Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Kutxa Fundazioaren Arte Ederren bildumako 1.200 lan baino gehiago ‘Gordailua’ zentroan gordeko dira

Kutxa Fundazioaren Arte Ederren bildumako 1.200 lan baino gehiago ‘Gordailua’ zentroan gordeko dira

Lankidetza-hitzarmenean gainera, ikerketa beka bat aktibatuko da ondarearen kontserbazioaren arloan, eta artxibo dokumental bat eta arte garaikideko laborategi bat sortuko dira.

2020/11/12

Harkaitz Millan, Kultura diputatua “hitzarmen honen bidez, Gordailua hazten jarraitzen du, lurraldeko arte eta kultur ondarea zaindu, zaharberritu eta balioa emateko erreferentzia gisa”.

Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko zuzendaria, “gure bilduma Gordailuan gordetzen, Gipuzkoako arte bilduma handi bat eraikitzen lagunduko dugula espero dugu”.

Kultura departamentuak eta Kutxa Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Kutxa Fundazioaren Arte Ederren bildumako obra garrantzitsuenak Gordailuan uzteko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroan.

Kutxa Fundazioaren Arte Ederren Bilduma da Kutxak eta bere aurrekoek, Udal Aurrezki Kutxak eta Aurrezki Kutxa Probintzialak, osatutako bildumaren oinordekoa.  5.500 bat piezaz osatuta, bilduma honek euskal artea du ardatz, batez ere gipuzkoarra, XIX. mendearen amaieratik gaur egun arte; hau da, erakundearen historian zehar sortutako Artearen isla izan nahi duen bilduma da. Gordailuan bilduma horretako 1.200 lan baino gehiago gordeko dira, balio kultural eta artistiko handiena dutenak.

Gordailuak, ondarea kontserbatzeko erreferentziazko zentroa den aldetik, piezak egoera ezin hobean kontserbatzea bermatuko du, eta, gainera, beste museo eta erakunde batzuentzako baliabide-zentroa eta zerbitzu-plataforma denez, bildumari ahalik eta zabalkunderik handiena ematea sustatuko du. Bokazio soziala duen zentro publikoa denez, Gordailuak Kutxa Fundazioaren ondarean interesa izan dezaketen ikertzaileei sarbidea erraztuko die, baita eraikinean dauden gainerako bilduma guztietara ere.

Bilduma berri honekin, Gordailuak bere instalazioetan gordetzen dituen balio handiko ondare etnografiko eta artistikoen funtsak gehitzen ditu, Gipuzkoako kultura eta gizartearen adierazgarri diren 70.000 bat piezaz osatuak.  Horri gehitu behar zaio Gipuzkoako lurraldeko gordailu arkeologikoa, material arkeologikoa eta paleontologikoa biltzen duten 10.000 kutxa.

Bestalde, ekintza honek indartu egiten du Kutxa Fundazioak bere ondare artistikoa kontserbatu eta balioan jartzeko agente aktibo izateko duen bokazioa.  Ildo horretan, duela gutxi abian jarri du artelanak eskuratzeko programa bat, bere ondarea indartzeko eta Gipuzkoako sektore artistikoari egungo egoera zail honetan laguntzeko helburuarekin. 

Kutxa – Gordailua program

Lankidetza horren esparruan, bi erakundeek "Gordailua-Kutxa Programa" izenekoa jarriko dute abian. Programa hori urtero adostuko da, eta Gipuzkoako Kultura Ondarearen kontserbazioa, ezagutza eta zabalkundea sustatu nahi ditu.

Hauek dira landuko diren lehen proiektuak:

Kutxa Fundazioak lankidetzan jardungo du Kultura departamentuko Gordailuaren bildumak hedatzeko eta haien balioa nabarmentzeko, bere erakusketa-espazioen programazioetan.

Ikerketa beka.  Bikaintasunean trebatzeko beka bat, ondarearen kontserbazioaren eta jasangarritasunaren arloan.  Arautu gabeko prestakuntzarako beka hori praktikak egiteko egonaldietarako izango da, Espainian edo nazioartean ospe aitortua duten bildumak kontserbatzeko eta/edo biltegiratzeko zentroetan.

 

Prestakuntza hori hurrengo urtean osatuko da, bekadunek Gordailuan egingo duten egonaldiarekin.

Arte Garaikideko materialen artxibo dokumentala eta laborategia sortzea. Bi erakundeek beren jardueretan lan egiten duten artisten informazioa bilduko dute, eta elkarrizketak egingo dituzte haien lanen produkzio teknikak eta kontserbazio premiak aztertzeko. Helburu berarekin, artistek erabilitako materialak bilduko dira materialen laborategi bat sortzeko.

Etorkizunean, programak kontserbazioko esku-hartze eredugarriak ere egin ditzake arazo espezifikoak dituzten eta ikerketa-lan egokiak behar dituzten obretan, Kutxa Fundazioaren finantzaketaren bidez.

 

 

  

1320