Zarauzko Antoniano ikastetxeak irabazi du fiskalitateari buruzko ideia berritzaileen junior lehiaketa
Zarauzko Antoniano ikastetxeak irabazi du fiskalitateari buruzko ideia berritzaileen junior lehiaketa
Zarauzko Antoniano ikastetxeak irabazi du fiskalitateari buruzko ideia berritzaileen junior lehiaketa
93 ikastetxek eta 3.236 ikaslek egin dute aurten zerga heziketaren inguruan Gipuzkoako Foru Ogasunak bultzatzen duen unitatea

Zarauzko Antoniano Ikastetxea HLBHIPk irabazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak fiskalitatearen inguruan antolatzen duen ideia berritzaileen lehiaketaren lehen saria. Aurkeztu duen proiektuak "Txia Untxia" du izena, eta haren helburua da zazpi urteko haurrengan iruzur fiskalari buruzko kontzientzia sortzea. Horretarako, bideo bat prestatu dute, eta bertan ikusten da animaliak protagonista dituen baso batean azenarioek txanpon lana egiten dutela. Ekimena jolas interaktiboekin osatzen da, kontzeptu ekonomiko eta fiskalak modu goiztiar batean ulertzen laguntzeko. Lehiaketako bigarren saria Zarauzko IES Lizardi BHIren “Etorkizun hobe baten prezioa” eta Donostiako CPEIPS San Ignacio de Loyola HLBHIPren “FiskalUp: Gamifikazioa eta Aholkularitza doakoa iruzur fiskala ekiditeko” proiektuentzat izan da.
Lehiaketaren sari banaketa gaur arratsaldean egin da, Donostiako Foru Jauregiko Gunea aretoan. Ekitaldian Eider Mendoza diputatu nagusia eta Itziar Agirre Ogasuneko eta Finantzetako diputatua izan dira. Mendozak fiskalitatearen garrantzia azpimarratu du: "gure zergak ordaintzeak gizartearen ongizatea hobetzen laguntzen du, ez bakarrik kalitatezko zerbitzu publikoak emateko, baita gizarte gisa ditugun erronkei erantzuteko eta etorkizunean ongizate ekonomiko eta soziala bermatuko duten proiektu estrategikoak bultzatzeko ere". Mendozak zorionak eman dizkie lehiaketa honetan saritutako ikasleei, bai eta Ogasun eta Finantza Departamentuari ere, gazteen artean kontzientzia fiskala sustatzen duten ekimenak bultzatzeagatik.
Unitate didaktikoa
Ogasuneko eta Finantzetako diputatu Itziar Agirrek, bere aldetik, heziketa ekonomiko eta fiskalari buruzko unitatean parte hartzera animatu ditu ikastetxeak. Unitate hori "2014an jarri zen martxan, eta dagoeneko lurraldeko ia 25.000 ikaslek hartu dute bertan parte". Agirre ere pozik agertu da ekimen honek duen onarpen onagatik, "hamaika urtean sei ikastetxetan bakarrik ematetik 90 ikastetxetan ematera igaro baita".
Unitate didaktikoa DBHko 4. mailatik aurrerako ikasleei ematen zaie, eta ikasleen artean kontzientziazio fiskal handiagoa sustatzea du helburu. Unitate horretan EAEko zerga sistemaren oinarrizko ezaugarriak azaltzen dira, zerga nagusien egitura ezagutarazten da, identifikatzen da zer zerbitzu publiko ematen dituen administrazioak bildutako diruarekin, eta iruzur fiskalari aurre egiteak duen garrantziaren inguruko eztabaida bultzatzen da.
3843