Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Lourdes Iriondo Mujikak Gipuzkoako Urrezko Domina jaso du, euskal kulturgintzari egindako ekarpen “ausart eta aitzindariagatik”

Lourdes Iriondo Mujikak Gipuzkoako Urrezko Domina jaso du, euskal kulturgintzari egindako ekarpen “ausart eta aitzindariagatik”

Haren heriotzaren 20. urteurrenean, lurraldeko aitortza nagusia jaso du kantari eta idazle urnietarrak; Eider Mendoza diputatu nagusiak “euskara eta euskal kulturgintzaren garapenean” emakume sortzaileek izan duten garrantzia aldarrikatu du

Gipuzkoako Foru Aldundia

Lourdes Iriondo Mujika (1927-2005) kantari, idazle eta irakasleak Gipuzkoako Urrezko Domina jaso du gaur arratsaldean, haren heriotzaren 20. urtemuga gertu  den honetan. Eider Mendoza diputatu nagusiak lurraldeko aitortza nagusi postumoaren oroigarria eskaini die Maria Angeles eta Maria Jesus Iriondori, haren ahizpak izanik, Lourdesek euskarari eta euskal kulturgintzari bere bizitza ibilbidean egin zion “ausart eta aitzindariagatik”. “Errekonozitu nahi dugu kantagintzan, antzerkigintzan, haur literaturan eta euskararen transmisioan eta komunitate bizitzan Gipuzkoari eta Euskal Herriari emandako guztia”, berretsi du.

Ez dok amairuri erreferentzia eginez, Lourdes Iriondo “euskal kulturaren eta hizkuntzaren susperraldia” eragin zuen “kantari eta artista talde” errepikaezin bateko “erreferente nagusienetakoa” izan zela gogorarazi du diputatu nagusiak. “Euskara erdigunean jartzea, talde lanean eta berrikuntzan ausardiaz ekitea, sortzaileek herri bizitzan behar duten plazari, prestigioari eta ordainari erreparatzea, mundu zabaleko abangoardia kulturalekin zubiak eraikitzea… Iriondoren lanak eta bizitzak ezin hobeto mamitzen ditu balio horiek guztiak”, nabarmendu du.

“Haren ahotsak eta irudiak –plazaren erdian emakumea kantari, gitarra lagun–,  euskara hutsean egindako kantaldiek eta diskoek, arrasto sakona utzi zuen hainbat belaunaldiren iruditerian. Orduko gizartean hain erroturik zeuden oztopo eta estereotipoez gaindi, bere burua eta gorputza fokuen argipean kokatzeko ausardia eta indarra eduki zuen. Berdintasunaren ikuspegitik ere, aitzindari”, deskribatu du diputatu nagusiak eta “euskara eta euskal kulturgintzaren garapenean” emakume sortzaileek izan duten garrantzia aldarrikatu du.

Diputatu nagusiak aipagai izan ditu, era berean, Urnietako idazleak eta kantariak sortutako “doinuak, kantak, antzezlanak eta ipuinak”, hizkuntzaren transmisioan “bihotzeraino” iristen direnak. “Nabarmena da haren sormen koloretsua, bide berriak irekitzeko grina, formatu berriak frogatzeko gogoa”, berretsi du.

“Bide berriak” euskararen biziberritzean

Mendozak adierazi duenez, euskararen biziberritzean “jauzia emateko tenorean” gauden honetan, “elkarlanean” definitu eta gauzatu beharreko lehentasunen artean behar du “euskaraz sortutako kulturak”, batetik. “Sorkuntza horretan bide berriak bilatzeko gonbitea da, bere horretan, Iriondoren beraren ibilbidea: izan kantagintzan, izan literaturan, izan antzerkigintza”, azaldu du. “Bestetik, hizkuntzaren transmisioari arreta berezia eskaini beharrean gaude, bizi ditugun eraldatze sozial sakonen testuinguruan”, gehitu du.

“Ez zaitugu nahi bitrina batean, ez. Ezta ere, bakarrik argazkien zuri beltz ederrean. Nahi zaitugu etenik gabeko ibilian, etengabe berritzen den kultur sorkuntzaren iturrian. Hori izango da zure ondare bizia badabilen seinale. Gure hizkuntza bera badabilen seinale. Zutaz oroit, abestuko dugu kantuz sortu ginela eta kantuz nahi dugula bizi. Oztopoak oztopo, euskaraz nahi dugula sortu eta bizi. Etorkizunean ere, izan nahi dugula komunitate, izan nahi dugula herri. Eta, guztiok batera, lortuko dugula”, amaitu du.

Ezinbesteko zutabe

Mariasun Landak egin du Lourdes Iriondoren laudatioa eta, aldarrikatu duenez, hura gogoratzea “ez da iraganeko irudi bat berreskuratzea soilik”. “Gure hizkuntzaren eta gure kulturaren berreskurapenean ezinbesteko zutabe izan zen emakume bati aitortza egitea da. Bere kantuetan, bere antzezlanetan, bere narrazioetan eta bere bizitzeko modu koherentean bizirik jarraitzen du, eta haren izarrak, izarren antzera, bidea argitzen segitzen du oraindik ere”, gaineratu du. Familiaren izenean, Lourdes Iriondoren ahizpek jaso dute Urrezko Domina eta, ondoren, haren lehengusu Joxe Mari Iriondok eskaini ditu esker onezko hitzak.

Urrezko Domina emateko ekitaldia ohorezko ezpata dantzarekin hasi da Gipuzkoa plazan. Ondoren, ohorezko Iargi Aretoan, Alaia Martinen bertsoak egin die harrera gonbidatuei eta, ondoren, Lourdes Iriondoren beraren kantuekin tartekatu dira hitzaldiak, Ainara Ortegak (ahotsa), Anjel Unzuk (gitarra), Mikel Azpirozez (pianoa) eta Juanan Urrizak (bateria) eskainita. Buruntza Azpian antzezlanetik hasita (Borobil Teatroa), Loa loa ttuntturrun berde, Isiltasuna, Gaua, Hala ere, Agurra eta Errota zaharra abestiekin gozatu ahal izan dute gonbidatuek.

Bertaratu direnen artean, Lourdes Iriondoren senide eta familiako kideak eta euskal kulturgintzaren ordezkaritza zabala izan da. Batzuk, 1960ko eta 1970ko ikuskizunen parte izandakoak, tartean Joxe Anjel Irigarai, Nekane Oiarbide eta Julian Beraetxe (Ez dok amairu); Oskarbi taldeko Maite Aizkorreta, Jose Luis Treku, Iñaki Maritxalar, Mari Jose Fernandez, Karmelo Arren, Itziar Maritxalar eta Antton Valverde; eta Zazpiribai ikuskarian Iriondoren plazakide izandako Peio Ospital, Pantxoa Carrere eta Pantxika Erramuzpe. Publikoan izan dira, besteak beste, Joxean Goikoetxea musikaria, Angel Lertxundi idazlea, Anartz Zuazua antzezlea, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, Idoia Garzes eta Inge Mendioroz zinemagileak (Ez gera alferrik pasako dokumentalaren egileak).

Erakunde ordezkaritzari dagokionez, ekitaldian izan dira Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, batzarkide taldeen ordezkaritza batekin batera; Jon Insausti eta Jorge Segurado –azken hau Lourdes Iriondoren iloba– Donostiako eta Urnietako alkateak, hurrenez hurren. Era berean, azken urteotan Gipuzkoako Urrezko Domina jaso duten pertsona ezagunak ere ez dira falta izan, hala nola, Andres Arizkorreta, Jose Mari Sors (Elkar taldea), Iratxe Pascual (Aspegi), Jose Antonio Urbeltz, Pedro Miguel Etxenike, Lorea Agirre (Jakin taldea) eta Miriam Urkia (Euskaltzaindia), nahiz kulturgintza, euskalgintza eta ekonomiaren alorreko hainbat ordezkari, Ana Urkiza (Eusko Ikaskuntza), Ana Zubiaga (Jakiunde), Idurre Eskisabel (Kontseilua), Ainhoa Urien (Bertsozale Elkartea), Bixente Atxa (Mondragon Unibertsitatea), Paul Liceaga (ADEGI), Mauri Arregi (Ganbera), Zenon Vázquez (Elkargi), Ander Aizpurua (Kutxa Fundazioa), eta Pello Rodriguez eta Iñigo Ucín (Mondragon). Baita ere, Minbiziaren Aurkako Elkarteko Pedro Esnaola eta Julia Salaverria, eta Deustuko Unibertsitateko errektore Juan Jose Etxeberria, eta Raul Anton eta Agustin Erkizia ere, Tecnun-en eta UPV/EHUren izenean, hurrenez hurren.

Lourdes Iriondo, hizkuntzaren transmisioan bidegile

Lourdes Iriondo kantagile, idazle eta irakaslea izan zen, eta Ez dok amairu mugimendu abangoardistaren sortzaile eta kideetako bat. Mugimendu horrek euskal kantagintza eraldatu eta euskal kulturaren susperraldian eragin handia izan zuen, garaiko beste hainbat talde, artista eta musikarirekin batera. Iriondoren ahotsak eta irudiak –plazaren erdian emakume kantari bat, gitarra lagun– arrasto sakona utzi zuen belaunaldi askotan. Bakarka, zein bikotekide zuen Xabier Leterekin batera ala beste hainbat artista handirekin, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan euskal herritarren memorian txertatuta geratu diren hainbat abesti sortu zituen, kontzientziak piztuz eta miresmena eraginez.

Halaber, Iriondok ekarpen oparo eta aitzindaria egin zuen antzerkigintzan eta haur literaturan ere. Hainbat adituren esanetan, mugarri izan zen euskararen transmisioa belaunaldi berrietara zabaltzeko ahaleginean. Bizitza osoan zehar Euskal Herriarekin, euskararekin, haurrekin eta gazteekin zein bere gertuko komunitatearekin konprometitutako pertsona izan zen.

Urrezko Domina Foru Aldundiak ematen duen aitorpen gorena da, eta 1982an eman zen lehen aldiz. Hauek dira orain arte saritutako pertsonak eta kolektiboak: Jose Miguel Barandiaran (1982), Manuel Lekuona (1983), Orfeon Donostiarra (1985), Eibarko Armeria Eskola (1987), Carlos Santamaria (1991), Euskaltzaindia (1994), Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Juan Mari Arzak (1998), Iñaki Gabilondo, Juan Celaya eta Jose Maria Setien (2003), Menchu Gal, Xabier Arzalluz eta Arrasateko kooperatiba mugimendua (2005), Pedro Luis Uriarte, Carlos Garaikoetxea eta Jaime Garcia Añoveros (2005), Pedro Miguel Etxenike, Itziar Astiazaran eta Andoni Egaña (2006), Mikel Laboa (2008), lehen ikastoletako andereñoak (2009), Angel Olaran (2010), Nestor Basterretxea, Egunkaria eta Egin (2013), Benito Lertxundi (2014), Gipuzkoako harrera familiak eta Ordena Publikoko Auzitegiak kondenatutako gipuzkoako emakumeak (2014), XX. mendeko 40, 50 eta 60ko hamarkadetan Espainiatik Gipuzkoara etorritako pertsonak (2015), Juan Antonio Urbeltz (2015), Ramon Saizarbitoria (2016), frankismoaren biktimak (2017), Jakin taldea (2018), Aspegi (2019), Donostiako Matia kaleko Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioa (2021), Elkar Taldea (2022), Andrés Arizkorreta García (2023) eta Marisa Arriola (2024).

  

2879