Atzealdea

“Ekonomia sustapenaren aldeko apustua emaitzak ematen ari da, eta hori zerga bilketan islatzen da”

Foto “Ekonomia sustapenaren aldeko apustua emaitzak ematen ari da, eta hori zerga bilketan islatzen da”

“Ekonomia sustapenaren aldeko apustua emaitzak ematen ari da, eta hori zerga bilketan islatzen da”

Markel Olanok nabarmendu du urtea inoizko zerga bilketa handienarekin itxiko dela, eta balioan jarri du Ekarpen Legea berritzeko lortutako akordioa

“Ekonomia sustapenaren aldeko apustua emaitzak ematen ari da, eta hori zerga bilketan islatzen da”

Gipuzkoak urtea inoizko zerga bilketa handienarekin ixtea aurreikusten du, etziko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan onartutako aurreikuspenen arabera. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, nabarmendu du legealdi hasieran ekonomia sustapenaren alde eginiko apustua emaitzak ematen ari dela, “eta honek bere eragina du zerga bilketan”. Aldi berean, Ekarpen Legea berritzeko lortutako akordioaren garrantzian ere jarri du azpimarra Olanok: “Lege proiektu berria aurkezteko konpromisoa hartu da eta, akordiorik ez bada adosten, babes neurriak hartzea erabaki da eragile guztien finantza nahikotasuna bermatzeko”.
Diputatu nagusia eta Ogasun eta Finantzetako foru diputatua, Jabier Larrañaga, Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean agertu dira gaur, pasa den asteazkenean egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko. Topaketa honetan Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Elkargoko hiru lurralde historikoetako foru aldundiek eta udalerrien ordezkariek hartzen dute parte, eta xede nagusia urte itxierako zerga-bilketa aurreikuspenak berrikusi eta datorren urtekoak zehaztea. Hau da, erakundeen finantzaketa iturrien fluxuen zenbatekoak adosten dira eta, honela, aurrekontuak egiteko erakunde bakoitzak dituen baliabide kopurua zehazten da.
2017 urtearen itxierari dagokionez, Gipuzkoak bere zerga bilketa %4,5 haztea aurreikusten du, urte hasieran jarritako helburuen gainetik (Kupoaren akordioaren eragina kontuan hartu gabe). “Sekulako hazkundea da”, esan du diputatu nagusiak, adieraziz aurtengo urtea ezohikoa izan dela zerga bilketari dagokionean. “Ekonomiaren indartzeak enplegua berreskuratzea, soldaten gorakada, enpresek irabazi gehiago izatea… ekarri du. Eta, noski, hau gero zerga bilketan islatzen da”, azaldu du. Hala ere, gogoratu du urtea ez dela bukatu eta, zentzu honetan, lanean jarraitzera dei egin du.
Datorren urteari begira, Gipuzkoak hazkundearen bidetik jarraitzea aurreikusten du: %5eko hazkundea. “Ugariak eta anitzak dira gure lurraldeak dituen etorkizuneko erronkak, eta horiei aurre egiteko gero eta baliabide gehiago behar ditugu”, azaldu du Olanok. “Horregatik, uste dut oso berri ona dela Gipuzkoako zerga bilketak hazkundearen bidetik jarraituko duela jakiteak”, esan du, gogoratuz gorakada honen motorra “ekonomia sustapena eta gure enpresa ehuna” direla. “Bide beretik jarraitu behar dugu, gure enpresek osasun ona izatea gure ongizate maila mantentzeko daukagun bermerik onena baita”, gehitu du.

 
Kupoaren akordioa eta UFFF
Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek eta Espainiako gobernuak pasa den maiatzean sinatu zuten Kupoaren inguruko akordioaren inguruan ere hartu ziren erabakiak pasa den asteazkenean. Akordioaren eraginez, EAEk 600 milioi gehigarri jasoko ditu BEZaren doikuntzengatik baina, foru arduradunek azaldu dutenez, honek ia ez du eraginik izango baliabide erabilgarrietan, baizik eta orain arte zeuden kontabilitate arazoak konpontzea izango da bere xedea. “Ondorio nagusia da ziurgabetasun elementu nabarmena argitu dugula, gure finantzak baldintzatzen zituen mehatxua”, azaldu dute.
Adierazi dutenez, honek eragin zuzena izango du esaterako udalerrietan. “Duela bi urte, Kupoaren desadostasunek udal bakoitzarentzako eragin zezakeen kaltea zenbatekoa zehaztu genuen, eta udalei arrisku hori hornitzeko eskatu. Orain, Kupoaren arazoa argituta, baliabide horiek askatu eta udalek erabilgarri izango dituzte”, azpimarratu dute Olano eta Larrañagak.
Udalekin jarraituz, diputatu nagusiak iragarri du Gipuzkoako Finantza Kontseilua astelehen arratsaldean batzartuko dela foru jauregian, asteazkeneko bileraren nondik norakoak azaltzeko udalerriei. Bertan emango zaie Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren aurtengo behin-behineko zuzkiduraren eta baita datorren urterako dauden aurreikuspenen berri. Diputatu nagusiak aurreratu duenez, aurtengo Foru Funtsa aurreikusitakoaren oso parekoa izango da eta datorren urtekoan, berriz, hazkundea mantenduko da. “Beraz, esan dezakegu urtetik urtera Gipuzkoako udalerriak gero eta baliabide gehiago dituztela erabilgarri”, nabarmendu du Olanok. 

Ekarpen Legea
Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek Ekarpen Legea izan dute hizpide. Egungo legea 2011 urtetik luzatuta dago eta eguneratzeko beharrean jarri dute azpimarra. Zentzu honetan, EAEko erakundeek akordio irmoa itxi zuten asteazkenean, 2018an lege berriaren proiektua adostu eta aurkezteko. Diputatu nagusiak berri ona dela berresteaz gain, adierazi du neurri gehigarriak ere hartu direla, Gipuzkoak eskatu bezala: “Datorren urtean ez bada lege berria adosten eta lurralde historikoetako bat ez bada bere koefiziente horizontalaren %99 estaltzera iristen, Egokitzapenerako Foru Funtsaren baliabideak handituko dira”, azpimarratu du.
Zentzu honetan, gogoratu du aurten, pasa den urtean bezala, Funts honek beteko duela bere helburua eta Gipuzkoak bere koefizientearen %99 estaltzea lortuko duela. Datorren urterako aurreikuspenen arabera, 2018an lortuko da aipatutako estaldura maila. Hala ere, diputatu nagusiaren hitzetan, agerikoa da egungo araudiak lurraldeen artean desorekak sortzen dituela eta, zentzu horretan, Ekarpen Lege berria adostearen premia berretsi du.