Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak lurraldea zaintzen laguntzen duten ekimen turistikoak aintzatetsiko ditu Gipuzkoako zaindari sariekin

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak lurraldea zaintzen laguntzen duten ekimen turistikoak aintzatetsiko ditu Gipuzkoako zaindari sariekin

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak astearte honetan argitaratu ditu Gipuzkoako Zaindari sarien oinarriak, berrikuntza, jasangarritasuna, irisgarritasuna, lankidetza publiko-pribatua eta berdintasuna oinarri hartuta, Gipuzkoako turismo-eredu gizatiarragoa, bidezkoagoa eta balioetan errotuagoa eraikitzen laguntzen duten ekimen turistikoak aitortzeko.

2025/11/04
Azahara Domínguez diputatua

Azahara Domínguez diputatua


Bigarren urtez jarraian, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoako Zaindari sariekin lurraldeko turismoaren arloan egiten ari diren jardunbide egokiak aintzatetsiko ditu, "berrikuntza, iraunkortasuna, irisgarritasuna edo lankidetza publiko-pribatua oinarri hartuta, eredu turistiko gizatiarragoa, bidezkoagoa eta Gipuzkoako balioetan errotuagoa eraikitzen laguntzen dutelako eta gure lurraldearen zaintzan sakontzen dutelako".
Hala iragarri du Azahara Domínguez diputatuak, eta bigarren edizio honek bi berrikuntza garrantzitsu dituela azaldu du. Lehenengoa, izen berrituko sariak dira, "Zatoz eta zaindu" 2030eko Turismoaren Plan Estrategikoaren espirituarekin hobeto lerrokatzeko. Plan horrek dei egiten dio turismo kontziente eta arduratsu bati, lurraldearen zaintzan ez ezik turismoa posible egiten duten pertsonen zaintzan ere lagunduko duena", azaldu du Azahara Domínguezek.
Bigarrena, kategorien birformulazioa. Izan ere, lau kategoria izango dira, iaz baino bat gehiago. Alde batetik, ibilbide profesionalaren Gipuzkoako Zaindari saria, "beren enpresa- eta lanbide-ibilbideagatik Gipuzkoa kalitatezko helmuga turistiko jasangarri gisa posizionatzen lagundu duten edo laguntzen ari diren pertsonak" saritzea helburu duena. Bestetik, proiektu jasangarriaren saria, beren eragin-eremuan gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-arloko jarduketen bidez ekimen arduratsu eta iraunkorrak gauzatu dituzten eskualdeko eta tokiko turismo-erakundeei zuzendutako saria. Digitalizazioaren kategoria berrikuntzarako Gipuzkoako Zaindari saria izango da aurten, "horrela, aurrerapen teknologikoak ez ezik, sektore turistikoa positiboki eraldatuko duen edozein berrikuntza-modu aitortzeko irismena zabaltzen delako: negozio-eredu berrietatik hasi eta kudeaketako esperientzia eraldatzaile edo hobekuntzetaraino". Azkenik, kategoria berri bat sortu da: Berdintasunaren aldeko Gipuzkoako Zaindari saria. Izan ere, Azahara Domínguezek azaldu duenez, "erabat feminizatuta dagoen sektore honetan, aitorpen berri honek lan-baldintzak zaintzeko, ekitatea sustatzeko eta emakumeek turismoan duten papera ikusarazteko beharra azpimarratzen du. Zaintzea berdintasuna bermatzea ere badelako ".
"Gipuzkoako Zaindari Sarien edizio berri honekin, gure lurraldea zaintzen duen eredu turistiko baten aldeko apustua berresten dugu, bertan bizi direnak eta bisitatzen gaituztenak zaintzen dituena. Turismoa, Gipuzkoan, ez da soilik jarduera ekonomiko bat: gure nortasuna indartzeko eta gure balioak proiektatzeko tresna bat da", adierazi du diputatuak, eta honako hau nabarmendu du: "Gipuzkoak zainduko duen turismo bat behar du. Eta sari hauek dagoeneko posible egiten ari direnei eskerrak emateko, ikusarazteko eta laguntzeko modu bat dira".


Eskaerak azaroaren 17ra arte
Erakunde interesdunek datorren azaroaren 17a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskabideak, beteta eta sinatuta, Aldundiaren egoitza elektronikoan. Gainera, azalpen-memoria bat erantsi beharko dute, hautagaitzaren merezimenduak modu arrazoituan eta nahikoan jasotzen dituena, bai eta sustapen-material grafikoa (mp4 formatuko bideoak eta/edo eskubiderik gabeko irudiak bereizmen handian) eta memorian identifikatutako merezimenduak egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu ere. Pertsona fisikoek edozein erregistro-bulego presentzialetan aurkez dezakete eskatutako dokumentazioa, NANaren fotokopiarekin batera.
 

  

2274