Gipuzkoako gazteen % 88k uste du osasun mentalari buruz hitz egiteak tabu izaten jarraitzen duela
Gipuzkoako gazteen % 88k uste du osasun mentalari buruz hitz egiteak tabu izaten jarraitzen duela
Lurraldeko 2.000 gaztek baino gehiagok parte hartu duten 'GazteAkt'-en inkestak agerian utzi du, halaber, gazteen % 27k ez duela norengana jo emozionalki gaizki sentitzen denean. Horrek areagotu egiten du ongizate emozionalari ikuspegi prebentibotik eta komunitariotik heltzeko beharra.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Telmo Segués GazteAkt ekimenaren arduradunak eta Iosu Arraiz, Aldundiko Estrategia zuzendari nagusiak gaur goizean aurkeztu dute azken hilabeteetan lurraldearen egungo erronka nagusietako baten inguruan egindako lanketa, Gipuzkoako gazteen ongizate emozionalari buruzkoa. Testuinguru horretan, GazteAkt entzuketa eta parte-hartze ekimenak aurrera egiten jarraitzen du, bere azken prozesuan osasun mentala hartuz aztergai gisa. Hala, lurraldeko 2.000 gaztek baino gehiagok parte hartu dute datu esanguratsuak azaleratu dituen inkesta batean; eta, besteak beste, % 88k uste dute osasun mentalari buruz hitz egitea, hein handi batean, tabu dela oraindik orain; agerian geratu delarik esparru horretan sentsibilizazioan eta normalizazio sozialean sakontzen jarraitu behar dela. Era berean, Aldundiak aurreratu du Gipuzkoa Taldean programaren deialdi berri bat jarri dela abian, prebentzioaren eta komunitatearen ikuspegitik gazteen ongizate emozionala sustatzen duten proiektuak bultzatzeko.
Mendozak, lehenik eta behin, eskerrak eman dizkie “GazteAkt programan parte hartu duten gazteei, egindako lanagatik eta inplikazioagatik”, eta nabarmendu du haien ekarpenari esker “lurraldeko gazteak benetan kezkatzen dituen horretan eta errealitatea ulertzeko eta jarduteko moduan arreta jarri” dela. Hain zuzen ere, azken hilabeteetan landutako gaia “legealdi honetako erronka handienetako baten erdigunean kokatzen da: pertsonen ongizate integrala, eta, kasu honetan, alde emozionalari dagokiona”.
Ildo horretan, adierazi du GazteAkt ekimenaren esparruan egindako ikerketak “izena eta testuingurua” jartzen diela gazteek sentitzen dutenari, eta emozio nagusi gisa identifikatzen dituela “neke emozionala, antsietatea eta estresa”. Haren ustez, datu horiek agerian uzten dute “ongizate emozionala estuki lotua dagoela ingurunearekin eta bizi-baldintzekin, eta ez soilik faktore indibidualekin”. Era berean, azterlanaren datu esanguratsuenetako bat azpimarratu du: “gazteen % 27k adierazi du ez duela norengana jo emozionalki ondo sentitzen ez denean”, eta horrek, Mendozaren hitzetan, “komunitate osoa zuzenean interpelatzen du”. Ondorioz, defendatu du erronka horri ezin zaiola “bakardadetik edo indibidualismotik heldu”; aitzitik, “komunitate indartsu bat eraikitzea eskatzen duela, non pertsonak zerbaiten parte sentituko diren, espazio seguruekin eta harreman sakon eta esanguratsuekin”. “Pertsona eta komunitatea txanpon beraren bi aldeak dira”, amaitu du.
GazteAkt: Gazteentzako garrantzia duten gariak
GazteAkt ekimenak joan den urrian hasi zuen bere ibilbidea, eta entzuketako eta eztabaidarako kanal berri gisa taxutu da. Hasieratik, ekimenak lurralde osoko 5.000 parte-hartzaile baino gehiago inplikatu ditu komunitate digital ireki baten bidezko kontsulta-prozesuetan, dinamika presentzialekin konbinatu dena. Bere egitura hausnarketa kolektiborako deia egiten duten dilema tematikoak aldizka aktibatzean oinarritzen da, inkestek eta topaketek lagunduta, non gazteek iritziak kontrastatu ahal dituzten. Azkenik foru arduradunei aurkezten zaie lanketa, diputatu nagusiak berak parte hartu duen topaketetan.
Telmo Segués GazteAkt ekimenaren arduradunak oso balorazio positiboa egin du ekimenaren ibilbideaz eta lortutako erantzun zabalaz, eta azpimarratu du prozesua argi uzten ari dela “gazteek iritzia dutela, proposamenak dituztela eta parte hartzeko gogoa eta interesa dutela”. Ildo horretan, nabarmendu nahi izan du GazteAkt ez dela inkesta prozesu hutsa, baizik eta bere elementu bereizgarri nagusia ‘Aktibazio Foroa' dela: Gipuzkoako hainbat lekutatik etorritako 17 gaztek osatutako talde egonkor bat, lurraldeko milaka gazteren artean jasotako ideiak aztertzeaz, eztabaidatzeaz eta deliberatzeaz arduratzen dena, proposamen zehatz bihurtzeko. Azaldu duenez, “dilema bakoitzean 40 proposamen inguru jasotzen dira, eta foroaren lanaren bidez, benetako eragina izan dezaketen ekimen bihurtzen dira”.
Identitatean eta kidetasun-sentimenduan oinarritutako lehen prozesu baten ostean, GazteAkt erakundeak ongizate emozionalaren dilema landu du berriki, eta bertan egin da Gipuzkoako 2.000 gaztek baino gehiagok parte hartu duten inkesta. Oro har, datuek erakusten duten errealitate konplexuan ongizate emozionala tarteko mailetan kokatzen da: gazteen % 63 ongizate-balioetan kokatzen da, “ondo edo oso ondo artean”, eta % 25, berriz, eskalan 5etik behera. Puntuaziorik ohikoenak batez besteko balioetan kontzentratzen dira (6 eta 7), eta horrek ongizate “onargarria” islatzen du, baina gorabeherak ditu.
Egunerokotasunean gailentzen diren emozioak higadura emozionalarekin lotuta daude: gazteen % 60k maiz izaten dute neke emozionala, % 58k antsietatea eta % 52k estresa, beste emozio positibo batzuen oso gainetik, hala nola alaitasuna ( % 26) edo lasaitasuna ( % 9). Datu horren arabera, presioa eta exijentzia eguneroko bizitzaren parte dira.
Lagunengana (% 31) eta senideengana (% 25) jotzen dute nagusiki gazteek emozionalki gaizki sentitzen direnean. % 31 ez da sentitzen talde, sare edo komunitate baten kide bere inguruan.
Presioaren jatorriari dagokienez, % 45ek lan-etorkizuna jotzen dute exijentzia-eremu nagusitzat, eta, ondoren, ikasketak ( % 24) eta eguneroko bizitzako beste aspektu batzuk (% 24). Gainera, % 20k uste du sare sozialetako konparazioa faktore garrantzitsua dela, eta % 18k adierazi du presioa sentitzen duela bere bizitzako esparru guztietan.
Oro har, entzuketa prozesu horren emaitzek ongizate emozionala Gipuzkoako gazteen erronka handienetako bat bezala kokatzen dute, eta errealitate horri prebentzioaren eta komunitatearen ikuspegitik erantzun publikoa garatzen jarraitzeko beharra azpimarratzen dute.
Proiektu berrietarako deialdia
Azterlanak agerian uzten du Aldundiak legegintzaldi honetarako ezarritako erronka nagusietako baten garrantzia, hainbat jarduera ildoren bidez lantzen ari dena. Esparru horretan, Gipuzkoako gazteen ongizate emozionala sustatzera bideratutako Gipuzkoa Taldean programaren 2026ko deialdia onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hala, Iosu Arraiz, Estrategiako zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, “haurtzaroa eta nerabezaroa arrisku handiko garaiak dira osasun mentaleko arazoei dagokienez, eta, gainera, pandemiaren ondoren areagotu egin dira. Nerabezaroa, bereziki, funtsezko garaia da ongizate mentalerako oinarrizko ohitura sozial eta emozionalak garatzeko, eta etapa horretan garrantzitsua da ingurune egoki eta babestu bat izatea, bai familian, bai eskolan eta komunitatean”.
Programak prebentzio-ikuspegia duten proiektuak lehenesten ditu, esku-hartzea beharrezkoa izan aurretik babes-faktoreen gainean jarduteko; prozesu berritzaileak, metodologia berriak eta eragileen arteko lankidetzarako sare komunitarioak sustatuz. Ekimenak, orokorrean, 12 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendu beharko zaizkie, baina ikuspegi zabalagoa izan ahal izango dute, gazte guztiak barne hartuko dituena. Deialdiak 300.000 euroko zuzkidura izango du guztira, 2026ko eta 2027ko ekitaldien artean banatuta. Era guztietako erakundeek parte hartu ahal izango dute, eta bereziki baloratuko dira udalekin lankidetzan garatzen diren proiektuak.
Iazko deialdian bultzatutako ekimenen artean, Arraizek Eibarko Gazte Kide proiektua nabarmendu du, ongizate emozionala sustatzen duen proposamen komunitario bat, zaurgarritasun egoeran dauden gazteei zuzendutako harrera sare bat sortuz, bereziki gazte migratzaileei zuzendua; kirolaren, aisialdiaren eta euskararen bidez haien integrazioa bultzatuz. Iruran, IKT-ak menperatuz proiektuak nerabeen artean teknologia digitalen erabilera arduratsuari buruzko kontzientziazioa landu du, alfabetizazio digitala ongizate psikosozialarekin lotuz. Bestalde, Legazpin nerabeei laguntza emozionala emateko zerbitzu pilotu integral bat jarri da abian, entzuteko espazioekin ikastetxeetan, ikasgeletako tailerrekin, EmozioGuneen sorrerarekin eta familiei, irakasleei eta hezkuntza-eragileei zuzendutako prestakuntza-ekintzekin, ongizate emozionalaren inguruko sare komunitarioa indartzeko.
1010