Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 3,8 milioi euro bideratuko dira diru laguntzetan 2017an, enpresetan langileen partaidetza sustatzeko

3,8 milioi euro bideratuko dira diru laguntzetan 2017an, enpresetan langileen partaidetza sustatzeko

“Partaidetza giltzarri da gure ehun ekonomikoa finkatzeko, eta horren lehiakortasuna handitzeko”, nabarmendu du Imanol Lasa

2017/06/06

 “Gipuzkoan pertsona eta enpresa parte-hartzaileak sustatzeko” programari dagozkion urteko diru laguntzak onartu ditu gaur Gobernu Kontseiluak. Aldundiak 3,8 milioi euro bideratuko ditu aurten programa horretara. Enpresetan langileen partaidetza bultzatzea du helburu, eta joan den urtean lurraldeko 200 enpresek parte hartu zuten martxan jarritako proiektuetan. Aldundia Gipuzkoako ekonomia ehunarekin elkarlanean partaidetzari lotutako dinamikak sustatzeko garatzen ari den estrategiaren elementu nagusietako bat da programa. Elementu hori giltzarritzat jotzen da “gure enpresa ehuna finkatzeko, bere lehiakortasuna areagotzeko, eta lurraldean sustraitzeko”, nabarmendu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Estrategia orokor horren bitartez, Aldundiak burubelarri dihardu legealdi hasieratik, ekintza fronte desberdinetan langileen partaidetza bultzatu eta hedatzeko. Diru laguntzak emateaz gain, 2016an, finantziazio tresna berria jarri zuen martxan, Elkargi eta Oinarrirekin elkarlanean, langileak enpresen jabetzan sar daitezen errazteko, enpresa txiki eta ertainen kasuan bereziki. Esperimentazio aktiboaren alde egin du ere, Gipuzkoako hamar enpresetan proiektu pilotuak abian jarriz Etorkizuna Eraikiz dinamikaren barruan. 500 langile ari dira parte hartzen proiektu horietan, guztira. Bertan sortutako praktika arrakastatsuak zabaltzea da helburua.

Bestalde, zerga arloan, 2016ko bukaeran Foru Araua onartu zen, langileen partaidetza ardatz gisa hartuta. Ekimenak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergetan langileen partaidetza sustatzeko hobariak ezarri eta oztopoak kentzen ditu. Jabetzan erreleboa gauzatu nahi duten enpresariak, zein jabetza hartzeko interesa duten langilean hartzen ditu kontuan, enpresen eskualdatzea bultzatu eta errazteko. Gainera, Arauak neurri positiboak aurreikusten ditu enpresa arloan dagoen genero desberdintasunari aurre egiteko.

Gaurko deialdiari dagokionez, jarduera hauek lagunduko dira: I+G+b eta esperimentazio proiektuak, eta dinamika, esperientzia, baliabide eta tresna berezien bitartez bizitza osoko ikaskuntzaren alorrean esku hartzeko politika publikoak zabaldu eta orokortzeko proiektuak. Lehen kasuan %100ean lagundu ahal izango dira diruz, eta bigarrengoan, berriz, %75ean gehienez. Oro har, diru laguntzaren xedeko jarduerak 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi behar dira eta 2018ko ekainaren 30erako amaitu. Oinarriak eta xehetasun guztiak laster argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa helbidean egin ahal izango dira eskaerak.

Lasak azaldutakoaren arabera, enpresa bakoitzaren “egoera eta testuingurua” ezberdina da, eta horren arabera “definitu behar du bakoitzak bere bide orria”. Hala eta guztiz ere, dei egin die langileen partaidetzaren alde egin dezaten, bai kapitalean, eta baita kudeaketa eta erabakiak hartzeko prozesuetan. Apustu hori ezinbestekotzat jo du deslokalizazioei aurre egin, eta “erabakitze guneak Gipuzkoan finkatzeko”.

“Eraldaketa prozesu honek sekulako garrantzia dauka talentua sustraitzeko eta gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Asko dugu jokoan hemen, Gipuzkoaren etorkizuna ekonomikoa bermatzeko garaian. Hala erakusten du gure historiak. Hor dago kooperatibek, soziedade laboralek edota ikastolek egindako bidea. Eta hala erakusten dute ere azken aldian norabide honetan martxan jarritako proiektuek ere, egiaztatzen dutelako partaidetza praktika positiboa dela, abantaila konpetitibo ugari dakartzala, eta bete-betean egiten duela bat gure nortasun ikurrekin. Bultzatu beharreko indarguneetako bat da, berrikuntzarekin, nazioarteratzearekin, edota enpresen arteko elkarlanarekin batera”, azaldu du.

Diputatuak gaineratu duenez, Gipuzkoak lanean jarraitu behar du partaidetzaren alorrean Europa mailan eredu izaten jarraitzeko, pertsona, enpresa eta gizartearen arteko konpromisoa uztartuz. Haren esanetan, apustu horrek honelako onurak ekarriko ditu: lantokietan pertsonen autonomia handitzea eta enpresaren etorkizuneko estrategian laguntzeko aukera izatea; enpresek lortutako emaitzetan langileen ekarpena ikusiaraztea;  enpresarekiko identifikazioa eta hori osatzen duten pertsonen erantzukidetasuna eta inplikazioa handitzea; motibazio handiagoa sustatzea, eta, ondorioz, enpresen produktibitatea handitzea eta horien kudeaketa hobetzea; enpresa jardueraren jarraitutasunari mesede egitea, transmisioa bezalako erronken aurrean; kalitatezko enplegua eta gizarte kohesioa indartzea; enpresen ingurune sozialarekiko konpromisoa, eta, azkenik, enpresak dituen talentu beharren azterketa, enpleguaren joera eta etorkizuneko premiak, eta enpresa berarenak aintzat hartuta..

Geoparkeko bidezidorra

Era berean, Kontseiluak onartu du Algorriko bidezidorra eta horren ingurunea salerosketa bidez erostea. Zehazki, Foru Aldundiak erosi beharreko landa lurzoruak 17.861,50 m2 neurtzen du. Titulartasuna hamabost jaberen artean dago banatuta eta erosketa prezioa 69.000 eurokoa izango da. San Telmo ermitatik Algorriko Puntaraino igarotzen da bidezidorra, eta hortik Kalaraino jaisten da eskailera batzuen bitartez. Gipuzkoan jende gehien ibiltzen den ingurua da. Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak, Biotopo Babestuaren organo kudeatzaileak, proposatu du bidezidorrean lan batzuk egitea, oinezkoaren segurtasun fisikoa hobetzeko, ibilbide horretan geroz eta handiagoa den erabileratik ingurumenean sor daitezkeen ondorio negatiboak saihesten diren aldi berean

Horretarako, eremua egokitzeko proiektua idatzi du, zeinak hau proposatzen baitu: bidezidorra egokitzea eta begiratoki bat eta K/T mugaren interpretazio-atari bat jartzea, seinale eta informazio panel berriak jartzeaz gain. “Natura, geologia eta erabilera publikoaren ikuspegitik hain berezia den leku bat derrigorrez babestu behar da, haren balioak gutxitzea ekarriko lukeen edozein jardueratik”, adierazi du Lasak.  Deba-Zumaia itsasertzeko zatiaren interes geologikoa izugarria da eta oso berezia da nazioarte mailan, mareartekoak duen zabalerarengatik, flysch materialen higadura desberdina dela eta, eta Kretazeoaren eta Tertziarioaren arteko trantsizioa oso argi markatzen duen zerrenda bat dagoelako. 

Eremu horretan, Zumaiako Algorriko Puntak eta Kalak  K/T mugaren (Kretazeo/Tertziario trantsizioa) mundu mailako erreferentziako sekzioetako bat eratzen dute. Muga hori markatzen duen iridioan aberatsa den buztinaz gain, bi adin geologikoen arteko trantsizioa karakterizatu zuten gertaera paleontologiko desberdinen erregistro konplexu bat dago.  Zerrenda hori, halaber, Euskal Kostaldeko Geoparkearen zati da, integratuta dagoena Europako Geoparkeen Sarean eta Munduko Geoparkeen Sarean.

Pantaila akustikoak

Azkenik, bilkura berean, onespena eman zaio Beasainen, N-I errepidean, Zumardi industrialdeko sarbidearen parean, zarataren kontrako pantailak jartzeko proiektuari. Eusko Jaurlaritzari proiektuko obrak presakotzat jotzeko eskatzea onartu du Kontseiluak. Zati honetan jarriko dira pantailak: Gruas Usabiagatik irtenda N-I errepiderako sarbidetik hasi eta Zumardi industrialdera eta trenbideetara sartzeko N-I errepideko hurrengo itzulbideraino. Ondorioz, N-I errepideko zirkulazioak eragiten duen zarata murriztuko da Beasaingo Trenbide kaleko etxebizitzen onerako.

Proiektua jendaurrean jarri zen hilabetez martxoaren 29an, interesatuek alegazioak eta iradokizunak egiteko aukera izan zezaten, eta ez da alerik aurkeztu. 438.127,99 eurokoa izango da aurrekontua. Obrak egiteko epea, berriz, hiru hilabetekoa.  

  

1238