Re-Think Industry kongresuak asistentzia-errekorra lortu du eta berrikuntzaren erreferente gisa finkatu da Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainentzat
Re-Think Industry kongresuak asistentzia-errekorra lortu du eta berrikuntzaren erreferente gisa finkatu da Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainentzat
Re-Think Industry kongresuak asistentzia-errekorra lortu du eta berrikuntzaren erreferente gisa finkatu da Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainentzat
650 profesional baino gehiagok parte hartu dute kongresuan, non adimen artifizialak, nazioartekotzeak, barne-ekintzailetzak eta partaidetzazko kudeaketa-eredu berriek enpresen lehiakortasuna nola sustatu dezaketen aztertu den. Eider Mendozak enpresa txiki eta ertainak “berrikuntzaren trenera igotzera” animatu ditu, lehiakortasunean aurrera egin dezaten.

Re-Think Industry kongresuaren laugarren edizioak 650 profesional baino gehiago bildu ditu, parte-hartze historikoa lortuz eta Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainentzat foro estrategiko gisa duen papera sendotuz. Donostiako Kursaalen egin berri den kongresuak espazio paregabea eskaini du esperientziak partekatzeko, joera teknologikoak ezagutzeko eta kudeaketa-eredu berriak aurkitzeko.
Jardunaldiari hasiera, Unai Andueza, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Andoitz Korta ,Eusko Jaurlaritzako Industria Sustapeneko sailburuordeak eta Jon Insausti, Donostiako alkateak eman diote, eta hirurek erakundeen elkarlana eta lankidetza publiko-pribatuak lurraldearen industria-lehiakortasuna indartzeko duten garrantzia azpimarratu dute.
Ondoren, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Cristina Garmendia, COTEC Fundazioko presidenteak, ETEek ezagutzaren gizartean dituzten aukerei eta erronkei buruzko hausnarketa egin dute, ingurune aldakor batean lehiakorrak izaten jarraitzeko berrikuntzaren beharra azpimarratuz.
Bere hitzaldian, Gipuzkoako diputatu nagusiak "berrikuntzaren trenera igotzeko" gonbita luzatu die Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei, lehiakortasunean aurrera egiteko eta gure garaiko gizarte, teknologia eta ingurumen eraldaketei "anbizioz" aurre egiteko. Adierazi duenez, lan horrek erakunde publikoen, eragile ekonomikoen eta I+G+b sarearen "konpromiso kolektiboa" eskatzen du, baita "elkarlanerako ekimen irudimentsuak aktibatzea" ere. “Erronka erabakigarria da gure industriaren etorkizunerako eta, ondorioz, gure lurraldearen eta herrialdearen ongizaterako ere bai”, ziurtatu du.
Mendozak adierazi du Gipuzkoa "berrikuntzaren lurraldea" dela, BPGren %2,76 berrikuntzara bideratzen duelako. "Enpresak dira berrikuntza horren protagonista nagusietako bat, baina enpresa txikienek zailtasun handiagoak dituzte prozesu berritzaileak abian jartzeko", esan du, izan ere, 50 pertsona baino gehiagoko enpresek berrikuntza osoaren bi heren biltzen baitituzte. Era berean, diputatu nagusiak enpresa txiki eta ertainak berrikuntza ez-teknologikora denbora eta baliabideak bideratzera animatu ditu, "kudeaketa eta antolaketa eredu berrietan" sakontzeko eta aldi berean, enpresetako jarduera berritzailea dinamizatzeko. "Oso onak gara berrikuntza teknologikoan, baina kosta egiten zaigu gure egiteko eran eta lan egiteko moduetan berritzea. Pertsonengan eta haien sormenaren garapenean arreta jartzea funtsezkoa da enpresaren kultura propioak berrikuntza-prozesuak erraztu ditzan”, gehitu du.
Hausnarketa horren ostean, kongresuak lau mahai-inguru izan ditu, gaur egun Gipuzkoako enpresek dituzten erronka nagusiak aztertzeko.
Lehen mahaiak Adimen Artifizialean jarri du arreta, teknologia honek prozesuak nola optimiza ditzakeen, produktibitatea nola handitu dezakeen eta balio industriala nola sor dezakeen aztertuz, IBARMIA, Vi4Crane, ARTUKOLUKE eta BELLMER Iberica Machinery-ren parte hartzearekin. Bigarren mahaiak merkatuen nazioartekotzea eta dibertsifikazioa jorratu ditu, ingurune global batean lehiatzeko estrategiak aztertuz, Grupo Lacor, Wavegarden, TTT Group eta CIMICO-ren interbentzioarekin. Hirugarren mahaiak barne-ekintzailetza eta negozioen dibertsifikazioa izan ditu ardatz, barrutik berritzeko eta negozio lerro berriak irekitzeko esperientziak partekatuz, SUTARGI, VAPORMAT, ONNERA Group eta Irurena-rekin. Azkenik, laugarren mahaiak parte-hartze kudeaketa eredu berriak landu ditu, antolaketa modu kolaboratibo eta jasangarriagoak aztertuz, ZORROTZ, AKABA, KIMUA eta GOIMEK-en parte hartzearekin. Mahaiak BAIC, Gipuzkoako Ganbera, BIC Gipuzkoa eta ASLE-k kudeatu dituzte.
Jardunaldia amaitzeko, Javier Aizpuruak, BasQko Zuzendari Zientifikoak, "Teknologia kuantikoak: zientziatik industriara" aurkeztu du, konputazio kuantikoak Gipuzkoako industrian datozen urteetan izan dezakeen eraginari buruzko ikuspegia eskainiz.
Ondoren, Unai Andueza, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, amaiera instituzionala egin du, azpimarratuz: “Re-Think Industryk espazio paregabea eskaintzen die Gipuzkoako industria-ETEei, benetako esperientzietatik ikasteko, ekosistema industrialarekin konektatzeko eta joera berriak, sortzen ari diren teknologiak eta kudeaketa-eredu aurreratuak ezagutzeko. Kongresu hau funtsezko foro gisa sendotu da gure enpresak sektoreko aldaketen aurrean prestatzeko, eta erakundeetatik ETEei laguntzen jarraituko diegu sendoak eta lehiakorrak izaten jarrai dezaten.”
1928