Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Rafaela Romero: “Bartzelonarako hegaldiak berreskuratzea aireportuaren operatibitatearen eta baliagarritasunaren alde egindako beste urrats bat da”

Rafaela Romero: “Bartzelonarako hegaldiak berreskuratzea aireportuaren operatibitatearen eta baliagarritasunaren alde egindako beste urrats bat da”

Ortzibiako lehendakaria, Rafaela Romero, gustura agertu da otsailaren erditik berreskuratu egingo delako Hondarribia-Donostia aireportutik Bartzelonarako eguneroko konexioa; apiriletik aurrera egunean bi hegaldi izango dira berriz.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru-diputatuak, Rafaela Romero sozialistak, albiste on batekin estreinatu du Ortzibiako lehendakari kargua, berreskuratu egingo baitira Hondarribia-Donostia aireportutik Bartzelonarako eguneroko hegaldiak. Foru-diputatua gustura agertu da atzo Vueling konpainiarekin izandako bileraren ostean; izan ere, otsailaren erditik aurrera Hondarribia-Donostia aireportutik egunero izango dira hegaldiak Bartzelonara. “Ortzibiak eta sozietatea osatzen duten erakundeek lanean jarraitzen dute, aireportuak dituen eta denok ezagutzen ditugun zailtasunak zailtasun, aireportuaren etorkizunaren alde”, adierazi du Romero diputatuak, eta ziurtatu duenez, “otsailetik aurrera Bartzelonarako hegaldiak berreskuratzea eta apiriletik aurrera bi hegaldi izatea aireportuaren operatibitatea bermatzeko eta aireportua beharrezko azpiegitura baliagarri gisa sustatzeko beste urrats bat da”.

Zehazki, otsailetik aurrera bi hegaldi programatuko dira Bartzelonara astelehenetan eta igandetan, eta hegaldi bat asteko gainerako egunetan. Apiriletik aurrera, berriz, 2 hegaldi izango dira egunero. Horrez gainera, bileran A320neo hegazkina Hondarribia-Donostia aireportuan sartzearen kontua ere aztertu da, Vuelingek joan den udan egin baitzituen lehenengo hegaldiak eta emaitzak onak izan baitziren. “Albiste bikaina da aireportuarentzat”, adierazi du Romerok, “izan ere, hona hegaldi gehiago iristeko eta destino berriak aztertzeko aukera emango du A320neo hegazkinak segurtasun osoz operatu dezakeela jakiteak”.

Gainera, eta aireportuan izandako atzerapenei buruz, Ortzibiako lehendakariak adierazi duenez, “zuzenean aire-konpainiei dagokien kontua da. Dena den, foru-diputatu gisa, lehenik eta behin, deitoratzen dut Gipuzkoako bidaiariei egiten zaien kaltea, eta salatu egin nahi dut Madrilerako hegaldian AirNostrum konpainiak maizegi sortzen duen egoera hori. Eta esan nahi dut Ortzibiatik AirNostrum konpainiarekin eta aireportuaren eta Aenaren arduradunekin harremanetan jarriko garela egoera horri konponbidea emateko”.

  

1701