Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Maite Peña: ”Gipuzkoako gizarte inklusioaren agenda martxan jarri da Elkar-EKIN planari esker”

Maite Peña: ”Gipuzkoako gizarte inklusioaren agenda martxan jarri da Elkar-EKIN planari esker”

Aldundiak Batzar Nagusietan aurkeztu du gizarteratze plan berria, Gipuzkoa ”gizarte ezberdintasun txikiena” duen lurraldea izan dadin, Europa mailan ”errefente bihurtu” den moduan bai ”menpekotasuna bai desgaitasuna zantzeko moduagatik”

Gipuzkoako Foru Aldundiak Elkar-EKIN 2016-2020 Gipuzkoako Gizarteratze Plan berria aurkeztu du gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Unibertsitate, elkarte eta hirugarren sektoreko entitateen eskutik plan honek, onuradunei, gizarteratze eta lan munduan barneratzeko aukerak sortuko dizkie, bakoitzarentzat egokituak izango diren programekin. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak nabarmendu du  urte honetan bertan “1.500 onuradun zuzen izango” dituela Elkar-EKINek”. Baita gaineratu ere plan honek “hasiera eman” diola gizarteratzearen agendari Gipuzkoan: “Gipuzkoa gizarte ezberdintasun txikiena duen lurraldea izatea nahi dugu. Eta hori da, hain zuzen ere, plan honek bilatzen duena” azpimarratu du diputatuak. “Plan honen bitartez, Aldundiak bere gain hartu du lan hau guztiaren buru izatea eta koordinatzea, denon artean Gipuzkoa inklusibo eta soliarioago bat lortu dezagun”.

Horren harira Peñak nabarmendu du gaur egun Gipuzkoa Europan “erreferente” bihurtu dela, “bai menpekotasuna bai desgaitasuna zaintzeko moduagatik, baita adin txikiokei egindako arretagatik ere”. “Beraz, garaia iritsi da Gipuzkoan gizarte bazterketari heldu diezaiogun, beti ere lankidetzan,  partaide garen agente guztion artean, hau da, erakundeak, hirugarren sektorea, eta, zergatik ez, orain arte begirada inklusiboa izan ez duten beste sektoreekin”.

Plana jendaurrean aurkeztu aurretik, joan den ekainean, Foru Gobernuaren ordezkariek lankidetza protokolo bat sinatu zuen hirugarren sektoreko hainbat eragile, elkarte eta entitaterekin, eta baita ere erakundeekin, Gipuzkoan gizarteratzeko plan hau garatzeko xedez. Protokoloa sinatu dutenen artean daude Lanbide eta Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritzaren izenean, eta Donostiako Udala, Caritas, Emaus, Gureak, Gurutze Gorria, Peñascal, Sartu eta Fundación Secretariado Gitano, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Deustuko Unibertsitateak. Aurten 1,8 milioi euroko aurrekontua izango duen plan honi bere babesa adierazi diote agente guzti horiek. Peñak azpimarratu du plan “bizia” dela hau, eta protokoloa atxikimendu berrietara “irekia” egongo dela uneoro, elkarte desberdinek batera garatuko baitute. Alde horretatik nabarmendu du elkarte eta hirugarren sektoreko eragileen “inplikazioa” denon batera helburu berdinerantz arraun egiteko”.

Ondoren, diputatuak ekimen honen nondik norakoak azaldu ditu: "Plan honi esker, bazterketa egoeran nahiz baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonek esku-hartze pertsonal eta espezifikoa jasoko dute, aktibazio laboralerako plan bat, prebentzioa ere landuko duena, gizarte kohesionatuagoa lortzeko”. Ondoren, bere kezka azaldu du, datuek erakusten dutelako bazterketa larria “kronifikatzeko joera” dagoela. Horregatik, Peñak nahi du “plan hau pizgarri bat izatea, une honetan baztertuta dauden pertsona horiei laguntzeko”.

Horren harira, planaren bost helburu zehatzak aipatu ditu Gizarte Politikako diputatuak: gizartetik baztertuta dauden pertsonen arreta hobetzea; pertsona horien enplegagarritasuna handitzea; kohesio eta aktibazio inklusiboko proiektuak sustatzea; gizarte babeserako sarea osatzen duten gainerako eragileekiko koordinazioa sendotzea, arreta berezia jarriz gizarte eta osasun arloan; eta gizarte gipuzkoarraren babesa lortzea, sentsibilizazioaren bidez komunikazioa ere indartuz.

Jarduketa lerro inklusiboak

Diputatuak azaldu duen lehenengo jarduketa lerroa dela gizarte bazterketaren balorazio zerbitzua abian jartzea, pertsona bakoitzak indibidualki jaso behar duen arreta zehazteko oinarri gisa.  Lerro horren barruan, gainera, buruko gaixotasunen bat duten pertsonei laguntzeko unitate berezi bat sortuko da eta Housing First proiektua garatuko da. Proiektu pilotu horrek arrakasta izan du Madril edo Bartzelona bezalako hirietan, eta orain Donostiako Udalarekin elkarlanean garatuko da, bazterketa larrian dauden pertsonei bizitoki bat bermatzeko. “Urtea amaitu aurretik zenbait Housing First etxebizitza jarriko ditugu martxan Donostian. 

Bigarren jarduketa lerroaren xedea da planean sartu diren pertsonek lana bilatzeko aukera gehiago izatea. Horretarako, prestakuntza eskainiko zaie, eta lan munduarekiko harreman erreala –tutoretzapean bada ere-, lurraldeko enpresa desberdinetan. Esparru honetan kokatzen dira Sendotu Aldi Berean prestakuntza proiektua, Gureak lantegietan garatuko den Landu proiektua edo Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin sinatu den lankidetza hitzarmena. Hain zuzen ere, "Gipuzkoako ekonomian enplegua sortzen duen motorretako bat baliatu nahi da, sektorearen lehiakortasuna mantenduz turismoa izan dadin bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratzea ahalbidetzeko beste esparru bat", esan du Peñak.

Hirugarren jarduketa lerroaren barruan lurraldearen aktibazio inklusiboa eta kohesioa ahalbidetuko duten proiektuak garatuko dira. Hartuko diren neurrien artean dago benetan inklusio prozesuetan daudela egiaztatzen duten pertsonentzako prestazio bat. Apartatu honetan sartzen da, baita ere, Emaus fundazio sozialarekin garatuko den proiektua. “Pertsona desberdinen arteko topaketak ahalbidetzeko laborategiak sortuko dira, ezagutzak trukatzeko, eta, horrela, lurraldea kohesionatzeko”, esan du Peñak, nabarmendu aurretik. topaketa hauei esker, normalean bazterketa egoeran dauden pertsonek izan ohi ez dituzten harremanak “sortu eta berreraiki” daitezkeela.

Laugarren jarduketa lerroarekin gizarte babeseko beste sistemekiko koordinazioa sendotu nahi da, arreta berezia jarriz gizarte eta osasun arloan. Azkenik, planaren bosgarren lerroak xedetzat du jardunbide egokien inguruko ikerketa eta berrikuntza sustatzea.

Azkenik, jarduketa lerro horiek guztiak osatzeko, komunikazio plan bat diseinatuko da, gizartea sentsibilizatzeko eta herritarren laguntza izateko. Izan ere, Peña diputatuak esan duenez "gizartearen babesa ezinbestekoa da, babes horrek bermatzen baitu arrakasta gizarteratze prozesuetan dauden pertsonentzat”. 

Amaitzeko, Peñak oroitarazi du “oso kezkatuta” daudela pobrezia larriaren egoerekin eta bazterkeriaren kronifikazioarekin, eta horri aurre egiteko, Elkar-EKIN plan “berritzailea” ez ezik, “eraginkorra” ere izango dela, pertsonalizatua kasu bakoitzaren arabera, eta globala ekintzetan.

 

"Elkar-EKIN plan berritzailea ez ezik, eraginkorra ere izango da, pertsonalizatua kasu bakoitzaren arabera, eta globala ekintzetan"
  

1563