Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Zegama-Aizkorri 22. lasterketa 2023ko maiatzaren 14an ospatuko da

Zegama-Aizkorri 22. lasterketa 2023ko maiatzaren 14an ospatuko da

Aurre-izenemateak irekiko dira urtarrilaren 16an 12:00etan, eta dortsalen zozketa otsailaren 24an izango da.

2023/01/13
Iker Goiria, Turismoko zuzendaria, lasterketako arduradunekin batera.

Zegama-Aizkorrik itxura hartzen du zerumugan. Mendi maratoirik enblematikoena dela esaten denarentzat dagoeneko bada 22. ediziorako data. Maiatzaren 14an izango da, non ehunka zalek korrikalariak hegan eramango dituzten Sancti-Spiritu bezalako mundu mailako ikur diren parajeetan zehar. Probak urtetik urtera aurre inskripzioen errekorra hausten du, eta 2022ko ediziorako (aurre inskripzioa eta zozketa 2020an egin ziren) 12.500 eskaera baino gehiago egin ziren 225 plazetarako.

Maratoiko dortsal gutiziatuak eskuratzeko aurre izenemateak urtarrilaren 16an irekiko dira, eguerdiko 12:00etan, rockthesport.com izenemate plataforma eta lasterketaren web orriaren bitartez. 10 egunez, parte hartu nahi duen orok izena eman ahal izango du maratoiaren dortsal bat eskuratu ahal izateko; urtarrilaren 30ean, berriz, kilometro bertikalerako eta junior trailerako epea irekiko da. Dortsalen zozketa otsailaren 24an egingo da.

Bi urtez bertan behera geratu ondoren, munduko mendi maratoirik esanguratsuena 2022an itzuli zen errekor edizio batekin: Kilian Jornetek eta Nienke Brinkmanek lortu zuten garaipena 2017ko errekorrak hautsiz, 3h36.40 eta 4h16.43 denborarekin, hurrenez hurren. Eta audientzia-errekorra ere izan zen: Maratoiaren lehen emanaldi osoa zen hartan, Youtubeko historian bistaratze gehien izan zituen gaztelaniazko trail lasterketa bihurtu zen. Mendi maratoia lau hizkuntzatan jarraitu ahal izan zen zuzenean Teledeporte, Euskal Irrati Telebista (EITB), TV3-Esports3 eta ingelesez eskaini zuen Golden Trail World Series bere Youtubeko katearen bidez. 900.000 ikuslek jarraitu zuten emankizuna zuzenean, 

Gaur Foru Aldundian egindako aurkezpenean eman dituzte lasterketaren lehen xehetasunak. Bertan izan dira Iker Goiria Turismoko goru zuzendaria, Joseba Izagirre Zegamako alkatea, eta Maialen Arizkorreta probako arduraduna. Goiriaren esanetan,  "Zegama-Aizkorri erabat lerrokatuta dago Diputazioa lantzen ari den estrategia turistikoarekin; izan ere, 1.500 biztanleko herria Estatuko eta nazioarteko mapan kokatzeaz gain, proba honen indarrak ehunka bisitari erakartzen ditu urtean zehar, turismoa deslokalizatuz eta, batez ere, Zegaman bertan zein Goierriko eskualdean inpaktu ekonomikoa sortzea lortuz". Zuzendariak, halaber, lasterketa honek ezagutzera ematen dituen identitate-balioak eta erakargarritasun naturalak nabarmendu nahi izan ditu, “ingurumenarekiko errespetua, turismo aktiboa eta benetakotasuna sustatuz, kanpora begira Gipuzkoaren berezitasuna indartzen baitute”.

Joseba Izagirrek, berriz, hauxe nabarmendu du: “Zegamak herria du oinarri eta helburu. Gizartean zebait balore, galtzen ari direnak, bultzatu nahi ditu: auzolana, parte-hartzea, izaera komunitarioa... Herritarrak maratoiaren ardatz izatea da gure helburu nagusia, haiek gabe ez litzatekeelako posible izango. Herri bat dugu atzetik eta horri eusten saiatuko gara, munduko zalego onenaren babesarekin”. Udalerri txikiak aldarrikatu ditu ere: “Herri txikiok eguneroko borroka dugu geroa bermatzeko. Gure burua erakusteko bidea da hau, Gipuzkoan, Euskadin eta munduan gure lekua bilatzekoa, gure bizimodua ezagutaraziz eta gure natura eta paisaiak balioan jarriaz, modu jasangarri batean. Eskerrak eman nahi dizkiet ere gure babesleei, erakundeei eta irteera lerroan egoteko ilusioa duten guztiei”. 

Guztira 500 partaide izango ditu lasterketak. “Eskaria askoz handiagoa da, baina parke naturala zaintzeko eta logistika posible egiteko, hor jarri dugu muga”, adierazi du Alberto Aierbek. 500 dortsal horietatik 225 zozketatuko dira, eta 125 aurreko edizioetako denbora onenentzat izango dira. Juniorren lasterketarako, berriz, 100 dortsal egongo dira 16-18 urte bitarteko neska-mutilentzako. Bolondresen lana azpimarratu du Aierbek: “500 izaten ditugu, eta askoz gehiago prest daudenak laguntzeko. Hau da gure bereizgarria, harro sentitzekoa da. Lasterketa handiek antolakuntza profesionala eduki ohi dute, baina gure eredua hau da”. Plastikoen murrizketan eta natur-ondarearen zaintzan antolakuntzak egindako lana ere aipatu du: “Publizidade hesietan, seinalizazioan… ia guztiz kendu dugu, ezinbestekoa den puntu batzuetan izan ezik. Ur botilak birziklatzen ditugu gero eskolentzako umeentzako boligrafoak egiteko. Etortzen diren ikusleen kontzientziazioa ere eskertu nahiko nuke, iaz jaso genituen hondakinak bi eskutan kabitzen ziren”.  

Zegama 2023rako datak

2023ko urtarrilaren 16an 12:00etan: XXII. Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren aurre izenematea.
2023ko urtarrilaren 30ean 12:00etan: IX. Zegama-Aizkorri kilometro bertikalaren eta XII. Zegama-Aizkorri Junior Trailaren aurre izenematea.
2023ko otsailaren 24an:
 Dortsalen zozketa.
2023ko maiatzaren 12an: IX. Zegama-Aizkorri kilometro bertikala
2023ko maiatzaren 14an: XXII. Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta XII.en Zegama-Aizkorri Junior Traila.

  

4497