Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour ‘Ni naiz Lete’ dokumentalaren estreinaldia, Euskararen Egunean

‘Ni naiz Lete’ dokumentalaren estreinaldia, Euskararen Egunean

Poeta eta kantari handiaren omenaldia ikusteko aukera eskainiko die Aldundiak herritarrei, Xabier Leteren heriotzaren 10. urteurrenarekin bat.

Xabier Lete poeta eta kantari handia hil zela 10 urte betetzen direnean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Oiartzungo artista omendu nahi izan du Ni naiz Lete dokumentalaren estreinaldiarekin. Hainbat abeslari, idazle eta sortzaile ezagunek parte hartu dute poeta eta kantariaren lana eta bizitza omentzeko ekoitzitako lan berezi honetan. Foru erakundeak antolatutako estreinaldia Euskararen Nazioarteko Egunean egingo da, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta omenaldira joateko aukera eskainiko zaie herritarrei, gonbidapenak aurretik eskuratu eta segurtasun neurri guztiak bermatuta.

Baleuko etxeak ekoitzitako lan honetan, Xabier Leteren abesti eta poemen inguruko testigantza utzi dute Kirmen Uribek, Miren Agur Meabek, Gontzal Mendibilek, Mikel Urdangarinek, Miren Amurizak, Ines Osinagak, Unai Iturriagak, Igor Elortzak eta Karmele Jaiok, besteak beste. Gainera, hainbat euskal artistek poesia eta kanta bidez azalduko dute Leteren lanari zioten maitasuna eta miresmena, eta gertutik ezagutu zutenek –tartean Arantxa Lete arrebak, Bernardo Atxaga idazleak eta Antton Valverde abeslariak– bere lana eta bizitzaren inguruan solas egingo dute.

Euskararen Nazioarteko Egunak euskal kulturgile eta sortzaile handi hau omentzeko parada ezin hobea eskainiko du eta, horregatik, herritarrei bertaratzeko aukera eskainiko zaie. Abenduaren 3an, osteguna, izango da omenaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean, arratsaldeko 19:00etan. Pandemia egoera larriak beharturik, eserleku mugatuak izango dira eta segurtasun neurri guztiak beteko dira aretoan. Doako gonbidapenak eskuratzeko aukera egongo da www.gipuzkoa.eus/ninaizlete webgunean edota 943112335 telefono zenbakian.

 

Egitarau zabala

Kantari eta poeta oiartzuarraren heriotzaren 10. urteurrenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat ekimen sustatu ditu haren omenez. Dokumentalaz gain, Urrats urratuak, Xabier Lete gogoan liburuaren argitalpena bultzatu du Kultura departamentuak. Bale Zuriak argitaratutako liburuak omenaldi berezia egiten dio Leteri, eta ezagutza horri heldu nahi izan zaio poetaren eta gizakiaren irudi osoa eskaintzeko. Guztira, hamar saiakera labur eta hamar hurbilketa biltzen ditu lan honek. Horretarako, hamar idazle eta aditu bildu ditugu: Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide, Lourdes Otaegi, Itxaro Borda, Inazio Mujika Iraola, Jon Gerediaga, Jon Martin, Alex Gurrutxaga eta Ainhoa Urien.

Baita ere, Xabier Lete: gezur eta egia gurea emanaldia bultzatu du Kultura departamentuak, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean eta Frantxis Lopez Landatxeren gidoiarekin. Bertan izango dira hainbeste urtez Xabierrekin aritu ziren Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga eta Mariasun Landa idazleak eta Antton Valverde musikaria, nahiz berarekin aritutako musikariak: Karlos Gimenez, Iñaki Salvador, Sorkunde Idigoras, Fredi Pelaez, Joana Ortega, Txema Garces, Pascal Gaigne, Pello Ramirez eta Jabier Muguruzak Leteren musikari taldea gogoratuko dute.

  

1786