Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Jasangarritasun departamentuak eta Andadek material ortoprotesikoa berrerabiltzeko Espainiako lehen BPZ sanitarioa bultzatu dute

Jasangarritasun departamentuak eta Andadek material ortoprotesikoa berrerabiltzeko Espainiako lehen BPZ sanitarioa bultzatu dute

Osasun arloko Berrerabilera Prestatzeko Zentroak material ortopedikoa eta protesikoa gizarte- eta ingurumen-baliabide bihurtuko du, ekonomia zirkularra eta inklusioa sustatuz.

2025/12/23
Sostenibilidad

Proiektu honek osasun-zentroen, gizarte-erakundeen eta sektoreko eragileen arteko lankidetza-sarea zabaltzen du, material ortoprotesikoaren bilketa, ebaluazioa eta berrerabilera errazteko.

José Ignacio Asensio: “Ekonomia zirkularraren aldeko apustua egiten dugunean, konbentzimenduagatik eta justizia sozialagatik egiten dugu. Osasun arloko Berrerabilera Pretatzeko Zentro berriak erakusten du kudeaketa publikoak aukera bihur dezakeela hondakin bat, konponbide errealak eskain diezazkiekeela gehien behar dutenei, eta aurrera egin dezakeela lurralde bidezkoago, solidarioago eta jasangarriago baterantz”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Naturklima Klima-aldaketaren aurkako Fundazioaren bidez, ANDADE Fundazioarekin batera (Espainiako Anputatuen Elkarte Nazionala), lurraldeko berrerabilera prestatzeko bigarren zentroa (BPZ) jarri du abian, eremu sanitario eta ortoprotesikora bideratuta.

Proiektua prentsaurrekoan aurkeztu dute José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, Manuel Quesada ANDADE GKEko presidenteak eta Mónica Pedreira Trantsizio Ekologikoko zuzendariak. Osasuneko BPZ berri honen izaera berritzailea eta soziala nabarmendu dute.

Ehungintzari eskainitako lehen BPZa eraiki ondoren, Jasangarritasun Departamentuak beste aurrerapauso bat eman du ekonomia zirkularreko estrategian, Osasun arloko Berrerabilera Prestatzeko Zentroa sortuz. Estatuan proiektu aitzindaria da, eta osasuna, jasangarritasuna eta elkartasuna uztartzen ditu.

Zentroak protesiak, ortesiak, gurpil-aulkiak, makuluak eta material osagarria jasotzen, ebaluatzen eta berregokitzen ditu, bigarren bizitza erabilgarria emateko. Lurraldean behar duten pertsonei eta garapen-bidean dauden herrialdeei eta gatazka-eremuei nazioarteko dohaintzak egiten zaizkie. Dinamika horrek hondakinen sorrera murrizten du, eta mugikortasun murriztua duten edo kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen irisgarritasuna hobetzen du.

Lehen funtzionamendu-urtean, proiektuak 400 artikulu sanitario inguru berreskuratzea lortu du, erakunde publiko, pribatu eta sozialen sare zabal baten laguntzarekin: IMQ Klinika, Donostia Ospitalea, osasun-arloko elkargo profesionalak, farmazia-banatzaileak, GKEak eta tokiko elkarteak. Sare horri eragile berriak gehitzen ari zaizkio, eta horrek berreskuratutako materialaren bolumena handitzea eta bilketa-logistika indartzea ahalbidetuko du.

“Berrerabilera Prestatzeko Zentro berri hau gure estrategiaren funtsa da. Ekimenak hondakinak baliabide bihurtzea, eta gizartean eragin positiboa sortzea du helburu”, azpimarratu du José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak. “Beste behin ere ekonomia zirkularraren abangoardian gaude, ingurumena, osasuna eta lankidetza batzen dituen ekimen batekin, politika publikoek pertsonen bizitza hobetu dezaketela eta planeta aldi berean zaindu dezaketela erakutsiz”.

ANDADE Fundazioak, anputatuen kolektiboaren bizi-kalitatea hobetzea sustatzen duen erakundea da eta materiala biltzeko, ebaluatzeko eta emateko operatibaren buru da, Euskadi eta Nafarroara iristen den sare solidarioa ehunduz. Manuel Quesada presidenteak nabarmendu duenez, BPZ honek “aukera ematen du gailu horiek erraz eskura ezin dituzten pertsonei konponbide errealak eskaintzeko, eta, aldi berean, balio handiko material bat errefus-frakzioan amaitzea saihesten da”.

BPZ sanitarioa Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Planaren eta Gipuzkoako Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiaren helburuetan kokatzen da, berrerabilera sustatuz eta erakundearteko lankidetza bultzatuz. Gainera, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean bultzatutako ekimenetan txertatzen da, eta konpromisoa indartzen du eredu zirkularrago eta inklusiboago batekin eta gizarte- eta ingurumen-justiziaren printzipioekin bat etorriz.

Jarduketa horrekin, Jasangarritasun Departamentuak berrerabilera prestatzeko eredu bat finkatzen du, sistema efizienteago, solidarioago eta egungo klima- eta gizarte-erronkekin koherenteago baterantz aurrera egingo duena.

  

5693