Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak Amuteko biribilgune berriaren eraikuntza lizitatu du, Hondarribiko sarbideak hobetzeko

Aldundiak Amuteko biribilgune berriaren eraikuntza lizitatu du, Hondarribiko sarbideak hobetzeko

Aldundiak 1,32 milioi euro bideratuko ditu egungo bidegurutze semaforizatua ordezkatu eta trafikoaren segurtasuna eta arintasuna hobetzeko. Jarduketa Bidasoaldeko Hobekuntza Plan Integralaren parte da, eta bidegorri eta oinezkoentzako ibilbide berri batekin osatu du jarduketa hau.

2026/07/28
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak urrats berri bat eman du Bidasoaldeko Hobekuntza Plan Integralaren garapenean, Amuten (Hondarribia) biribilgune berri bat eraikitzeko obren lizitazioarekin. Biribilgune horrek egungo bidegurutze semaforizatua ordezkatuko du, segurtasuna hobetzeko, eta auto-ilarak kenduko ditu udalerrira sartzeko puntu horretan. Gobernu Kontseiluak gaur goizean onartu du 1,32 milioi euroko oinarrizko aurrekontuarekin eta sei hilabeteko egikaritze-epearekin lizitatuko den eraikuntza-proiektua. Aurreikuspenen arabera, obrak 2027an hasi ahalko dira.

Azpiegitura berriak semaforoek araututako gurutzatze bat ordeztuko du. Bertan, eguneko une jakin batzuetan auto-ilarak sortzen dira, auzorako sarbideari zein Hondarribirako eta aireporturako joan-etorriei eragiten dietenak. Biribilguneak hiru adar izango ditu (bi N-638 errepideari dagozkio eta beste bat auzora sartzeko), eta trafiko-mugimenduak antolatzea, itxaronaldiak murriztea eta bidearen segurtasuna indartzea ahalbidetuko du.

Jarduera hau Bidasoaldeko Bide Azpiegiturak Hobetzeko Plan Integralaren barruan Hondarribirako sarbideak eraldatzeko aurreikusitako lanen hasiera da. Plan hori Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako estrategia da, eskualdeko mugikortasuna, bide segurtasuna eta konektibitatea hobetzeko, eta datozen urteetan 50 milioi eurotik gorako inbertsioa egitea aurreikusten da, Irunen eta Hondarribian egingo den jarduketa sortarekin.

Bidegorriaren lizitazioa aurki

Amute eremuko esku-hartzea osatzeko, bidegorri berri bat eta  oinezkoentzako ibilbide bat eraikiko dira errepidearen paraleloan, Hondarribiko herrigunearekin lotzeko. Proiektu hori tramitazio fasean dago jada, eta lizitazioaren zain, obrak 2027an egin ahal izango direla aurreikusita.

Aurrerapen berri horrekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak urrats berriak egiten jarraitzen du Bidasoaldeko Hobekuntza Plan Integralaren garapenean, eskualdeko mugikortasuna hobetzeko aurreikusitako jarduerak bultzatuz.

Horien artean, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuak Arbes-Oinaurre loturaren proiektua idazten jarraitzen du. Hori da planaren jarduketa nagusietako bat, eta Arbesen beste lotune erdi bat eraikitzea aurreikusten du. Horri esker, Behobiatik eta Behobiaranzko mugimenduak egin ahal izango dira, bai eta Oinaurreko lotune erdiarekin lotu ere, 2,1 kilometroko bide berri baten bidez. Horrela, AP-8ko lotunea osatuko da eta konexio berriak sortuko dira Irungo herrigunearekin.

Era berean, Azken Portuko biribilgune berria egiten ari dira, 756.931 euroko inbertsioarekin, eta obrak datorren azaroan amaitzea aurreikusten da.

Bestalde, departamenduak planaren barruan aurreikusitako jarduerak garatzen eta zabaltzen jarraitzen du. Horien artean dago Amutaldeko saihesbide berria, gaur egun izapidetzen ari dena, GI-636 eta N-638 errepideak lotuko dituena bi biribilgune berriren bidez. Azpiegitura horrek ibilbide alternatibo bat eskainiko du Hondarribia eta Irun artean, eta gaur egun Mendelu auzoko Amutalde kalea zeharkatzen duen trafikoa murriztea ahalbidetuko du.

Plaiaundin sarrera-errei berriaren proiektuak ere izapidetzen jarraitzen du, eta 2027rako gauzatzea aurreikusten da. Jarduera horrek Bidasoaldeko bide-sareko beste gune estrategiko bateko trafikoaren segurtasuna eta arintasuna hobetzen lagunduko du.

  

1306