Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Lanbide-heziketako hamaika ikastetxek beren talentua erakutsi dute "Ekonomia zirkularra modelatzen" edizio berrian

Lanbide-heziketako hamaika ikastetxek beren talentua erakutsi dute "Ekonomia zirkularra modelatzen" edizio berrian

"Ekonomia zirkularra modelatzen" erakusketan lurraldeko lanbide-heziketako hamaika ikastetxetako ikasleek sortutako eskulturak biltzen ditu, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan birziklatutako materialak arte bihurtzeko.

2025/11/28
Modelando la Economía Circular

José Ignacio Asensio: “Ekonomia zirkularra ikasgeletan hasten da. Eskultura bakoitzak dagoeneko abian dagoen kultura-aldaketa bat islatzen du, hondakinak aukeratzat hartzen dituen gazteena. Horrelako ekimenek aukera ematen diete belaunaldi berriei gaitasun teknikoak eta ingurumenekoak garatzeko, eta trebetasun horiek ezinbestekoak izango dira beren etorkizun profesionalerako gero eta jasangarriagoak diren sektoreetan”.

"Ekonomia zirkularra modelatzen" erakusketa sormenerako eta ingurumen-kontzientziarako gune bihurtu da berriro, lurraldeko lanbide-heziketako hamaika ikastetxek parte hartuta. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak sustatu du, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen esparruan, eta ikasleek birziklatutako eta pieza artistiko bihurtutako materialetatik sortutako eskulturak biltzen ditu.

Proposamen honen helburua da eredu zirkular baterako trantsizioan hezkuntzak betetzen duen funtsezko eginkizuna ikusaraztea. Eskuzko lanaren, esperimentazioaren eta berrikuntzaren bidez, gazteek erakusten dute posible dela hondakinei bigarren bizitza ematea eta balioa duten baliabide bihurtzea.

Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok balioa eman dio ikasleen eta irakasleen inplikazioari sormena, prestakuntza eta ingurumen-kontzientzia uztartzen dituen proiektu batean: “Ekonomia zirkularra ikasgeletan hasten da. Eskultura bakoitzak dagoeneko martxan dagoen kultura-aldaketa bat islatzen du: hondakinak aukeratzat hartzen dituen gazteena. Horrelako ekimenek aukera ematen diete belaunaldi berriei gaitasun teknikoak eta ingurumenekoak garatzeko, eta trebetasun horiek ezinbestekoak izango dira beren etorkizun profesionalerako gero eta jasangarriagoak diren sektoreetan".

Edizio honetan ikastetxe hauek parte hartu dute: CIFP Kardala LHII (Mutriku), Izarraitz Lanbide Heziketa LHII (Azkoitia), Peñascal Kooperatiba (Tolosa), Ortzadar Ikastetxea (Donostia), Oteitza Lizeo Politeknikoa (Zarautz), CPIFP La Salle Berrozpe LHIPI (Andoain), Mendibil Formazio Zentroa BHIP (Irun), Meka Lanbide Eskola (Elgoibar), Oñati BHI (Oñati), Aretxabaleta Lanbide Eskola (Aretxabaleta) eta Easo Politeknikoa (Donostia).

Sariak emateko ekitaldian, Okendo plazako "GK Recycling" karpan, hamaika ikastetxe horiek egindako lana aintzatetsi da, eta ekimenaren hezkuntza- eta komunitate-balioa nabarmendu da. Eskulturek askotariko ikuspegiak erakusten dituzte, hala nola kontsumoari buruzko hausnarketa artistikoak eta naturaren eta industriaren arteko orekaren irudikapen sinbolikoak.

Jasangarritasun Departamentuak azpimarratzen du ekonomia zirkularra apustu estrategikoa dela lurralde bidezkoago, berritzaileago eta erresilienteago baterantz aurrera egiteko. Sektore horrek 10.000 enplegu inguru sortzen ditu gaur egun, eta BPGaren % 10 inguruko ekarpena egiten du, enplegu berdearen eta ekoizpen-modernizazioaren motor gisa finkatuz.

"Ekonomia zirkularra modelatzen" jendearentzat zabalik egongo da Hondakinak Prebenitzeko Europako Aste osoan, eta materialen balioari, gure ohituren inpaktuari eta etorkizun jasangarriagoa eraikitzeko gazteek duten zereginari buruz hausnartzera gonbidatuko du.

  

1943