Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour LABe: gastronomia digitalaren berrikuntza laborategai

LABe: gastronomia digitalaren berrikuntza laborategai

Aldundia, Donostiako Udala, Eusko Jaurlaritza, Basque Culinary Center eta Tabakalerak gaur aurkeztu dute Etorkizuna Eraikizen parte den proiektua

2018/07/26

Gastronomia digitalaren berrikuntza laborategi bihurtuko du Tabakalerako prisma LABe proiektuak, Gipuzkoa alor honetan nazioarteko erreferente bilakatzea xede duen azpiegitura. Etorkizuna Eraikizeko erreferentzia zentroetako bat da ekimena, eta Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Udalak finantzatu eta Basque Culinary Centerrek (BCC) kudeatuko du. Lanen diseinu eta exekuzioaren esleipena bihar bertan egingo da publiko eta, aurreikuspenen arabera, jatetxe digitala barne hartzen duen azpiegitura berria 2019ko lehen seihilekoan egongo da martxan. Aurten eta datorren urtean, guztira 2,3 milioi euro inbertituko dira proiektuan.

            Tabakalerako Patio aretoan egin den ekitaldi batean aurkeztu da gaur LABe. Bertan egon dira proiektua bultzatzen duten eragileetako eta gastronomiaren sektoreko ordezkariak, eta baita enpresa espezializatuak, ostalaritza sektorea, jakien transformazio eta banaketan diharduten konpainiak eta B+G esparruko eragileak ere. LABe kokatuko den guneak bi solairu ditu, eta 1.400 metroko karratuko espazio erabilgarria. Bertan, gastronomia arloko produktu eta zerbitzuen prototipoak egiteko ikerketa laborategia, teknologia oinarri duten startup-en hub-a eta teknologia berriekin esperimentatuko duen 4.0 jatetxe aurreratua egongo dira. LABe-ren estrategiaren definizio eta diseinuan industriak ere hartu du parte, batez ere ACEDE osagarrien klusterraren bitartez, eta baita Ostalaritza Elkarteak ere.

            Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok, bere hitzaldian, gogoratu du gaur egun lurraldea mundu mailako erreferentea dela gastronomiaren arloan. Gainera, lurraldeak esparru honetan dituen tradizio, talentu eta jakintza nabarmendu ditu: “Gure nortasunaren parte da, DNAn daramagu”. Hala ere, ohartarazi du egoera egun batetik bestera aldatu daitekela, baldin eta ez bada ezer ere egiten. “Orain arte ondo egin izanak ez du biharko arrakasta bermatzen”, adierazi du. Gehitu duenez, gaur egungo mundua etengabeko iraultza digitalean bizi da, sektore guztiei eragiten ari den aldaketa prozesuan, eta gastronomia ez da salbuespena: “Etorkizuneko jatetxea ate joka dugu, teknologia bezeroa eta kudeaketaren zerbitzura jarriz”.

            Erronka honen aurrean, diputatu nagusiak aliantzak ehundu eta esperimentazio aktiboa erabiltzearen alde egin du, Etorkizuna Eraikizen ezaugarri nagusietako bi. Proiektu honetan, “denon artean ari gara Gipuzkoako etorkizuna eraikitzen, eta biharko gastronomia ere denon artean diseinatuko dugu”, esan du, LABe egitasmoan inplikatutako administrazio eta eragile ekonomiko ezberdinei aipamen eginez. “Esperimentatu, frogatu, kale egin eta asmatu. Hau da gure apustua, Gipuzkoaren gastronomia arloko ezagutza, talentua, gaitasunak eta lidergoa berritzeko”, nabarmendu du.

            BCCko zuzendari nagusi den Joxe Mari Aizegak, bere aldetik, azpimarratu du zuzentzen duen erakundeak “gastronomiaren potentziala garatzera bideratutako heziketa, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetza ekosistema” sortu duela. Horrela, BBC Innovationek egiten duen lana nabarmendu du, aurten Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarean akreditatu den zentro teknologikoa, etorkizuneko eraldaketei aurre hartu eta sektorearen lehiakortasunaren alde egitea du helburua duena. “Gastronomia eta sukaldaritza arloetara ere iritsi da sektore ekonomiko eta sozial guztiei eragiten ari zaion transformazio digitala. LABe-k berrikuntza eta esperimentaziorako gunea sortuko du, gastronomiaren eraldaketa digitala gauzatzeko”, adierazi du.

            Tabakalerako zuzendari nagusi den Edurne Ormazabalek, bere aldetik, esan du kulturgunearentzako oso albiste positiboa dela LABe martxan jartzea. Adierazi duenez, gastronomia digitalaren berrikuntza laborategia “bat dator Tabakaleraren lerro estrategikoekin: sormena bultzatu, nazioartekotzea sustatu, berrikuntza eta esperimentazioa, industria kultural eta sortzaileekin lankidetza lerroak indartu eta sarean lan egitea. Azken finean, kulturaz eta kulturarekin gozatu”. Gogoratu duenez, Tabakalerak zinema, ikus-entzunekoak eta arte garaikidea ditu zutabe nagusia gisa baina, orain, LABe abian jarri ostean, bere lan esparrua zabaltzen du, gastronomia arloko industria sortzaile eta kulturaletara”.

            Azkenik, Donostiako alkate den Eneko Goiak azpimarratu duenez, proiektuaren eta Tabakaleraren arteko bat egitea ona izango da, eta ondorioz, hiriarentzako ere ona izango da. “Gure sustraiak kontuan dituen etorkizuneko proiektu berritzaile honek kokapen ezinhobea izango du Tabakalerako prisman, hain zuzen ere, duela urte gutxitik hiriaren beste ikuspegi bat ematen digun prisma. Eta BCC eta Tabakaleraren arteko sinbiosiak emaitza onak ekarriko ditu, proiektua indartuko baitute”. Hortaz, Eneko Goiak honakoa esan du: “Donostia gastronomian erreferente da eta kultura-industria indartsua du. Gainera, gastronomia gure kulturaren zati garrantzitsua da, beraz, bien arteko loturari esker sortuko den proiektua iragana eta oraina izango da, Tabakalerarentzat, BCC-rentzat, hiriarentzat eta lurraldearentzat”.    
  

1730