Agirrek adostasunerako deia egin du: “Zerga neurri hauen eguneratzeak Gipuzkoako erronka sozial eta ekonomikoetan aurrera egitea bideratuko du”
Agirrek adostasunerako deia egin du: “Zerga neurri hauen eguneratzeak Gipuzkoako erronka sozial eta ekonomikoetan aurrera egitea bideratuko du”
Agirrek adostasunerako deia egin du: “Zerga neurri hauen eguneratzeak Gipuzkoako erronka sozial eta ekonomikoetan aurrera egitea bideratuko du”
Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuak Foru Gobernuak planteatutako neurriak eta zerga neurri batzuk aldatzeko Foru Arau proiektua osatzen duten zuzenketak defendatu ditu gaur goizean Batzar Nagusietako osoko bilkuran.

Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran hitza hartu du gaur goizean, EH Bildu batzarkide-taldearen osoko zuzenketaren aurrean Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga-sisteman zenbait aldaketa txertatzen dituen Foru Arauaren aurreproiektua defendatzeko. Agirrek proiektuaren zerga-neurriak zehaztu ditu, baita Gipuzkoako Batzar Nagusietan zuzenketen bidez sartutakoak ere.
Horien artean, nabarmentzekoak dira etxebizitzarekin, talentua erakartzearekin, euskal enpresek lurraldean duten errotzearekin, langileek beren enpresen kapitalean parte hartzearekin eta proiektu estrategikoak sustatzearekin lotutako aldaketak. “Zerga-hobekuntza horiek guztiek helburu komun bati erantzuten diote: lurraldearen lehiakortasuna indartzea eta lehentasunezko gizarte-erronkei erantzun hobeak eskaintzea, hala nola etxebizitza eskuratzeko zailtasunari dagokionez”.
Foru diputatuak Gipuzkoako eta EAEko esparru fiskalaren sendotasunean eta egonkortasunean, eta tresna hori aprobetxatzearen beharrean jarri du azpimarra, “beste batzuetan egin ohi den bezala, gure gizartearen ongizaterako estrategikotzat jotzen ditugun arloetan azeleragailua zapaltzeko eta, nazioarteko egoera nahasi eta ziurgabetasunez beteriko honetan, gure ehun ekonomikoari lagundu eta babesa ematen jarraitzeko”.
EH Bilduk egindako kritiken aurrean, Agirrek deitoratu egin du alderdi horrek “berriro ere gurpilari oztopoak jartzea”. Gogorarazi du 2025eko zerga-erreformaren neurriekin ere jarrera bera izan zuela, eta oraingoan ere osoko zuzenketa aurkeztu duela, aurreko beste batzuetan egin duen bezala.
“Hau akordioen legealdia izaten ari da, eta gure apustua oso argia da: esertzea eta hitz egitea akordioak lortzeko. Pertsonen bizitzan hobekuntzak ekarriko dituzten neurriak adostu nahi ditugu, baita gure enpresen lehiakortasuna indartzen lagunduko dutenak ere” adierazi du Agirrek.
Azkenik, Ogasun eta Finantza diputatuak eskerrak eman dizkio gobernukide duen PSE-EEri, neurri horiek garatzeko egindako lanagatik, eta gainerako alderdiei gonbita egin die foru-arauaren proiektu hau eztabaidatzeko eta akordio sendo bat lortzeko “Gipuzkoako herritarren mesedetan”.
1066