Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 1.100 zerbitzu berezi baino gehiago eta 4.600 errefortzu gaitu ditu uda honetan Lurraldebusen, eta ia 180.000 bidaia erregistratu dituzte

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 1.100 zerbitzu berezi baino gehiago eta 4.600 errefortzu gaitu ditu uda honetan Lurraldebusen, eta ia 180.000 bidaia erregistratu dituzte

Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, Lurraldebusek 1.102 zerbitzu berezi eskaini ditu 31 udalerritan kultura-, kirol- edo aisialdi-izaerako 34 ekitalditarako. Gainera, 4.603 errefortzu jarri dira Lurraldebuseko linea arruntetan, erabiltzaileen eskaera handiari aurre egiteko

2025/10/23
Maialen Gurrutxaga, Azahara Domínguez eta Mikel Serrano

Maialen Gurrutxaga, Azahara Domínguez eta Mikel Serrano


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoan garraio publikoa sustatzearen aldeko apustua indartu du uda honetan. Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, biak barne, 1.100 zerbitzu berezi baino gehiago gaitu ditu eta 4.600 errefortzu baino gehiago jarri dizkie Lurraldebusen linea arruntei. Hori guztia, "gero eta herri gehiagotara eta, beraz, biztanle gehiagorengana iristeko, alde batetik, gipuzkoarrek joan-etorrietarako ohitura iraunkorrak har ditzaten bultzatzeko, eta, bestetik, pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzeko, ibilgailu pribatua duten edo ez alde batera utzita".
Hala adierazi du Azahara Domínguez diputatuak, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatearekin eta Mikel Serrano Zumarragako alkatearekin batera, ostegun honetan Donostian emandako prentsaurreko batean.


34 ekitalditarako zerbitzu bereziak 31 udalerritan
Diputatuak azaldu duenez, ekaina eta iraila bitartean, Lurraldebusek 1.102 zerbitzu berezi eskaini ditu, eta ia 30.000 bidaia egin dira horietan (28.868 guztira). "Horiei esker, 31 udalerritan egindako 34 ekitaldiri garraio publiko iraunkorra eskaini ahal izan zaie, batez ere jai herrikoiei, baina baita kontzertuak, kultur edo kirol ekitaldiei ere, besteak beste", azaldu du diputatuak, eta zerbitzu horiek izan dituzten herriak zerrendatu ditu: Bergara, Olaberria, Mutiloa, Beasain, Irun, Mutriku, Errezil, Ereñotzu, Urretxu, Hondarribia, Elgeta, Antzuola, Soraluze, Arama, Errenteria, Azpeitia, Aretxabaleta, Zerain, Gabiria, Zegama, Oiartzun, Getaria, Itziar, Deba, Aia, Azkoitia, Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Altzaga, Aizarnazabal eta Zarautz.
Ekainean izan ziren zerbitzu berezi gehien, 362 guztira; ondoren, abuztuan, 300 inguru (zehazki, 293); uztailean eta irailean, berriz, 259 eta 188, izan ziren hurrenez hurren.
Eskualdeka, Oarsoaldea eta Bidasoa izan ziren zerbitzu berezi gehien izan zituztenak, 113 guztira; ondoren Debagoiena (182) eta Urola Kosta eta Debabarrena (113). Azkenik, Goierri (84), Urola Erdia (61) eta Buruntzaldea (21) daude.


4.600 errefortzu baino gehiago linea arruntetan
Horrez gain, uda-garaian erabiltzaile kopuruak gora egin duenez, Lurraldebusek 4.603 errefortzu jarri ditu linea arruntetan, eta guztira 149.053 bidaia egin dituzte.
Hilabeteka, irailean behar izan dira errefortzu gehien. Batez ere, oporren amaieraren eta ikasturtearen hasieraren ondorioz, 1.904 errefortzu jarri dira; ekainean 1.111, abuztuan 862 eta uztailean 726 gaitu dira.
Eskualdeka, Debagoienan eta ibilbide luzean indartu da gehien (1.782), ondoren Oarsoaldean eta Bidasoan (908). Nahiz eta Goierrin jarri diren errefortzu gutxien (274), azpimarratzekoa da guztiak GO07 linea berriarentzat izan direla, Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin eta alderantziz lotzen dituena eta horrek, diputatuaren ustez, "eskualde horietako bizilagunen artean linea honek izan duen arrakasta handiaren berri ematen du, azken urteetan hiriburuarekin errepidez konektatzea eskatzen baitzuten".
Azahara Domínguez diputatuarentzat, Lurraldebusen egindako udako kanpainak agerian uzten du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua "gipuzkoarren artean garraio publikoaren erabilera sustatzeko" egiten ari den "apustu argia". "Gipuzkoarrek joan-etorrietan autobusa erabiltzea nahi badugu, ez da nahikoa kontzientziazio kanpainekin: horretarako behar diren tresnak eskaini behar dizkiegu. Gure errefortzu eta zerbitzu berezien politikaren bidez, udan Gipuzkoan sortzen diren desplazamendu-behar gehienak barne hartzea lortzen dugu, herritarrei zerbitzu jasangarria izateaz gain erosoa, eskuragarria eta segurua eskaintzen diegularik", nabarmendu du foru arduradunak, eta eskerrak eman dizkie" gurekin lan egin duten udal guztiei, beren herritarren artean autobusa bezalako garraiobideen erabilera sustatzeko duten prestasunagatik eta eskeintzen diguten laguntzagatik".
Zumarraga edo Elgoibar, esaterako, udako kanpaina honen onuradun izan dira eta herri hauetako alkateek positiboki baloratu dute. Mikel Serrano Zumarragako alkateak egindako lana eskertu du: “Zumarragan, gure inguruko udalerrietako jaiez modu seguruan gozatzeko zerbitzu bereziak izateaz gain, oso positiboki baloratzen dugu Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua Donostiarekin lotzen duen linea berria indartzeko egiten ari den ahalegina. Ikasturte hasierarekin batera, nabarmena izan da linea horrek izan duen eskariaren gorakada, eta eskerrak ematen dizkiogu diputatuari egiten ari den ahaleginagatik pertsona guztiek aukera izan dezaten linea honetan sartzeko”.
Azkenik, Maialen Gurrutxaga Elgoibar, erakundeen arteko lankidetza jarri du balorean: “Azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izandako elkarlanak emaitza oso positiboak eman ditu, bai jaietarako zerbitzu berezietan, bai eguneroko garraioan ere. Herritarren mugikortasuna erraztea eta garraio publikoa aukerarik erosoena eta irisgarriena bihurtzea da helburua, eta horretarako elkarlana da bidea”.
 

  

1859