:
    • Larunbata, abenduak 13, 12:00etan
    • Aldaketa Dantza Konpainia – “Cápsula 0.1”
    • Komorebi Produkzioak – “Zuloa”
    •  Neskena – “Badoa”

ALKIZA

  • Tailerra:
    • Larunbata, abenduak 13, 17:00etan, Liburutegiako salto gelan.
    • Irakaslea: Borja Bordonabe
  • Ikuskizunak:
    •Igandea, abenduak 14, 12:00etan
    • Irene Naranjo – “Jaranda”
    • Amaia Elizaran – “Iraun”
    • NODE – “Basandere”

  

1496