Atzealdea

“Uruguaik 12.000 milioiko inbertsio plan bat du, eta Gipuzkoak plan horretan parte hartu nahi du eta parte har dezake”

Foto “Uruguaik 12.000 milioiko inbertsio plan bat du, eta Gipuzkoak plan horretan parte hartu nahi du eta parte har dezake”

“Uruguaik 12.000 milioiko inbertsio plan bat du, eta Gipuzkoak plan horretan parte hartu nahi du eta parte har dezake”

Aizpuruk aurreratu duenez, enpresa erreferenteek lortzen badute Uruguaiko merkatuan sartzea, aitzindaritzan jardungo dute enpresa txikiagoentzat

“Uruguaik 12.000 milioiko inbertsio plan bat du, eta Gipuzkoak plan horretan parte hartu nahi du eta parte har dezake”

Egun hauetan Uruguain dagoen Gipuzkoaren ordezkaritzak, zeina osatzen baitute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Bazkundeak eta Lurraldeko bederatzi enpresa nagusik, buru dutela Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko diputatua, lan bilera bana egin du herrialde honetako Garraio eta Herrilan Ministerioarekin, aurrena, eta gero, Industria, Energia eta Meatzaritza Ministerioarekin. Bilera horietan, Gipuzkoaren ordezkaritzak ezagutu ahal izan ditu Uruguaiko Gobernuak epe laburrean aurrera eraman asmo dituen obra publiko nagusiak, zeintzuek ia 12.000 milioi euroko aurrekontu zuzkidura bat baitute 2020. urtera arte. Gipuzkoak inbertsio horretan parte har lezake, foru diputatuak azaldu duenez.

Tabaré Vázquez lehendakari duen Gobernuaren estrategiak nahi duena da finkatzea Uruguaik Hego Konoko polo logistiko gisa duen rola, bere azpiegiturak indartuz inbertsio zifra errekor batekin. Aipatutako 12.000 milioi euroko zuzkidura horren % 66, funts publikoen bidez finantzatuko da, eta % 34, berriz, ekimen pribatutik etorriko da.

Testuinguru horretan, Aizpuru buru duen ordezkaritza, aurrena, Garraio Ministerioarekin bildu da; hitzordu bat, Gipuzkoaren ordezkariek irrikatzen zutena, zeren eta ministerio horrek lizitatuko baititu Uruguaik aurrera eraman asmo dituen azpiegiturarik handienetako batzuk. Besteak beste, proiektu hauek daude: arrantza-kai bat eraikitzea Capurro hirian; findegi bateko kogenerazio planta bat eraikitzea; eta burdinbide bat zabaltzea eta berritzea, lotzen dituena Montevideoko portua eta Durazko departamentua, non zelulosa-orearen munduko planta nagusietako bat dagoen.    

Topaketa horren ondoren, Gipuzkoaren ordezkaritzak bigarren bilera bat egin du; oraingo honetan, Industria, Energia eta Meatzaritza Ministerioarekin, non harrera egin dion Industriako ministro Carolina Cosseren taldeak. Uruguaiko mandatariak gipuzkoar ordezkariei aurkeztu dizkie mugikortasun elektrikoan eta eraginkortasun energetikoan herrialdeak datozen urteetarako egin asmo dituen inbertsioak eta proiektuak. Bestalde, Aizpuruk aurkeztu ditu, alde batetik, Gipuzkoan adar horietan azken urteotan egin diren lanak, eta bestetik, punta-puntako enpresak, hala nola Irizar e-mobility, Orona eta Vectia.

“Bidaia honetan, lagun ditugu mundu mailan erreferente diren enpresak, eta gure helburua da enpresa horiek Uruguaiko merkatuan sartzea eta aitzindaritzan jardutea enpresa txikiagoentzat”, azaldu du Ekonomia Sustapeneko diputatuak. “Adibidez, Irizarrek kontratuak lor ditzake Uruguain, baina, gero, hemen ekoitziko ditu autobusak, eta elementu traktorearen lana egingo du, zeren eta, dena ondo baldin badoa, beste enpresa txikiago batzuk kontratatuko baititu”, zehaztu du foru arduradunak.

“Guretzat, albiste ikaragarri ona izango litzateke gure enpresak akordioetara iristea Montevideon egongo diren eraikuntza-enpresetakoren batekin, horrek aukera emango bailioke Gipuzkoari Uruguaiko obra publikoko lizitazioetan parte hartzeko, zeren eta, horretarako, betebeharra baita tokiko kideak edukitzea”, azaldu du Aizpuruk. “Behar dugu Uruguaiko enpresek sakon ezagutzea gure enpresen proiektuak; jakin-minik handiena piztea enpresa horiei”, ondorioztatu du Ainhoa Aizpuruk.

Enpresa hauek dira Uruguaiko merkataritza-misio honetan Gipuzkoako Bazkundearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera parte hartzen duten bederatzi enpresak: Bascotecnia, Bidatek, Ekiona, Ekogras, Ikusi, Irizar e-mobility, Masermic, Orona eta Vectia. Lan bilerak beste bi egun gehiagotan luzatuko dira, eta baliagarriak izango dira Uruguaiko eta Gipuzkoako enpresek aukera izan dezaten sakonago ezagutzeko bakoitzak aurkezten dituen eskaintzak eta aukerak, helburua izanik zubiak eraikitzea eta aztertzea zer aukera dauden lehentasunezko kide bihurtu ahal izateko etorkizunean egingo diren obra publikoko lizitazioak lortzeko aukerari begira.

Bestalde, Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Bazkundearen ordezkariak Brasila joango dira, lehen eskutik ezagutzera herrialde horretan ezarritako gipuzkoar enpresak. Orain bertan, Gipuzkoako hamabi enpresak dituzte sukurtsalak Brasilen, hala nola Fagor Ederlan, Irizar, Copreci, Glual eta Orona. Euskal Autonomia Erkidegoak, 2017an, ia 229 milioi euroko balioa zuten produktuak esportatu zituen Brasila, eta horietatik, 75 milioi, Gipuzkoako enpresei zegozkien.