Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour TRANSports, erakusketa Oñatin ikusgai

TRANSports, erakusketa Oñatin ikusgai

Zortzi kirol diziplinaren jatorria erakusten du

2019/05/10

Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Pirinio Atlantikoetako eta Nafarroako gobernuen eta Huescako Diputazioaren arteko lankidetzari esker sortu da. 

TRANSports erakusketa ibiltaria Oñatira iritsi da. Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan egongo da maiatzaren 10etik 18ra bitartean. Ikusgai egongo da astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatez, berriz, 10:00etatik 14:00etara.

Erakusketan honako hauek izan dira partaide: Gipuzkoako Artxibo Orokorra, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa, Huescako Probintziako Diputazioa, Huescako Probintziako Diputazioaren Fototeka, Huescako Probintziako Artxibo Historikoa, Nafarroako Errege Artxibo Nagusia eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Artxiboak.

Erakusketa argazki panelez, testu dokumentuz eta filmez osatuta dago, eta artxiboetan gordeta dauden dokumentu originalak ikusteko aukera ere eskaintzen du. Zortzi kirolen sorrera azaltzen du erakusketak. Hain zuzen, fenomeno hori gertatu zen giza trakzioa esfortzu fisiko gisa baloratzeari ekin zitzaionean, kirol erronkarako bide eman zezakeela ikusi zenean; ordura arte nekazaritzarako soilik erabili zen animalia trakzioa hipodromoetan txalotua izatera igaro zenean; eta trakzio mekanikoa ere garraiorako aurrerapen teknologiko izatetik abiadura, abilezia eta dotoretasuna jokoan jartzen dituen ikuskizun izatera pasa zenean. Metamorfosi horiek guztiek kontatzen dute, baita ere, zer bilakaera izan zuen gizarteak berak, XIX. mendetik XX. mendearen lehenengo erdialdera.

Nafarroako Artxiboak eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren Artxiboak 2016an abiarazitako lankidetzaren esparruan sortu zen erakusketa hau egiteko proiektua. Lankidetza horren xede nagusia zen artxiboetan gordeta dagoen ondare dokumentala hedatzeko eta hari balioa emateko kultur bitartekaritzako ekimenak abian jartzea. 2018an, lankidetza hori inguruko lurraldeetara zabaldu zuten, parte hartzeko gonbidapena eginez Gipuzkoako Foru Aldundiari (Gipuzkoako Artxibo Orokorra eta Gipuzkoako Protokoloren Artxiboa), Huescako Probintziako Diputazioaren Artxiboari eta Fototekari eta Huescako Probintziako Artxibo Historikoari. Hala, ekimenak izaera ibiltaria hartu zuen, eta erakusketa hau hainbat lurraldetan egongo da ikusgai 2019. urtean.

Zortzi kirol hautatu dira erakusketaren gaitzat. Guztietan, lurralde parte-hartzaile guztien ekarpen dokumentalak jaso dira, eta erakusketek berezko izaten duten diskurtso jarraitu bat osatu da horiekin, XIX. mendearen amaieran hasi, eta XX. mendearen erdialdera artekoa.

XIX. mendetik XX. mendera igarotzean, zenbait garraiobide kirol bilakatu ziren: hipika, eskia, mendizaletasuna, automobilismoa, abiazioa, txirrindularitza, atletismoa edo ur kirolak. Hain zuzen, bilakaera horren narrazioa da TRANSports erakusketa ibiltaria.

Hainbat erakustokitan izan da dagoeneko erakusketa: Paueko Departamentuaren Artxiboan, Baionako Departamentuaren Artxiboan, Donostiako Pio Baroja udal kiroldegian eta Elgoibarkoan. Ez da ohikoa izaten artxiboek antolatutako erakusketak kiroldegietan izatea, baina, gaia kontuan izanda, interesgarria iruditu zaigu eremu horiek erabiltzea, ondare dokumentala herritarrei beste era batean hurbiltzeko.

Oñatitik Tolosara joango da, Gipuzkoako Artxibo Orokorrera; ondoren Iruñera, eta handik, berriz, Huescako artxiboetara.

  

1764