Bideoa ikusi baduzu…

…ondokoa ere jakin nahi izango duzu

INDARKERIA MATXISTA

Indarkeria matxista hainbat modutara agertu daiteke, eta horietako asko gure begien aurrean gertatzen dira; familian, lanean edo aisialdian. Egitasmo honen bitartez, gizartean normaltasunez onartzen diren erasoak identifikatzen lagundu nahi dizugu; izan ere, eraso horien aurrean duzun jokaera ezinbestekoa da eraso horiek errepikatu ez daitezen.

Indarkeria matxistaren inguruko hainbat gai garrantzitsu

Gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasuna

Indarkeria matxistaren oinarrian kokatzen dira emakumeek bizitzako eremu guztietan jasaten dituzten egiturazko genero-ezberdintasunak. Indarkeria hori, emakumeek jasaten duten ezberdintasunaren beste adierazpen bat izateaz gainera  –ziur asko, larriena–, kontrol sozialerako funtsezko tresna ere bada, ezberdintasun hori mantendu eta finkatu dadin.

Erantzukizun kolektiboa

Indarkeria matxistak egituraz duen dimentsioari erreparatuta, hari aurre egiteko bidea erantzukizun eta inplikazio kolektiboa da. Erantzukizun hori gauzatzeko, lehenik eta behin, indarkeria matxista egiturazko gaia izateak zer dakarren ulertu behar da.

Ezberdintasun estrukturala

Emakumeon eta gizonon kokapena ezberdina da gizartean, egokitu zaigun sexuaren araberako genero-identitatearen eraikuntzaren ondorio. Ezberdintasun horiek gure kulturak eta lanaren banaketa sexualak definitzen dituzte, non emakumeek hartu behar duten zaintza-lanen ardura. Lan horiek, garrantzitsuak izan arren, gutxietsi egiten dira, ordainduak izan ala ez.

NOLA JOKATU

Beharrezkoa da eraso matxisten aurrean nola jokatu behar den ikastea; izan ere, haren funtsezko arrazoiak kontuan hartzen ez badira, baliteke, borondate ona izanda ere, behar bezala ez jokatzea. Jarraian, zenbait jarraibide zehazten dira, lagungarri izan daitezen hainbat egoeratan jarduteko. Indarkeria matxista, berriz, zuk jasaten baduzu eta laguntza behar baduzu, kontsultatu Baliabideak eta zerbitzuak atala.

OROKORREAN

Indarkeria matxistaren jatorria emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun-egoera estrukturala izaki, hori saihesteko eta aurre egiteko estrategiarik onena kontzientzia feminista garatzea da; hau da, emakumeen eta gizonen ezberdintasunaz jabetzea, indarkeria matxistak emakumeen giza eskubideen urraketa dakarrela onartzea, eta gizonen eta emakumeen arteko banaketa eta hierarkizazio sexualean oinarritzen den antolamendu sozialaren oinarria dela onartzea.

Emakumeen kasuan, gizonekiko ezberdintasun-egoeran jartzen dituzten egiturazko baldintzatzaileez jabetu behar da, bizi izan diren indarkeria matxistaren egoerak ez baitira errealitate indibiduala, kolektiboa eta estrukturala baizik. Ikuspegi hori funtsezkoa da emakumeek ezberdintasun-egoerei eta indarkeria matxistari aurre egin diezaieten, euren autonomia, borondatea eta ongizatea lehenetsiz. Gai horiek ezagutzeko eta sakontzeko, oso interesgarria izan daiteke lurraldeko udalerri askotan dauden Emakumeen Etxeetara edo Jabetza Eskoletara hurbiltzea.

Udal-izaerako gune horietan, kontzeptu-baliabideak eskura daitezke, egun bizi diren edo bizitzen ari diren genero-ezberdintasun estrukturalez nahiz indarkeria matxista diren egoerez jabetzeko. Gainera, egoera berean dauden emakumeen babes kolektiboa eskaintzen dute, non antzeko esperientziak eta bizipenak partekatzen dituzten. Topaketa kolektibo eta komunitario hori funtsezko laguntza da emakumeak genero-ezberdintasunez jabetu daitezen, eta euren baliabide pertsonalak eta kolektiboak areagotu ditzaten, indarkeria matxistaren egoerak saihestu, identifikatu, horiei aurre egin eta gainditzeko.

Azkenik, Emakumeen Etxeetan aholkularitza orokorra ere eskaintzen da; beraz, oso espazio egokiak izan daitezke ohiko lehen kontsultak egiteko, bai indarkeria matxista lehen pertsonan bizi dutenentzat, bai hurbileko norbaiti lagundu nahi bazaio.

Kontsultatu non kokatzen den hurbilena

EGUNEROKO EGOEREN AURREAN

Gizon batek espazio publiko batean emakume bat gutxiesten duen egoera baten lekuko bazara, adibidez denda batean.

Egoera horietan, garrantzitsua da gutxietsia izan den emakumeari babesa eskaintzea. "Ixo, ez zara ezertaz jabetzen-eta!" bezalako adierazpen baten aurrean, emakumeari irribarre egin diezaiokezu eta adeitasunez esan: "Tira, ziur zerbaiten berri izango duzula". Zer esan ez badakizu, berriz, emakumearekin konplizitatea erakutsi dezakezu irribarre baten bitartez, adibidez.

Praktika horiek hobetzeko, garrantzitsua da proba ezberdinak egitea. Beti ez duzu, akaso, esaldi egokia aurkituko; garrantzitsuena kontzientzia hartzea da, horrelako egoerez jabetzea eta jarrera aldatzea, betiere kontuan hartuz ez dela tentsio-egoera areagotu behar. Helburua emakumeari babesa eta hurbiltasuna erakustea da, ez erasotzailearekin eztabaidan hastea.

Eztabaida gogor baten lekuko bazara, non gizon batek emakume bat beldurtu duen, eta ematen duen indarkeria-egoera baten aurrekaria edota egoerak botere-harreman matxista oso nabarmenen sintoma izan daitekeela

Biktimarekin harremanetan jarri, eta ondo dagoen galdetu behar diozu. Agian, nahikoa da keinu bat egitea. Eztabaida kalean gertatzen bada, gelditu zaitez eta adierazi zure kezka jendeari, jarrera kolektiboa sortzeko.

Oso garrantzitsua da emakumearekin komunikatzea, eta ez erasotzailearekin. Biktima babestu behar da, eta salbatzen saiatu. Ez da estutasunean dauden damak erreskatatzen dituen zaldunarena egin behar, horrek ez baitu emakumea ahalduntzen.

Egoerak nabarmen egiten badu okerrera eta bortitzagoa bilakatzen bada (indarkeria fisikoa), edo biktimak hala eskatzen badu, esku hartu behar da. Lehenik eta behin, 112 zenbakira deitu behar da esku-hartze egokia bermatzeko (poliziala, sanitarioa, larrialdietako gizarte-zerbitzuak). Pertsona talde bat erasoaren lekuko izanez gero, eta biktimaren osotasun fisikoa arriskuan jarriz gero, esku har dezakezue egoerari eusteko helburu hutsarekin, beharrezko babes- eta arreta-zerbitzuak iritsi arte.

Emakume batek indarkeria matxista izan daitekeen egoera baten berri ematen badizu, zuzenean edo zeharka, bai bikote-harremanean, lan-harremanean, familia-harremanean edota bestelako harremanetan.

Garrantzitsua da normaltasunez jardutea. Indarkeria matxista oso ohikoa da; beraz, ez da harriduraz jokatu behar.

Gertutasuna erakusteko helburuarekin, norberak jasandako indarkeria matxistako egoeren berri eman dakioke bere egoera kontatzen ari denari, baldin eta norberak bizi izan badu. Kontuan izan behar da emakumeek intentsitate eta larritasun ezberdineko indarkeria matxista egoerak pairatzen dituztela euren bizitzan zehar. Beraz, entzulea emakumea denean, oso erraza da indarkeria mota horrekin bizitako esperientziak bizi izatea.

Garrantzitsua da entzule aktiboa izatea, bere intimitatea partekatzen ari den emakumea ez epaitzea eta "eta zu ez zinen konturatu oldarkorra zela?" bezalako galderak saihestea. Gainera, galderak egiteko baimena eskatuko da.

Bizipenak kontatzen ari den emakumeak indarkeria matxista bizi duela jakin dezake, edo baliteke oraindik ere "oso argi ez izatea".

1. Lehenengo kasuan, hau da, biktima bizi duen egoeraz jabetzen da, aipatutako jarraibideak beteko dira; ez zara harrituko, hurbiltasuna erakutsiko diozu, ez duzu epaituko, eta bere intimitatea errespetatuko duzu. Garrantzitsua da egoera beste pertsona batzuekin ez partekatzea, eta elkarrizketan azaltzea espazio segurua dela, intimitatea errespetatuko dela adieraziz. Lortutako informazioa partekatu behar bada, biktimari laguntzeko, elkarrizketan zehaztuko eta hitzartuko da.

Baliteke, biktimak eragozpenik ez izatea bere egoeraren berri emateko, bizi duen egoera jendaurrean jarri nahi baitu, salaketa publiko gisa eta gizarte-babesa bilatzeko. Kasu horretan, bere jarrera babestuko da.

Erasoa jasaten ari den emakumeak laguntza behar badu edota zalantzarik badu egin dezakeenaren inguruan, "Zerbitzuak eta baliabideak" atalean jasotako aukeren berri emango zaio.

2. Bigarren kasuan, intimitatea partekatzen ari den emakumeak ez duenean identifikatzen indarkeria matxista jasaten ari dela, entzun egingo zaio, eta itzultzen saiatuko da egoera hori ez dela elkarrekikotasun- eta errespetu-harreman batean oinarritzen. Gertatzen ari denaren erantzukizuna "tratu txar" hori eragiten duenarena dela, eta ez dagoela "tratu onik”. Bi ideia horiek helarazi ondoren, ez da kontakizuna partekatzen ari den pertsona estutuko. Indarkeria matxista jasaten ari dela jabetzeak, zenbait kasutan, barne-prozesu bat eskatzen du, eta horretarako beharrezkoa da denbora.

Espazio fisiko edo birtual batean soilik, edo hein handi batean, gizonek parte hartzen badute, eta emakumeak iraintzen edo erasotzen badira.

Oso ohikoa izaten da bideoak, iruzkinak eta bestelako edukiak telefono mugikor bidez partekatzea, non emakumeak guztiz objektibizatzen eta iraintzen diren. Kasu horietan, beharrezkoa da aurkako jarrera erakustea, eta adieraztea eduki horiek matxistak direla, emakumeak iraintzen dituztela eta ezin direla onartu, eta horiek ezabatzeko eskatzea eta taldeko gainerako partaideen jarrera bultzatzea, gainerakoei zuzenean galdetuz zer iritzi duten horri buruz. Taldeak partekatzen duen matxismo-maila aztertzeko modua ere bada, baita gainerako partaideen artean babesa bilatzeko ere.

Era berean, ohikoa izaten da emakumeei buruzko iruzkin matxistak partekatzea; albotik pasatzen den emakume bati buruzko iruzkinak egitea edo norberaren esperientziak kontatzea emakume baten intimitatea modu iraingarrian partekatuz, emakume hori ez baitago bertan. Kasu horietan ere beharrezkoa da aurkako jarrera erakustea, eta adieraztea ez direla matxismo modu horiek partekatu behar, iraingarriak baitira emakumeentzat zein gizonentzat, berdintasunezko harremanen esparruan eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako harremanak izan nahi badituzte.

ZERBITZUAK ETA BALIABIDEAK

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako zerbitzuak eta baliabideak

Eusko Jaurlaritzaren telefono bidezko arreta eta orientazioa.

900 840 111 telefono-zenbakia

Telefono bidezko zerbitzua da, non orientazioa eta aholkularitza lor daitezkeen indarkeria matxistaren biktima diren emakumeek arreta-zerbitzu guztiei eta zerbitzuak izapidetzeko moduari buruz.

Informazio gehiago

Eusko Jaurlaritzaren ARRETA ETA ORIENTAZIO JURIDIKOKO ZERBITZUA.

Arreta eta orientazio juridikoko zerbitzua

Epaitegian aholkularitza juridikoa eska daiteke, nahiz eta salaketa berehala jartzen ez den.

Zerbitzu hori bikotekideen arteko indarkeriari eta sexu-askatasunaren aurkako indarkeriari dago lotua.

Informazio gehiago

Gipuzkoako Foru Aldundiko zerbitzuak.

Aholkularitza juridikoa

Prozesuaren aurreko arreta-zerbitzua da, eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arlo juridikoan, zentzu zabalean, aholkularitza ematea du helburu, erabakiak hartzen laguntzeko. Aholkularitza luzeagoa da, eta ikuspegi integralagoa du. Prozesu judizial bat hasiz gero, ez du barne hartzen abokatu-ordezkaritza. Zerbitzua Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen du, eta Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez eskatzen da.

Arreta psikologikorako zerbitzuak

Laguntza eta arreta psikologikorako zerbitzua da, biktimek ahalduntzeko tresnak izan ditzaten eta bizi izan duten indarkeria matxistaren egoerari eta ondorioei aurre egin diezaieten. Zerbitzua Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen du, eta Udaleko Gizarte Zerbitzuen bitartez eskatzen da.

Harrera-zentroetara sarbidea

Harrera-zentroen helburua da indarkeria matxista jasan duten biktimen (eta haien ardurapean dauden adingabeen) segurtasuna bermatzea. Harrera-zentroetako egonaldia laburra edo erdibidekoa izan daiteke (hilabete batetik sei hilabetera). Zerbitzua Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen du, eta ohiko moduan eska daiteke Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailean edota larrialdietan, Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzuaren bidez (GLFZ): 943 22 44 11.

Laguntza ekonomikoak.

 

Bi laguntza ekonomiko mota daude; ordainketa bakarrekoa eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE), biak bikote-eremuko indarkeria-kasuetarako.

Ordainketa bakarreko laguntzak Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren bidez izapidetzen dira

Genero-indarkeriaren biktimentzako DSBE laguntza Lanbideren bidez izapidetzen da