Foru Aldundiak abuztura zabaldu du Uliazpiko adimen-desgaitasuna duten adingabeentzako eguneko laguntza-zerbitzua
Foru Aldundiak abuztura zabaldu du Uliazpiko adimen-desgaitasuna duten adingabeentzako eguneko laguntza-zerbitzua
Foru Aldundiak abuztura zabaldu du Uliazpiko adimen-desgaitasuna duten adingabeentzako eguneko laguntza-zerbitzua
• Proiektu pilotuari esker, abuztuan laguntza-premia handiak dituzten adingabeei arreta espezializatua eskainiko zaie; horrela, haien ongizatea hobetzeaz gain, familiei ere atseden hartzeko aukera emango zaie, laguntza-baliabide gutxiago dauden garai batean

Uliazpiren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu pilotu bat jarri du abian abuztuan, lehen aldiz urteko garai honetan adimen-desgaitasuna eta laguntza-premia handiak dituzten adingabeei eguneko laguntza-zerbitzua eskaintzeko. Egitasmoa atseden-zerbitzua erabiltzen duten familien behar bati erantzuteko sortu da; izan ere, udan ohiko laguntza-baliabide asko eten edo murriztu egiten dira, eta familiek intentsitate handiko zaintza-lanei aurre egiten jarraitzen dute.
Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñaren hitzetan, «zaintza-ereduaren eraldaketak pertsonak eta haien beharrak politika publikoen erdigunean jartzea eskatzen du. Gure konpromisoa da gero eta pertsonalizatuagoa izango den sistema baten alde egiten jarraitzea, sortzen diren beharretara egokitzeko eta pertsonen zein haien familien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten erantzunak eskaintzeko gai izango dena. Proiektu pilotu honek, hain zuzen ere, zaintza ulertzeko modu horri erantzuten dio, antzemandako behar bati egokituz baliabide publikoak».
Peñak gaineratu duenez, «laguntza-premia handiak dituzten adingabeekin bizi diren familiek balio handiko lana egiten dute, eta babes eta laguntza behar dituzte bereziki zailak diren garaietan ere, hala nola abuztuan, ohiko baliabide asko eskuragarri ez daudenean. Ekimen honen bidez, adingabeek eta haien familiek jasotzen dituzten laguntzak indartzen ditugu, haien ongizatea sustatuz eta udan ere haien beharretara egokitutako erantzuna eskainiz».
20 urtetik beherako adingabeei zuzendua
Zerbitzua Donostiako Ategorrieta zentroan emango da abuztuan, Gazteak zerbitzuaren instalazioetan. Hartzaileak gehienez 20 urte dituzten adimen-desgaitasuna duten adingabeak izango dira, baldin eta Uliazpik aurrez baloratu baditu eta 2. edo 3. mailako laguntza-premiak badituzte.
Arreta pertsonalizatuaren bidez, erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitutako programa garatuko da. Programa honek uztartuko ditu: aisialdi inklusiboko jarduerak, sormen eta zentzumen-tailerrak, autonomia pertsonala eta gizarte-trebetasunak sustatzeko ekintzak, estimulazio kognitiboko programak eta komunitate-ingurunera egingo diren irteerak. Helburua da haien ongizatea sustatzea, eguneroko ohiturei jarraipena ematea eta komunitatean modu aktiboan parte hartzea bultzatzea.
Aldi berean, zerbitzu honek familien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du, abuztuan laguntza espezializatua eskainiz, ohiko baliabideak urriagoak diren garai batean. Horrela, zaintzaileei atseden hartzeko eta lana zein familia uztartzeko aukera erraztuko die, eta, aldi berean, adingabeei beren beharretara egokitutako ingurune seguru batean arreta profesionala bermatuko die.
1046