Ongizatea modu kolektiboan eraikitzeko deia zabaldu da Errenteriako Ongizatearen Plazan
Ongizatea modu kolektiboan eraikitzeko deia zabaldu da Errenteriako Ongizatearen Plazan
Atzo eta gaur Gamon Zumardian egon den Ongizatearen Plaza egitasmoan parte hartu duten herritarrei eskerrak eman dizkie Eider Mendoza diputatu nagusiak: “Plazaren erdigunera ekarri ditugu ondo egoteaz gain, ondo sentitzeko gakoak”.

Bi egunez, urriak 29 eta 30, Errenteriako Gamon Zumardian egon da kokatuta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Ongizatearen Plaza ekimena. “Guztion ongizatean eragina duten gaiak ekarri ditugu plazaren erdigunera, eta bi egunez, mahai inguru, hitzaldi, tailer eta solasaldien bidez, elkar entzun, hausnartu eta gozatzeko aukera atsegina izan dugu”, adierazi du Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak.
Errenteriakoa egitasmo honen hamabigarren geralekua izan dela gogorarazi du Mendozak, eta datozen hilabeteetan ere Gipuzkoan barrenako ibilbidearekin jarraituko dela ere nabarmendu du. Ondo egoteaz gain, ondo sentitzeko gakoak “denon artean” eraikitzeko deiari erantzuten jarraituko da eta, era berean, atzo eta gaur, Gamon zumardira bertaratu diren herritarrak eskertu nahi izan ditu, “ezinbestekoa” baita errealitate berri eta emergenteei modu kolektiboan heltzea.
Askotarikoak izan dira Errenteriako egitarauan landutako gaiak: ariketa fisikoa eta zahartze osasuntsua, gazteen ongizatea, osasun emozionala edota euskarak komunitate bizitzan duen garrantzia ere aztergai izan dira.
Gaurko egitaraua elikadura osasuntsuari buruzko tailer batekin hasi da, Elikaeneako Anne Otegik zuzenduta, Errenteriako ekoizle baten laguntzarekin. Tailer honetan tokiko eta sasoiko produktuekin gosari osasuntsuak prestatu dira, elikadura kontzienteari eta jasangarriari buruzko azalpenekin batera. Programazioak gazteen ongizatean eta osasun emozionalean eragiten duten sare sozial eta bestelako faktoreei buruzko hausnarketa gune batekin jarraitu du.
Arratsaldean, euskararen eta ongizatearen arteko harremana jorratu da Badalaben eskutik. Gune honetan euskarak gure eguneroko bizitzan eta ongizatean duen lekuaz hausnartuz, integrazioa, giza harremanak, teknologia berriak, komunitate-sentimendua eta pertenentzia bezalako gaiak hizpide hartuta. Amaitzeko, Josu Ozaita antropologoak Gau Beltza euskal tradizioaren erritoak eta sinboloak aztertu ditu. Ildo horretan, Idoia Lizeagak tailer bat garatu du, non lore bat apaindu den babes eta ugaritasun sinbolo gisa, Begoña Fernandez herriko lore diseinatzailearen eskutik. Ongizate Plazaren egitaraua musikarekin itxi da, giro informalean, bi egunetako esperientziak partekatuz.
1708