Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Etekinik handiena aterako diegu arlo fiskalean ditugun eskumenei, suspertze ekonomikoa bultzatzeko”

“Etekinik handiena aterako diegu arlo fiskalean ditugun eskumenei, suspertze ekonomikoa bultzatzeko”

Aldundia Foru Araua osatzen ari da enpresetan langileen parte-hartzea sustatzeko, Ekonomia Suspertzeko Planaren testuinguruan

2016/02/25

Markel Olano diputatu nagusiak eta Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantzetako Diputatuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2015-2019 Ekonomia Suspertzeko Planak fiskalitate arloan jasotzen dituen neurrien berri eman dute gaur. Jakinarazi dutenez, lan ildo hauen bitartez, “Lurraldeko ehun ekonomikoaren lehiakortasuna” indartu nahi dute, gobernantzaren zein araudi fiskalaren arloan martxan jarriko diren ekimenen bitartez. 
“Aldundi honek martxan jarri du bere makinaria guztia, suspertze ekonomikoari laguntzeko eta eragin positiboa edukitzeko, lehen mailako helburua baita gure ongizate mailari eusteko eta desberdintasun sozialak ekiditeko. Fiskalitatea da, hain zuzen, eskura dugun tresna nagusietako bat. Horretarako, politika publiko zehatzak eta eraginkorrak bultzatzen ditugu arlo transbertsal honetan, gure enpresen lehiakortasuna bultzatzeko makulu izan daitezen”, nabarmendu du Markel Olanok prentsaurrekoan, Jabier Larrañagak eta Jokin Perona Ogasuneko foru zuzendariak lagunduta.
Olanok aurreratutakoaren arabera. Aldundiak “etekinik handiena” atera nahi die “arlo fiskalean dituen eskumenei, suspertze ekonomikoa bultzatzeko helburuarekin”. Gipuzkoako enpresak Lurraldean modu sendoan sustraitzea, enpresa proiektu berrien sorrera sustatzea, eta inbertsioak “erakartzea” dira helburuak, besteak beste. Gobernantza eta araudi fiskalean islatuko da helburu estrategiko hauen garapena. 

Enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzeko dinamika horiek, “Gipuzkoako enpresa ehuna sendotzeko eta Lurraldean errotzeko” estrategiaren barruan kokatzen dira

Diputatu nagusiaren esanetan, gobernantzaren barruan, Gipuzkoako Ogasunean kudeaketa “zorrotza, eraginkorra eta gertukoa” bultzatuko da, baita enpresekiko harremanean ere. Gertutasunean, arreta pertsonalizatuan eta zorroztasunean oinarrituko da harreman hori. Halaber, zerbitzua modernizatuko da hainbat neurrirekin; zergadunen eta Foru Ogasunaren arteko harremanetan bide elektronikoen aldeko apustua egingo da, besteak beste.
Araudiari lotutako neurriei dagokienez, Ogasun eta Finantzetako departamentua lau foru arau lantzen ari da, ekonomia suspertzeko bokazio argiarekin. Hauetako batek, datozen hilabeteetan tramitatuko dena, enpresetan langileen parte-hartzea sustatzea izango du helburu. 
Enpresetan langileen partaidetza sustatzea
Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak azaldu duenez, enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzeko dinamika horiek, “Gipuzkoako enpresa ehuna sendotzeko eta Lurraldean errotzeko” estrategiaren barruan kokatzen dira. Ildo horretan, Ogasun eta Finantzetako departamentua Foru Araua prestatzen ari da dagoeneko, atzerako eragina edukiko duena eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dena.
Zehazki, aldaketak eta hobekuntzak ezarriko dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ), langileen parte-hartzea bultzatzeko. Halaber, langileak enpresen erabaki estrategikoetan inplikatzea eta erabaki horiek hartzerakoan erantzukizun handiagoa edukitzea lortu nahi da.
Alde batetik, araudi aldaketarekin, pauso hori eman nahi duten soldatapekoei babesa eman nahi zaie. “Horrelako erabaki bat hartzea sekulako garrantzia duen apustua da persona baten bizitzan. Beraz, ematen zaion tratamendu fiskala ere garrantzi horren araberakoa ere izan behar da. Saltzailearen ikuspegitik, berriz, langileekiko salmenta erakargarriago bihurtzea da helburua, inbertsio funtsen edo bestelako eragileen aukeren aurretik”, azaldu du Larrañagak. Foru Ogasunaren asmoa da “erabakiguneak lotzea, Lurraldeko enpresak sendotzea, eta enpresen deslokalizazioari aurre egitea”, diputatuak gaineratu duenez.
Ogasuna eta Aldundia bultzatzen ari diren printzipio eta baloreekin lotu du lan hori. “Jarrera berria eta kudeaketa zorrotza” finkatu nahi ditugu, gure ekonomia ehunak eta, oro har, Gipuzkoako gizarteak dituen erronka eta beharrei erantzunik onena emateko.

Helburu estrategikoa

Gobernantza berria

Araudiaren garapena

 

Jarduera ekonomikoa sendotu

 

13 lan ildo, guztira, arlo hauetan, besteak beste: tramiteen eraginkortasuna eta modernizazioa, Gipuzkoaren fiskalitate aurreratua bermatu I+G+i arloan, konpetentzia desleiala identifikatu, ekintzailetasuna eta nazioarteratzea bultzatu

 

1. Abenduaren 23ko 6/2015 Foru Araua: Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko zergaren erreforma.

2. Foru Arau proiektua: Foru Ogasunarekin zorrak dituzten zergadunen zerrendak publikatzea.

3. Foru Arau proiektua: enpresetan langileen parte-hartzea sustatzea.  

4. Zerga araudia Euskal Zuzenbide Zibileko legedia berrira egokitzea.

5. Laneko Mahaia Foru Arau proiektua aztertzeko, mezenazgoaren arloan aurrera egite aldera

Proiektu berriak sustatu

 

Inbertsioak erakarri

 

  

9824