Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Kultura eta Kirol Departamentuak proposatu du eskola kirola pandemia egoerara egokitzea

Kultura eta Kirol Departamentuak proposatu du eskola kirola pandemia egoerara egokitzea

Lehiaketak urtarrilera arte atzeratuko dira. Kirol jarduerak kontaktu fisikorik gabe eta ingurune seguruetan egiten hastea proposatzen da.

2020/09/04

Harkaitz Millan: “Kirol jarduerak erabat murrizteak ondorio kaltegarriak ditu, gazteen aisia eta gizarte-harremanak kirola baino onura gutxiagoko jardueretara bideratzen baititu”.

Kultura eta Kirol Departamentuak ikastetxeei, kirol eragileei eta ikasleen gurasoei proposatuko die eskola kiroleko kontaktu fisikorik gabeko entrenamenduak eta jarduerak mantentzea, kontuan hartuta jarduera fisikoa eta kirola hertsiki lotuta daudela haurren osasuna eta ongizate psikologikoa mantentzearekin.   Proposamenaren berri emateko, ikastetxeekin, kirol klubekin eta hezkuntza komunitateko beste eragile batzuekin harremanetan jarriko da departamentua, onartutako segurtasun protokoloak aplikatzeko behar diren baliabideak dituztela ziurtatzeko.

Era berean, proposamena azaltzeko, kontsulta txanda bat egingo da datorren astean zehar, Lurralde Kontseiluarekin, udalekin, ikastetxeetako eskola kiroleko koordinatzaileekin, kirol federazioekin, kirol klubekin eta guraso elkarteekin.  Bilera horien helburua da ziurtatzea ikastetxeek behar diren bitartekoak dituztela segurtasuneko protokoloak aplikatzeko.

Foru Aldundiak kontuan izan du eskola kirola bertan behera uzteak kalte egingo liekeela aukera ekonomiko txikiagoak dituzten ikasleei, kasu askotan, garapen emozional eta sozialerako oinarrizkoak diren eskolaz kanpoko jarduerak egiteko aukerarik gabe geldituko liratekeelako.  Halaber, kontuan hartu da nesken kirolean eragin bereziki negatiboa izango lukeela, neskek kirola azkarrago uzteko joera dutelako. 

Kirol jarduerara itzultzean, kontaktu fisikorik eskatzen ez duten eta parte hartzaileen segurtasun distantzia une oro errespetatzen duten jarduerak egingo dira, eta lehiaketa jarduerak datorren urtarrilera arte atzeratuko dira.  Irizpide horiek, segurtasun protokolo zabal batekin batera, udako hilabeteetan hezkuntza eta osasun arloko adituen laguntzarekin prestatutako planean ezarri dira, ikasturtearen hasierari begira.

Parametro horiek errespetatuz, Kultura eta Kirol Departamentuak uste du ikastetxeak ingurune seguruak direla kirola egiteko.  Kontsulta txanda datozen asteetan egingo da eta izena emateko epea irailaren 21ean ireki eta abenduaren 30ean itxiko da.    Eskolako kiroleko jarduerak urriaren 1ean hasiko dira, aurreko urteetan bezala, betiere Covid-19ak eragindako pandemiaren bilakaera kontuan izanda.

Harkaitz Millan Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu du Covidek eragindako egoera honetan oso garrantzitsua dela haurrek eta gazteek dituzten hezkuntza, aisia eta sozializazio aukerei eustea  ingurune ordenatu, babestu eta seguruetan.   Kirol jarduerak erabat murrizteak ondorio psikologikoak ditu eta kalte egiten dio ongizate emozionalari, eta, batzuetan, ondorio kaltegarriak eragiten ditu, gazteen aisialdia eta gizarte harremanak kirola bezain onuragarriak ez diren eta birusa kutsatzeko arrisku askoz handiagoa duten jardueretara bideratzen baitira, opor garaian ikusi ahal izan denez. "Ingurune seguruetan egiten den kirola aliaturik onenetakoa da haurrek eta, oro har, herritarrek beren osasuna eta egoera fisikoa hobetzeko eta pandemiak sortutako egoera ahalik eta modu osasungarrienean gainditzeko".

 

 

  

1372