Atzealdea

“Bizitza profesional, familiar eta pertsonalaren kontziliazio arloan, Gipuzkoa erreferentziazko eredua izatea nahi dugu"

Foto “Bizitza profesional, familiar eta pertsonalaren kontziliazio arloan, Gipuzkoa erreferentziazko eredua izatea nahi dugu"

“Bizitza profesional, familiar eta pertsonalaren kontziliazio arloan, Gipuzkoa erreferentziazko eredua izatea nahi dugu"

‘Berdintasuna eta Kontziliazioa’ Kongresuarekin, Gipuzkoa desberdintasunik gabeko lurralde bihurtzeko erronkan sakondu nahi du Foru Aldundiak

'Berdintasuna eta Kontziliazioa' Kongresua aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Donostian izango da nazioarteko topaketa hau, hilaren 27an eta 28an, eta bertan, kontziliazioaren arloan dauden proposamenik aurreratuenak xehetasun osoz aztertuko dira. “Bizitza profesional, familiar eta pertsonalaren kontziliazio arloan, Gipuzkoa erreferentziazko eredua izatea nahi dugu", azpimarratu du Miren Elgarresta Berdintasuneko zuzendariak, erantsiz "Gipuzkoa desberdintasunik gabeko lurralde bihurtzea" dutela helburu.

Aurten, Aldundiak Etorkizuna Eraikiz dinamika parte-hartzailea jarri du martxan, lurraldeak eraldaketarako dituen gaitasun guztiak gizarte orekatuagoa lortzeko erronketara bideratzeko asmoarekin. Legealdi honetako helburuak ez ezik, belaunaldi honenak ere identifikatu dira, eta Kongresu honekin, beste aurrerapauso bat eman nahi du foru erakundeak. "Mundu osoko adituen ikuspegiak ezagutu ahal izango ditugu, horien artean, kontziliazioaren arloan politika eta praktika aurreratuenak martxan jartzen dituzten herrialdeetakoak, hala nola Norvegia edo Islandia. Era berean, estatu zein nazioarte mailako enpresa, erakunde eta pertsonen ekarpena ere edukiko dugu. Haiengandik ikasi nahi dugu, eta haien lidergoa errekonozitu", zehaztu du Elgarrestak.

Hala, Kongresuan parte hartuko duten hizlarien artean, ipar Europako herrietakoez gain, Microsoft Ibérica, Iberdrola edota KPMG bezalako estatuko enpresetakoak ere izango dira. Euskadikoak ere presentzia edukiko dute, PESA eta Eroskiren eskutik, besteak beste. Guztiek bertaratutakoei azalduko dizkiete beraien langileen artean berdintasuna eta kontziliazioa sustatzeko hartzen dituzten neurriak.

Halaber, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Gipuzkoa Lab ekimenaren berri emango du Elgarrestarekin batera. Proiektu pilotu honetan Gipuzkoako hamar enpresen parte hartzen dute, tamaina eta esparru ezberdinetakoak. Guztiek kontziliaziorako politika berriak jarriko dituzte martxan datozen hilabeteetan, modu koordinatuan eta adituen jarraipenarekin. KPMG kontsultorak koordinatzen du proiektua. Elgarrestaren hitzetan, "lurrera jaistea da kontua, erakusteko kontziliazio politikak ezartzeak hainbat onura ekartzen dituela pertsonentzat, haien bizimodua erraztu egiten duen heinean, baina baita enpresentzat ere. Espero dugu esperientzia aitzindari  honek bidea irekitzea beste hainbati". 

Kongresuarekin, urrats berriak egin nahi ditu Aldundiak lan esparruan gizonek eta emakumeek benetako berdintasun baldintzetan parte har dezaten bermatzeko bidean. "Belaunaldi honek gainditu gabe duen erronka da kontziliazioa. Gizonentzako eta emakumeontzako erronka eta eraldaketa prozesua. Orainaren baldintzak errotik aldatu behar ditugu etorkizuna irabazi nahi baldin badugu", adierazi du bukaeran, herritarrak ekitaldi honekin bat egitera gonbidatuz.

838 milioiko aurrekontua

Era berean, 2017ko aurrekontuak osatzeko prozesuaren inguruko argibideak eman ditu Imanol Lasak. Foru Gobernua azken xehetasunak lotzen ari da, eta lehen proposamena hilaren 31n –astelehena- aurkeztuko zaie Gipuzkoako Batzar Nagusiei eta gizarteari. Aurreratu duenez, 838 milioi euroko aurrekontua edukiko du, hau da, aurtengoa baino %3,16 handiagoa. Horri esker, legealdi hasieran ezarritako helburu estrategikoak “sendotu” ahal izango ditu: gizarte politika, eta jarduera ekonomikoaren sustapena. “Gipuzkoa Europan desberdintasun gutxien duen lurraldea izatea da gure buruari ezarri diogun erronka, eta erronka honen bi oinarri nagusiak horiek dira”.

Hala, gizarte politikaren eremuan dauden geroz eta behar handiagoei erantzuteko Aldundiak duen konpromisoaren isla izango dira 2017ko aurrekontuak. Aurten, Aldundiaren baliabideen ia erdia kudeatzen du Gizarte Politikako departamentuak, aurrekontuaren %46,78 hain zuzen. Gipuzkoar bakoitzeko 480 euroko gastua suposatzen du horrek. “Gizarte arretarako dugun eredua da daukagun azpiegiturarik onena, eta horren zutabeak indartzen jarraituko dugu”, adierazi du. Halaber, zehaztu du 2017an ere Aldundiak 50 milioi euro inbertituko dituela Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan, horietatik erdia baino gehiago industria sektorera bideratuak. Aurrekontuek beste bi lehentasun hartuko dituzte kontuan, besteak beste: Gipuzkoako Biribilgunea amaitzea, eta “iruzur fiskalaren aurkako borroka”.

Lasaren arabera, identifikazio handia dago foru gobernuaren lehentasunen, eta Gipuzkoako herritar eta eragileek Aurrekontu Irekien prozesuaren barruan adierazitakoen artean. Joan den urriaren 14an bukatu zen prozesua. 16 udalerri bisitatu zituen Aldundiak, eta 15 topaketatik gora egin zituen ikasleekin, gizarte politika arloko elkarteetako, eta kirol elkarteetako 350 ordezkari baino gehiagorekin. 2017ko aurrekontuetarako 900 proposamen eta iradokizun inguru jaso ditu. Guztira, 1.542 pertsonek parte hartu dute, aurrez aurre, edo interneten zein udal erregistroetan eskainitako bideak erabiliz. Aldundiaren lehentasunak ezarri ahal izan dituzte, lan ildoak eta proiektuak aukeratuz.

Hamar lan ildo estrategikoetatik, parte-hartzaileek Gizarte Zerbitzuei eman diete pisurik handiena, 8,25eko batez besteko notarekin. 16 proiektu zehatzei dagokionez, horietatik zortzi aukeratu behar ziren, eta mendekotasuna dutenentzako zentroak izan dira onarpen handiena eduki dutenak -1.078 pertsona-. Enpresa berrien sorrera babesten duen Txekin/Emekin programa izan da bigarren hautu nagusia, 769 lagunek egindakoa. Emakume ekintzaileengan eta langabetuengan jartzen du arreta berezia programak. Hirugarrena, berriz, zerga iruzurrari aurre egiteko baliabide material eta informatikoak hobetzeko egitasmoa izan da -766 bozka-. 

Iradokizunei dagokionez, Gizarte Politikako departamentua da gehien jaso dituena. “Kezka handia sumatzen dugu gizartean, geuk ere partekatzen duguna, gizarte arretarako sistemaren etorkizuneko bideragarritasunaren inguruan, mendekotasuna dutenen arretarena bereziki. Asko aipatu dizkigute ere gazte eta helduen laneratzea, enpleguaren kalitatea, eta enpresekiko babesa, txiki eta ertainak ahaztu gabe”. Mugikortasuneko departamentuak jaso ditu, ondoren, eskaera gehien: “Garraio publikoaren sarea indartzea, intermodalitatea hobetzea, eta bidegorri sarea zabaltzea eskatu digute, adibidez”, esan du.

Bozeramaileak gogorarazi duenez, horiek guztiak memoria batean jasoko dira, zehaztuz zeintzuk txertatu diren behin betiko aurrekontu proiektuan, zeintzuk ez, eta zergatik. Prozesuan parte hartu dutenei eta Batzar Nagusiei aurkeztuko zaie memoria, kontu ematea bermatuz, eta 2017ko aurrekontuak onartzeko egutegi formala ere aintzat hartuz. Datorren asteleheneko aurkezpenaren ondoren, azaroako bigarren astean diputatuek banan-banako agerraldiak egingo dituzte, eta epea irekiko da proposamenari emendakinak aurkezteko, hilabetea bukatu arte. Aurrekontuak eztabaidatzeko Osoko Bilkura abenduaren erdi aldera izango litzateke, eta dena espero bezala baldin badoa, Gabonak aurretik onartuko lirateke behin betiko aurrekontuak.

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea

Bestalde, Goberno Kontseiluak erabaki du adostasuna ematea Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen Ezohiko Batzar Orokor Unibertsalak joan den irailaren 30eko bileran kapitala 913.700 euro handitzeko hartutako erabakiari, eta baita estatutuen aldaketari ere. Horren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak kapital handitzearen ehuneko 20,11 eskuratuko du, 2.011 akzio harpidetuz, 201.100 eurotan.

Teknologia Parkearen sozietatearen xedea da eraikin eta azpiegitura multzo bat eratzea, enpresa berritzaile eta goi mailako teknologiadunak ezartzeko aukera izateko. Xede hori gauzatzeko, aurrena, Miramongo Teknologia Parkea sortu zen Donostian; ondoren, hori zabaltzeko, Galarretako egoitza egin zen Hernanin; eta, azkenik, Eibarko Teknologia Gunea sartu zen sozietatean, Eibarko Campusa izena zuela.

Halaber, sozietatearen helburua da teknologiaren eta ezagutzaren transferentzia bilatzea eta bultzatzea unibertsitatearen, zentro teknologikoen eta enpresen artean, potentzialtasun handiko area bat eratuz, zeina oinarri baita teknologia berriak garatzeko eta enpresa berritzaileak erakartzeko. Azpiegitura horiek garatzen jarraitzeko, sozietateak aurreikusi du inbertsio batzuk egitea, guztira, 3.908.975 eurokoak.  Horien zati bat ordaintzeko erabaki da kapitala 913.700 euro handitzea. I+Garen alde Euskadi aspaldian egiten ari den apustuari Aldundiak ematen dion babesaren baitan kokatu du Lasak erabakia: “Herri mailako apustua da, garapen sozial eta ekonomikorako giltzarria, eta ahalegin horretan erakunde eta eragile ezberdinak ari gara elkarlanean”,