Atzealdea

“Gipuzkoako enpresetako partaidetza eredua aberasten ari gara, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez”

Foto “Gipuzkoako enpresetako partaidetza eredua aberasten ari gara, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez”

“Gipuzkoako enpresetako partaidetza eredua aberasten ari gara, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez”

Etorkizuna Eraikizeko langileen partaidetzako esperientzia pilotuetan parte hartzen ari diren enpresa eta unibertsitateekin elkartu da diputatu nagusia

“Gipuzkoako enpresetako partaidetza eredua aberasten ari gara, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez”

Partaidetza bultzatzeak langileen inplikazio maila hobetzen du, eta baita partaide izatearen sentimendua ere. Gainera, konpromiso handiagoa sustatzen du, eta enpresaren eta langilearen interesak lerrokatzen ditu. Ez dira adierazpen hutsalak, baizik eta Etorkizuna Eraikiz foru programaren testuinguruan martxan jarri diren esperientzia pilotuetan lortutako ikasketetatik ateratako lehen ondorioak, Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok gaur azaldu duenez. “Lortzen ari garen ikasketa horiek Gipuzkoako partaidetza eredua aberasten ari dira”, esan du foru arduradunak.

            Etorkizuna Eraikizko proiektu pilotu horietan parte hartzen ari diren eragileekin egindako lan topaketa batetan hartu du parte gaur Olanok. Etorkizuna Eraikiz Gunean egin da bilera eta, bertan, parte hartzaileek esperientziak partekatu eta ikuspegiak alderatu dituzte. Parte hartzen ari diren 20 konpainietatik 16 bertaratu dira, unibertsitateetako ikertzaile eta proiektuetako koordinatzaileekin batera. Aldundiaren partetik, diputatu nagusiarekin batera, bileran parte hartu dute Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Garapeneko foru diputatu den Ainhoa Aizpuru, Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañaga eta Ekonomia Sustapeneko foru zuzendari den Garikoitz Agotek.

            Topaketaren ostean, diputatu nagusiak bileraren balorazio “oso positiboa” egin du, eta eskerrak eman dizkie parte hartzen ari diren eragileei, erakusten ari diren konpromisoa dela eta. Nabarmendu duenez, esperientzia pilotuak era guztietako konpainietan ari dira parte hartzen eta, honek, “eremu oso ezberdinetan esperimentatzea ahalbidetzen digu”. “Ez dago partaidetza eredu bakar bat”, gogoratu du Olanok, “baina dauden modalitate ezberdin guztiak dira onuragarriak pare hartzen ari diren enpresetan ikusi ahal izan dugunez”. “Etorkizuna Eraikizeko esperientziek, beraz, adierazten digute positiboa dela langileen partaidetzaren alorra jorratzea eta, horregatik, norabide berean segi behar dugu lanean”, esan du.

            Diputatu nagusiak gogoratu duenez, partaidetza gipuzkoarren DNAn dago: kooperatibak, auzolana, lan-sozietateak, kudeaketan parte hartzea, jabetzan, emaitzetan… “Parte hartzeko moduak anitzak dira, eta Etorkizuna Eraikizeko pilotuen bitartez alor honetan daukagun ezagutza hobetzea da”, azaldu du Olanok, nabarmenduz esperientzia hauei esker “Gipuzkoa osoa ari dela partaidetzaz ikasten”. “Denon artean, XXI. mendeko Gipuzkoako enpresa eredua eraikitzen jarraituko dugu, lurralde lehiakorra izaten jarraitzea ahalbidetuko diguna. Bere espezializazio arloetan mundu mailako abangoardian aritzeko gai dena”, azpimarratu du.

 

Estrategia integrala

Legealdi honetan, foru erakundeak estrategia integrala jarri du martxan langileen partaidetza sustatzeko enpresetan: diru-laguntza lerroak, zerga pizgarriak, finantzaketa laguntzak, unibertsitate ikerketak… eta aipatutako Etorkizuna Eraikizeko esperientzia pilotuak. “Partaidetza kontzeptu anitz eta zabala da. Parte hartzeko era asko daude: kudeaketan, emaitzetan edota jabetzan hartu daiteke parte, eta bide guztiak ontzat ematen ditugu”, azaldu du Olanok.

            Diru-laguntza lerroen kasuan, Aldundiak urtero milioi bat eurotik gora bideratzen du esparru honetara. Honi esker, 2017an 43 proiektu bultzatu ziren 28 enpresa ezberdinetan. Esaterako, esperientzia berrien garapenerako aholkularitza eta finantzaketa laguntza, ikerketa, erreminta eta metodologia berrien garapena, praktika onak hedatzea… bezalako alorrak jorratu ziren. Finantzaketaren arloan, legealdi honetan erreminta berria sortu du Aldundiak, Elkargi eta Oinarrirekin elkarlanean. Honen bitartez, lurraldeko enpresei finantzaketa lortzeko bidea erraztu nahi zaie, hainbat lan esparrutan, eta hauen artean dago langileen partaidetzarena.

            Fiskalitatearen arloan, Foru Aldundiak Foru Arau berria onartu zuen 2016 amaieran, pizgarriak hobetu eta trabak kentzea xede. Helburua, betiere, langileak enpresetako kapitalean sartzea erraztea du neurriak. Honen bitartez, enpresak lurraldera sustraitzea lortu nahi da, eta Gipuzkoako konpainien deslokalizazioa bezalako fenomenoei aurre egitea. Aipatutako lehen urte horretan, 138 lagunek erabili zituzten pizgarri hauek, 36 enpresetako jabetzetan sartzea lortuz.

            Estrategia osatzeko, partaidetza sustatzeko foru estrategia Etorkizuna Eraikizen testuinguruan egiten ari den lanarekin osatzen da. Hemen, ikerketa lanak egiten ari dira unibertsitateak, eta aipatutako esperientzia pilotuak jarri dira martxan, enpresa ingurune errealetan. Zehazki, 20 proiektu pilotu jarri dira martxan lurraldeko beste hainbat enpresetan, 1.500 lagun inplikatuz maila guztietan (kudeaketa, jabetza eta emaitzak). Jasotako ikasketei esker, politika publikoen orientazioa hobetuko da, eta esperientzia arrakastatsuak lurraldeko beste enpresetara hedatuko dira.