Atzealdea

2017ko EPEa onartu da, 41 plaza guztira

Foto 2017ko EPEa onartu da, 41 plaza guztira

2017ko EPEa onartu da, 41 plaza guztira

Aldundiak indartu egingo ditu zerga iruzurraren aurkako borroka, gizarte arreta, eta giza baliabideen bidezko aholkularitza juridikoa

2017ko EPEa onartu da, 41 plaza guztira

Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Foru Aldundiaren funtzionarioen Enplegu Publikoko Eskaintza, 2017. urteari dagokiona, guztira 41 plazakoa: administrazio orokorreko teknikarien (AOT) 11 plaza, Ogasuneko goi mailako teknikarien 20 plaza, eta gizarte langileen 10 plaza. Imanol Lasa foru bozeramaileak gaur adierazi duenez, erabaki horrek ahalbidetuko du foru administrazioarentzat lehentasunezkoak eta estrategikoak diren jarduketak indartzea, hala nola zerga iruzurraren aurkako borroka, gizarte arreta eta aholularitza juridikoa, “Gipuzkoako gizartearen behar eta eskaera berriei” erantzuna emateko aukera emango duten profilak gehituz.

Lehen EPEa izango da Ogasunari dagokiona, zerga ihesari aurre egiteko teknikarien 35 plazarekin -4 desgaitasuna dutenentzat gordetakoak-, 2016ko EPEari dagozkion beste 15 gehitu behar baitzaizkio, aurten onartutako 20 plazez gain. Aurreikusten da hautapen prozesa urtea amaitu aurretik hasiko dela. Neurri horrek aukera emango dio Ogasun eta Finantza Departamentuari giza baliabide gehiago izateko haren lehentasun nagusietako batentzat: iruzurrezko jardunbide horien aurka borrokatzea, alegia; politika publikoak abiarazteko behar diren baliabideak murrizten dituztenez, “guztion aurka doaz-eta”.

Horrez gain, EPEak barne hartzen ditu 10 plaza, gizarte langileenak, derrigorrezko 3. hizkuntza eskakizunarekin. 9 plaza txanda librean eskainiko dira, eta 1, desgaitasuna duten pertsonentzako txandan . “Jakina da gizarte arretaren beharrak hazten ari direla, eta baliabide gehiago beharko ditugula gehien behar dutenei zerbitzu ona eskaini ahal izateko”, adierazi du Lasak. Halaber, 11 plaza eskainiko dira, administrazio orokorreko teknikarienak, derrigorrezko 4. hizkuntza eskakizunarekin. 10 plaza txanda librean eskainiko dira, eta 1, desgaitasuna duten pertsonentzako txandan. AOTaren eredua gakoa da Aldundiaren idazkaritza teknikoetan, Lasak erakundearen “bihotz-birika" gisa jo dituenetan, hain justu. Neurri horren ondorioz posible izango da, esaterako, izapideak egitea eta edozein motatako gaiak konpontzea “bizkortasun eta azkartasun handiagoz”.

Erabaki hori hartzeko “ahal bezainbatean” baliatu dira 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ematen dituen aukerez, sektore publikoan langile gehiago sartzearekin lotutako lan eskaintza publikoari dagokionez. Legeak xedatzen du lehentasunezkotzat jotzen diren sektore eta administrazio jakin batzuetan sartu ahal izango direla langile gehiago, baliabideen birjartze tasaren ehuneko ehun osatu arte. Legeak lehentasunezkotzat jotzen dituen sektoreen artean daude, besteak beste, zerga iruzurraren aurkako borroka eta kontrolerako, lege aholkularitzarako, eta gizarte zerbitzuen erabiltzaileen zuzeneko arretarako plazak.

Sektore horien antolaketa beharrak aztertu ondoren, Foru Aldundiak antzeman du Ogasuneko goi mailako teknikarien, administrazio orokorreko teknikarien eta gizarte langileen lanpostu hutsak daudela, gaur egungo giza baliabideekin behin betiko bete ezin direnak eta, premia horri erantzun nahi dio, hain zuzen ere, enplegu eskaintza berriak.

Lanpostuak betetzeko deialdiak egiteko epea, gehienez ere, 3 urtekoa da. Epe hori kontuan izanda, ekonomia, eraginkortasun eta efizientzia arrazoiak direla eta, posible da enplegu eskaintzetako plazak metatzea, eskaintza guztietako hautapen prozesuak batera egin daitezen. Horrela, azaldu dugun bezala, 2017ko enplegu publikoko eskaintzan aterako diren plazak  enplegu publikoko beste eskaintza batzuetan ateratakoei erantsiko zaizkie, esaterako, 2016an onartutakoei (Ogasuneko goi mailako teknikarien 15 plaza) edo, hala badagokio, bihar-etzi egingo diren enplegu publikoko eskaintzetakoei, horrela, hautapen prozesuak batera egin daitezen.

Lasak adierazi du “berebiziko" garrantzia duela enplegu publikoa sustatzen jarraitzeak, kontuan izanda datozen urteetan langile askok hartuko dutela erretiroa eta erakundearen antolaketa eraldatu eta modernizatu beharra dagoela; gainera, ez dugu ahaztu behar azken lan eskaintza masiboa 2006an egin zela: “Gipuzkoako gizarteak duen erronka garrantzitsuenetakoa etorkizuneko Foru Aldundia diseinatzea da”. Era berean, gogorarazi du legealdi hau mugarria dela enplegu publikoa suspertzean, enplegu publikoko eskaintzak eta lan poltsetarako deialdiak tarteko, azken bi urteetan ia 6.000 pertsonek eman baitute izena azterketak egiteko: “Jendeak ikusten du mugimendua dagoela. Lanari gogoz ekin diogu, baina oraindik bide luzea dugu urratzeko”.

%1eko soldata igoera

Bestalde, Kontseiluak ebatzi du 2016 urteko ordainsarien aldean %1 igotzea dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzura dauden langileen ordainsariak, 2017ko urtarrilaren 1eko eraginarekin. Hori da aurtengo Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko legeak ezartzen duen muga, zeinak ezartzen duen sektore publikoko langileen ordainsariak ez direla globalki % 1 baino gehiago igoko, 2016ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean

Ildo horretan, bigarren urtez jarraian, foru bozeramaileak aditzera eman duen moduan, horri dagokionez, joera aldaketa bat egon da. Izan ere, azken urteetako aurrekontu legeetan debekatu egin ziren soldata igoerak, eta horrek eragin du Foru Aldundiko langileen soldatak izoztea –2014ko ekitaldian izan ezik–, 2010. urteko soldata murrizketaren ondoren. Horregatik guztiagatik, egokitzat jo da langileen ordainsariak % 1 igotzeko erabakia hartzea, eta hala jasotzea aurrekontuen gastuen kapituluan.