Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Nahi ez den bakardadearen inguruko kontzientzia eta elkartasuna piztu asmoz, ‘Besarkaden jokoa’ Eguberrietako ekimen solidarioa abian da Gipuzkoan

Nahi ez den bakardadearen inguruko kontzientzia eta elkartasuna piztu asmoz, ‘Besarkaden jokoa’ Eguberrietako ekimen solidarioa abian da Gipuzkoan

Hiru eurotan salduko da opari solidarioa eta biltzen den dirua Itxaropen Telefonoak jasoko du, nahigabeko bakardadea sentitzen duten gazteei eta ospitalean osasun arazoekin dauden lagunei zuzendutako ekimen berritzaileak sustatzeko. Foru Aldundiak sustatu du ekimena, Elkar, Adegi, BM Supermerkatuak eta El Diario Vascorekin elkarlanean.

Gipuzkoako Foru Aldundia

“Besarkada batek hamaika hitzek baino askoz gehiago” adierazi dezakeelako, Besarkaden jokoa ekimen solidarioa abiarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak Eguberri hauetarako, Elkar, BM Supermerkatuak, El Diario Vasco eta Adegirekin elkarlanean. Herritarrentzat salmentan jarriko den kaxa berezi baten bitartez, nahi ez den bakardadearen inguruko kontzientzia eta elkartasuna piztu nahi dute sustatzaileek eta, hain zuzen ere, jolasaren salmentan lortzen den diru guztia dohaintzan emango zaio Gipuzkoako Itxaropen Telefonoari bi ekimen berritzaile sustatzeko. Lehenengoa Maitaro ekimena, ospitalean egonaldi ertain eta luzeak egin behar dituzten pertsonei zuzendua eta bigarrena, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei bideratutakoa, bizitzarako trebetasunak lortzea helburu duena.

Hainbat fitxa edo kartaz betetako kaxa berezi batean oinarritzen da ‘Besarkaden jokoa’, zeina bihartik aurrera hiru euroren truke salmentan egongo den DV saltzen den denda eta lurraldeko kioskoetan, Elkar liburu-dendetan eta BM supermerkatuetan. Biltzen diren euro den-denak dohaintzan jasoko ditu Gipuzkoako Itxaropen Telefonoak, “bakarrik sentitzen diren milaka lagunek konpainia, babesa eta entzungo dituen norbait izan ditzaten, behar dutenean”.

Hala jakinarazi du gaurkoan Eider Mendoza Larrañagak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa, Elkar, Adegi, BM Supermerkatuak, El Diario Vasco egunkariko ordezkariekin egindako aurkezpenean. “Besarkaden jokoan ez dago objektu garestirik. Askoz ere balio handiago duen opari bat dago: denbora, maitasuna eta presentzia. Kaxaren barruan dagoen txartel bakoitza gonbidapen bat da: eguneroko presak alde batera utzi, sentitu eta maite ditugun pertsonez gogoratzeko gonbidapena da”, azaldu du Mendozak. “Eguberri hauetan gertuko, senide eta inguruan ditugun lagunekin tarte bat konpartitzeko aukera eskaintzen du”, gehitu du, “besarkaden indarra” oinarri hartuta.

Horregatik, gipuzkoarrei dei egin die diputatu nagusiak, opari solidario hau erosiz “keinu kolektibo” honetan parte hartzeko. “Eguberri hauetan, guztion artean, presente egin ditzagun gure komunitatean bakarrik sentitzen diren horiek, sufritzen ari diren pertsonak, eta eskaini diezaiogun tarte bat gure inguruan ditugun bizilagun, senide edo lagun horiei. Bisita batek, dei batek, besarkada batek, keinu batek, asko esan nahi du eta asko esan nahi dezake horrelako egoeraren bat bizi duen pertsona batentzat”, gogorarazi du eta, modu “indibidualean” nahiz helburu horretan diharduten “elkarte eta eragileekin bat eginez”, nahi ez den bakardadearen aurkako “agente” bilakatzera animatu ditu herritarrak.

Gipuzkoan, 55 urte baino gehiago dituzten hiru herritarretik batek esaten du bakarrik sentitzen dela bizitzan. Gizarte hiperkonektatu batean bizi arren, gazteen artean ere hedatzen ari den errealitate batez ari gara. “Nahi gabeko bakardadeari elkarlanean, komunitate bezala erantzun nahi diogu eta erantzungo diogu. Eguberri hauetan, Besarkaden jokoak horretarako bide berria irekitzen du”, laburbildu du.

Hain zuzen ere, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa irabazi asmorik gabeko elkarteak ia 40 urte darama ahalegin horretan. Haren misioa edozein herritarri laguntzea da, sufrimendu egoeraren bati aurre egiteko garaian bakarrik sentituz gero. Besarkaden jokoa kaxaren salmentarekin dohaintzan jasoko duen babesarekin, bi ekimen abiaraziko dituzte, Joaquín Fuentes Figgi lehendakariak azaldu duen bezala. Lehena, Maitaro programa. Ekimen honen bidez, arazo soziosanitarioak pairatzen dituzten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei laguntza eskainiko zaie, Donostia Unibertsitate Ospitalean egonaldi ertain edo luzeak pasa behar izanez gero. “Aldi berean, proiektu honen bidez gazteen artean boluntariotza bultzatu nahi da, baita pertsonen arteko eta belaunaldien arteko harremanak eta loturak ere”, azaldu du. Bigarrena, proiektu pilotu bat izango da, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendua hau ere: bizitzarako trebetasunak garatzeko programa bat da, bizipen konplexuak, sufrimenduak eta nahi ez den bakardade sentimenduak dituzten gazteei laguntzea helburu duena.

Ekimena babestu duten lau elkartetako ordezkariak ere izan dira goizeko aurkezpenean. Adegitik, zuzendari ondokoa; Paul Liceaga; El Diario Vascotik, Maite Vidaur, harreman instituzionalen eta ekitaldi korporatiboen arduraduna; BM Supermermerkatuetatik, Marta Parra, Publizitate arduraduna; eta ELKARetik, marketind saileko Maialen Regueiro.

  

501