Atzealdea "Artea sendagarri", saio irekiaren kronika

"Artea sendagarri", saio irekiaren kronika

"Artea sendagarri: kulturaren aukerak zaintza eredu berrian" saio irekian egun garatzen ari den zaintza eredu berrian kultura eta arte jardunbideek zer rol jokatzen duten aztertu genuen. Testuinguru horretan, aukera berriak zabaltzen al zaizkie artista, sortzaile eta kultura kudetzaileei?

"Artea sendagarri", saio irekiaren kronika

10 bat persona bertaratu ziren, K bulegoaren espazio berriko lehen saio irekia izan zen, Santa Teresa eraikinera lekualdatu baita. Kultura, artea eta zaintzak ekarri genituen hizpidera udazken orbelduko arratsalde erdi hartan.

Gizartean eztabaidatzen ari den zaintza-eredu berriaren harira hausnarketa partekatzen hasi zen K bulegoko Carlos Sánchez. Horrek abiapuntu polita eman zion elkarrizketari. Bakoitzak bere gaiarekiko interesa eta gogoetak partekatuz ekin genion elkarrizketari. Honek gai mordoa biltzen dituen ideien gune bat sortu zuen. Bi ordu ziztu bizian pasa ziren, eztabaidan erabat murgilduta, gogotsu bakoitza, nork bere ekarpenak elkarrizketa elikatuta.

Arte plastikoak eta psikomagia, adineko pertsonentzat narrazio artistikoek sortzen duten onura, ikus-entzunezkoen praktikan nola sustatu lanketa osasuntsuagoak; argazkigintza (auto)ezagutzarako lanabes, baita biziraupenerako ere; dantza, mugimendua eta osasuna uztartzea; musika arimarentzat, joskintza terapia… Laburrean, eremu soziosanitarioan eta gizarte-inklusioan, orokorrean, arteak ekar dezakeen ongizatea eta ondoeza arintzea. Horiek guztiak baliabide interesgarri eta sendagarri, besteentzat eta guretzat, zaintza eta autozaintza, beraz. Horien ifrentzua baina, sorkuntzan buru-belarri aritzeak eragiten dizkigun minak edo gaitzak. Hainbat artistarengan albo-kalteak baitakartza sormenaren gurpil zoroak: prekarietatea, somatizazioa, kronifikazioa, estresa eta larritasunak, esaterako.

Hona hemen azaldu ziren ideia, gogoeta eta esperientzia batzuk: Jostura eta arteterapia, batetik, eta musika eta dantzaren sendatzeko gaitasuna, bestetik. Horren adibide dira ADDEk antolatutako Dantza, Terapia, Mugimendu eta Osasun Jardunaldiak.

Beldurrak murriztu egin ditu zainketak. Zaintzearen inposizioa ez da ona, mundu guztia ez baitago prest zaintzeko.

Kultura azkar eta esker txarreko batean bizi gara. Arreta benetako zainketetan jarri behar dugu, ez zaintza inposatuetan, eta autozaintzatik abiatuta. Baina zainketek ez dute prestigiorik.

Pertsonengan nahikoa sinesten ez duen kultura batetik abiatzen garela onartu behar dugu.

Hezkuntza-esparrua giltzarria da kulturarentzat, eremu horretan hobekuntzak egiten ari dira, gero eta konfiantza handiagoko espazioak sortuz, bertan pertsonen garapen intelektual eta emozionala bultzatzen dute. Sorkuntzak eta kulturak ere espazio berriak berenganatzen dituzte, hala nola Kultura Eskola programa.

Alde horretatik, Kultura Eskola ekimen interesgarria da, nolabait pandemiaren esparruan sortu eta konfinamenduan entzundako beharrei erantzuten diena. Kultura Eskolaren esperientzia beste esparru batzuetara zabaltzea interesgarria litzatekeela azaldu da, izan ere, sorkuntza artistikoaren bidez hobekuntzak egin daitezke osasunarekin zerikusia duten arloetan. Arteak, berez, jakintza eta alderdi asko bateratzen dituen praktika izanik, bizitzari buruzko hausnarketa eta erantzun bereziak ematen ditu. Ez da beharrezkoa artea hezkuntzarekin zerikusia duten gizarte-erronkak lortzeko tresna gisa erabiltzea, arteak berez badakartzalako gogoetak eta pentsamenduak, bestela esanda, jatorriz hobekuntzak proposatzen ditu jada. Artea egoera jakin bati erantzutea da, gizartean eragina du. Planteatzen da artea ikuspegi ireki batetik pentsatzeak aukera ematen duela askotariko tratamenduak aurkitzeko, inklusioari, genero-berdintasunari, politikari, biologiari eta abarri buruzko gogoetak planteatzen dituztenak, hau da, ez da beharrezkoa beste esparru batetik datozen elementu edo lengoaiak sartzea.

Presazko eta berehalako garai hauetan, agian hobe izango da dezelerazioa azkartzea baino. Agian mikro geruzan egin behar dugu azpimarra sortzeko orduan ditugun beharrei hobeto erantzuteko. Elkarren beharra dugu: artistak, gizarte-erakundeak, administrazio publikoa eta fundazioak, sareak egiteko, ekosistema iraunkor eta indartsua sortzeko, komunitateari bultzada emango diona.

Bertaratutakoen esperientziez gain, praktika kulturalak eta zainketak gurutzatzen dituzten ekimenak eta proiektuak identifikatzen ditugu, gaur egun eztabaidatzen den zainketa-eredu berrian arteak izan dezakeen garrantziaz jabetzeko. Gipuzkoan, adibidez, praktika onak antzematen ditugu, batetik, Invisible Beauty proiektuan, AI DPROJECT dantza-konpainiaren gizarte-proiektuan Alzheimer jotako pertsonei zuzenduta, eta bestetik, Chillida Leku museoan, gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonentzako Lotura ekimenaren bidez, eta Osasun Leku, osasun-sektoreko profesionalentzako ibilbidea.

Ildo beretik, Institut Catalá de la Salut osasun erakundeak Recuperart-19 ekimena abiatu zuen, pandemiaren esparruan museoak hausnarketa-ingurune gisa erabiltzean eta ongizate emozionala hobetzean oinarritutakoa. Bruselan, adibidez, proiektu pilotu baten bidez, gaixoek museoak eta ondare-lanak bisita ditzakete medikuaren aginduz, osasun mentala hobetzeko.

Eta, azkenik, La Bona Mort proiektua gogoeta kolektiboa da bizitzaren eta heriotzaren amaierako prozesuan, zainketa eta akonpainamenduan oinarrituta. Diziplina arteko proiektua da (artistak, soziosanitarioak, doluko espezialistak, gizarte-hezitzaileak) eta parte hartzailea. Albert Potrony artistaren eta Roser Sanjuan kudeatzailearen (La Panera, Lleida) artean sortua. Ekimen hau Cultura y Ciudadanía topaketetan aurkeztu zen.

Kontuan hartzen badugu “Arquitecturas del cuidado” (Icaria, 2019) lanean jasotako definizioa: “bizitzei eusteko eta birsortzeko egiten diren jardueren multzoa dira zaintzak, bai gizakiena, bai animaliena, bai eta planeta osoarena ere”, bada eremu egoki eta zabal bat artetik eta kulturatik lan egiteko, ongizatea bultzatu eta ondoeza arintzen lagunduko duten konponbide iraunkorrak emateko.