MUBIL Mobility Expo 2026k Europako sarea indartu egin du, 110 enpresa erakuslerekin eta Frantzia kide estrategiko gisa hartuz
MUBIL Mobility Expo 2026k Europako sarea indartu egin du, 110 enpresa erakuslerekin eta Frantzia kide estrategiko gisa hartuz
MUBIL Mobility Expo 2026k Europako sarea indartu egin du, 110 enpresa erakuslerekin eta Frantzia kide estrategiko gisa hartuz
Europako hegoaldeko mugikortasun jasangarriari buruzko azoka profesionalak gero eta parte-hartze handiagoa du; halaber, haren industria profila indartu egin du, eskaintza anitzagoa eta espezializatuagoarekin

MUBIL Mobility Expo azokaren bosgarren edizioa 2026ko martxoaren 25ean eta 26an izango da Ficoban, Irunen. 2018an lehenengo edizioa izan zenetik, azokak erakutsi du erreferentea dela mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren balio-katean, eta aurrerapauso handiak egin dituela arlo horretan.
Imanol Pradales lehendakariak emango dio hasiera azokari. Harekin batera egongo dira Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; Mikel Jauregi, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua; César Gutiérrez, MUBILeko zuzendari nagusia; bai eta mugikortasun jasangarriari lotutako beste erakunde eta enpresen ordezkariak ere.
Bosgarren edizio honek 110 enpresa erakusle bilduko ditu, iaz baino 5 enpresa gehiago. Partehartzaileen artean, % 16 nazioarteko enpresak dira, batez ere Frantziakoak, Alemaniakoak eta Herbehereetakoak. % 40, aldiz, Espainiakoak dira, eta % 44 Euskadikoak.
Ekosistema eraldatzeko plataforma estrategikoa
Erakusketa-leku gisa duen paperaz gain, MUBIL Mobility Expok arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza gune gisa jarduten du. Hala, gai da harremanak ezartzeko mugikortasun adimendu eta jasangarriaren arloan jarduten duten erakundeen, enpresa erakarleen, hornitzaile industrialen, zentro teknologikoen eta sektore klusterren artean.
Unai Anduezak, Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen diputatuak, azpimarratu bezala, "MUBIL Mobility Expo funtsezko zutabea da Foru Aldundiaren eta MUBILen artean azken urteotan sortu dugun ibilbide-orrian, Euskadiko mugikortasun jasangarria eta konektatua sustatzeko garatu duguna. Azokak, gure lurraldearen gaitasun industrialak, teknologikoak eta berrikuntzakoak erakusteaz gain, aukera ematen du enpresen ekosistema indartzeko eta Gipuzkoa mugikortasunaren sektorearen eraldaketan erreferente gisa finkatzeko. Edizio bakoitzean argi geratzen da norabide egokian aurrera egiten ari garela, eta gure eskualdean eragin ekonomiko eta industrial erabakigarria duen trantsizioa azkartzen ari garela".
"Mugikortasun eraldatzailea" lelopean, 2026ko edizioan digitalizazioak eta berrikuntzak bultzatutako mugikortasun jasangarriaren inpaktu erreal, positibo eta eraldatzailean jarriko da arreta, hainbat esparruri erreparatuta: industria, erregulazioa, hiriaren garapena eta bizi kalitatea, hain zuzen ere.
Aurkezpeneko prentsaurrekoan, César Gutiérrezez, MUBILeko zuzendariak, honako hau nabarmendu zuen: "Azokak erakutsi du erreferentea dela Europako mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren balio-katean. Erakusketa-leku gisa duen paperaz gain, azokak konponbide teknologiko berritzaileen garatzaileak harremanetan jartzen ditu konponbide horiek behar dituzten enpresekin, hiriekin eta eragileekin. MUBILen berrikuntza hori identifikatzeko eta sustatzeko, eta lankidetzarako eta negoziorako aukerak sortzeko lan egiten dugu. Hala, azoka hau ekosistema pizteko eta mugikortasunaren eraldaketa bizkortzeko tresna ikusgarrienetarikoa da".
Dibertsifikazio industrial eta espezializazio tekniko handiagoak
Balio katearekin eta mugikortasun jasangarriko konponbide berritzaileekin batera eboluzionatzearren, MUBIL Mobility Expo 2026k erakusleen profila dibertsifikatu egin du aurten.
Mónica Alday azokaren zuzendariak adierazi zuen gisa: "Edizio honetan hainbat arlo eta sektoreren presentzia handitu dugu: ibilgailu elektrikoen fabrikatzaileak, autobusak eta garraio kolektiboko konponbideak, bizikletak, mikromugikortasuna, makineria espezializatua, eta OEM fabrikatzaileei funtsezko osagaiak hornitzen dizkieten TIER 1 hornitzaileak. Dibertsifikazio horri esker, azokaren eskaintza aberastu ahal izango da espezializazio tekniko handiagoko edukiekin; eta, hala, aukera komertzialak eskainiko dizkiegu bisitari profesionalei".
Deskarbonizazioak, trantsizio energetikoak eta eraldaketa industrialak markatutako testuinguru honetan, non azoka sektorial asko desagertu edo garrantzia galdu baitute, MUBIL Mobility Expo benetako "perla" da: hots, balio erantsi handia duen jardunaldia, kalitatea, espezializazioa eta industriarako garrantzia lehenesten dituena bolumena baino.
Frantzia, Partner Country 2026: jauzi kualitatiboa Europan
Edizio honetako berrikuntzarik nagusienetarikoa Partner Country ekimena da, azokaren nazioarteko profila indartzen duena. Edizio honetan, Frantziaren txanda izango da, ID4Mobility, NextMove eta CARA kluster frantsesekin izandako akordio estrategiko bati esker.
Aliantza horren bidez, Frantziako 12 enpresak parte hartu ahal izan dute. Horrekin batera, aukera berriak eskaintzen ditu lankidetza teknologiko eta enpresarialerako, Europako mugikortasun jasangarriaren industria-ekosistema indartsuenetako batekin. Hala, nazioartera hedatzeko eta proiektu eta lankidetza sare berriak eskuratzeko aukera argia da enpresa erakusleentzat.
Programa estrategikoa eta munta handiko bilera sektorialak
Edukien programa call for abstracts metodoaren bidez diseinatu da, eta honako gai hauei helduko die:
• 360º-ko mugikortasun elektrikoa eta balio katearen eraldaketa
• Azpiegiturak eta aro energetiko berria
• Mugikortasun automatizatua, adimenduna eta segurua
• Adimen artifiziala eta zibersegurtasuna
• Intermodalitatea eta lurralde kohesioa
• Hiri kudeaketa adimenduna
• Hidrogenoa eta mugaz haraindiko lankidetza PHYRENE proiektuaren esparruan
Gainera, bilera sektorial estrategikoak egingo dira azokan, bai eta klusterren batzarrak, foro energetikoak eta topaketa espezializatuak ere. Ondorioz, azokak erabakiak hartzeko eta aliantzak sortzeko gunea izaten jarraituko du. Edizio honetako zenbait bilera esanguratsu egingo dira, hala nola: Merkantzien Hiri Banaketari (MHB) buruzko II. bilera sektoriala; Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterraren batzar nagusia; BASQUENERGY Klusterraren kargatze elektrikoari buruzko foroa; PHYRENE Proiektuaren bilera pribatua; BH2Cren mugikortasunaren bertikalaren VII. topaketa; eta Direbús Enpresen Elkartearen biltzarra.
Jakintzaren eta harremanen ekosistema honekin batera, City Marketplace ekimena daukagu, hirien benetako erronkak eta enpresen konponbideak uztartzeko jarduera. Ekimen horren parte gisa, MUBIL Mobility Expok "Mugikortasun aitzindaria: hiriko arrakasta-istorioak eta mugikortasunari buruzko ikasketak" mahai-ingurua antolatu du, EIT Urban Mobility erakundearekin batera. Zenbait elkarrizketa ere antolatu dira, erabiltzaileen eta enpresen mugikortasun elektrikoa finantzatzeko mekanismoak jorratuko dituztenak.
Test Drive eremua: berrikuntza mugimenduan
2026ko edizioak erakustaldi dinamikoentzako gune bat izango du. Bertan, enpresek eta zentro teknologikoek konponbide aurreratuak aurkeztuko dituzte, hala nola autobus elektrikoak, ibilgailu autonomoak eta prototipo industrialak.
Gainera, zenbait unibertsitatek eta lanbide-heziketako zentrok ibilgailu elektrikoetan lortutako garapenak erakutsiko dituzte, urte gutxiren buruan industrian sartuko den tokiko talentua nabarmentzeko.
MUBIL Mobility Expo
MUBIL Mobility Expo MUBILek, Euskadiko mugikortasun adimendun eta jasangarriko jarduera-guneak, bultzatutako ekimena da; eta bat dator Etorkizuna Eraikiz esparruarekin, hots, Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektuen estrategiarekin. Ekitaldiak, halaber, Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen babesa du. Hala, azoka jarduera estrategikoa da Europako mugikortasun jasangarriaren etorkizuna eraikitzeko.
1217