Atzealdea

“Herritarrek parte hartuko dute Gipuzkoako aurrekontuen lehentasunak zehazten”

Foto “Herritarrek parte hartuko dute Gipuzkoako aurrekontuen lehentasunak zehazten”

“Herritarrek parte hartuko dute Gipuzkoako aurrekontuen lehentasunak zehazten”

Aurrekontu Irekien bitartez, esku-orrietan ala partaidetza plataforma berezian, diru-partida eta proiektu garrantzitsuenei buruzko iritzia eman ahalko dute 16 urtetik gorako gipuzkoarrek, urriaren 14ra arte

imanol lasa

Aurrekontu Irekiak izeneko partaidetza ekimen berria aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Herritarrentzako foru-erakundearen “ate berria” da ekimena, Imanol Lasa, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak aurkeztu bezala. Urriaren 14ra bitartean, 16 urtetik gorako gipuzkoarrek aurrekontu proposamenari buruzko iritzia emateko aukera izango dute, beraien lehentasunak zehaztuz eta ekarpenak eginez. Hiru bide egongo dira horretarako: etxez etxe banatutako esku-orriak beteta, Internet bidez eta irail bukaeratik aurrera eskualdez eskualde ibiliko den partaidetza-karpara joanda.

Aurrekontu Irekien bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak “berme osoa duen partaidetza eredua eskaini nahi die herritarrei, lehen aldiz, ikuspegi errealista batekin eta Aldundiaren eskumen eta zereginekin koherentea dena”. Horretarako, azaldu du Lasak, “orain da momentua”. Hain justu, “eredu honek herritarren iritzia aurrekontu proposamenean txertatzeko eta esandakoa kontuan hartzeko aukera ematen du” eta, agertu duenez, “koherentea da Aldundiaren eskumen eta betebeharrekin”. Aintzat hartuko diren ekarpenek, gainera, diputatuak argitu duenez, Batzar Nagusien berrespena jasoko dute aurrekontuak onartzen direnean. Aurrekontu Irekiekin, “herritarek parte hartuko dute Gipuzkoako aurrekontuen lehentasunak finkatzen”, Lasak nabarmendu duenez.

Ekimen honekin, “erabakiak hartu baino lehen, agenda publikoan dauden gai garrantzitsuenak kontrastatu” ahal izatea nabarmendu du Lasak, asmo bezala. Hain zuzen, “politikak diseinatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko garaian, herritarrak protagonista” bihurtzeko nahia azpimarratu du Lasak: “Herritarrak inplikatu nahi ditugu, bidelagun bihurtu”.

 

Partaidetza plataforma

Bitarteko teknologikoek eskaintzen dituzten aukerei arreta berezia eskaini nahi zaie Gipuzkoako Foru Aldundian eta, horregatik, Aurrekontu Irekiekin ahalegin berezia egin da Internet baliabide irisgarri eta eraginkorra izan dadin. Gipuzkoa.eus atariko Partaidetza atalean (gipuzkoa.eus/irekia/partaidetza) webgune berezia atondu da prozesu guztia bideratzeko. Webgunean aurrekontuei buruzko informazioa ematen da, batetik. Era grafiko eta argian Aldundiaren diru-kontuen berri ematen da, atalez atal. Bestetik, erabiltzaileari aurrekontua aurkezten zaio eta proposamen horren aurrean bi ariketa egin beharko ditu bere lehentasunak zehazteko. Lehenik, 16 proiektu ala jarduera aurkezten dira eta horietatik 8 hautatu ditzake erabiltzaileak, lehentasunen ala interesen arabera. Ekimen zehatzei buruz galdetu eta gero, aurrekontu osoa aurkezten zaio simulatzaile baten bitartez. Bigarren ariketan, erabiltzaileak aurrekontuko diru partida ezberdinak egokitu ditzake bere lehentasunen arabera.

Aldunditik erakundearen kudeaketa ezagutarazi eta herritarrengana gerturatu nahi da, ikuspegi pedagogiko batetik ere abiatuta. Horregatik, Imanol Lasa diputatuak nabarmendu du “oso ariketa errealista” dela, “aurrekontu errealaren gainean egiten dena”; hain zuzen, “etxean edo enpresan, bestelako aurrekontuekin moduan, herritar askok egiten duten bezala”.

Honekin batera lurralde osoan 300.000 esku-orri banatu dira, etxez etxe. Esku-orrian proiektuen hautapena ere egin daiteke eta, aldiz, aurrekontuaren lan lerroen lehenespena, 1etik 10erako puntuazio baten bitartez egin daiteke. Esku-orriak Foru Aldundiko Erregistroan ala tokian tokikoetan utz daitezke.

 

Partaidetza-karpa

Azkenik, kanpainaren osagarri, irailaren 26tik urriaren 13ra bitartean, Gipuzkoako eskualde guztietatik partaidetzarako karpa ibiltaria igaroko da. Guztira 16 udalerri bisitatuko ditu karpak eta informatzaileen laguntzarekin, herritarrek Aurrekontu Irekietan parte hartzeko aukera izango dute. Nahi dutenek, etxean betetako esku-orria karpan uzteko aukera ere izango dute. Karpa honako herrietan jarriko da: Andoain, Arrasate, Azpeitia, Bergara, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Irun, Oñati, Ordizia, Tolosa, Urretxu, Villabona, Zarautz eta Zumaia.

Aldundiaren bitartekoak lurralde osoan zabalduta, Lasak azaltzen duenez, gipuzkoar guztiei aurrekontuei buruzko iritzia emateko aukera ematea da helburua. Honela, Lasak dio, herritar guztiei parte hartzeko aukera bermatu nahi zaie, “aurrekontuak gipuzkoar guztionak diren baliabideekin egiten direlako, gipuzkoar guztientzako, hain zuzen”.

 

Kontu-ematea, urri amaieran

Iritzia jasotzeko prozesua urriaren 14an amaituko da eta ondoren memoria bat osatuko da, aurrekontuen proposamenarekin batera aurkeztuko dena. Txostenean azalduko da zein ekarpen hartu den aintzat eta erabakiaren arrazoia. Ekarpenenek foru aurrekontuetan isla izateko “konpromisoa” dutela berretsi du Imanol Lasa diputatuak eta ohartarazi du halako prozesuetan parte-hartzera ohitzeak duen garrantziaz, helburua delako “prozesu parte-hartzaileak poliki-poliki erakundeetan naturaltasunez txertatzen joatea”. Azkenik, Lasak nabarmendu du, gaur aurkeztutako ekimena Gobernuak “lehen egunetik” eutsi dion “Gobernantza On, garden eta eraginkorraren emaitzetako bat” dela.