Atzealdea

Marisol Garmendiak espero du Pasaiako Badia Biziberritzeko estrategiak 9 milioi euro jasotzea Europatik

Foto Marisol Garmendiak espero du Pasaiako Badia Biziberritzeko estrategiak 9 milioi euro jasotzea Europatik

Marisol Garmendiak espero du Pasaiako Badia Biziberritzeko estrategiak 9 milioi euro jasotzea Europatik

Marisol Garmendiak Batzar Nagusietan iragarri du Pasaiako Badiarako erakundearteko estrategia hautagaietako bat dela europar funtsetarako.

Marisol Garmendiak espero du Pasaiako Badia Biziberritzeko estrategiak 9 milioi euro jasotzea Europatik

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak Batzar Nagusietan iragarri du Pasaiako Badiarako 2014-2020 eperako erakundearteko estrategia hautagaietako bat dela HGII (Hiri Garapen Iraunkor eta Integratua) europar funtsetarako.
Garmendiak espero du europar funtsak jasotzea, zeren eta “benetan uste baitugu aurkeztu dugun hautagaitza sendoa dela, ongi landua, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lau udalek ematen dioten laguntza eta aitzindaritza instituzionala eta Oarsoaldeak eskaintzen dion inplikazio eta eskualde ikuspegia ere jasotzen dituena bera. Are gehiago, Gipuzkoa osoko, are Euskal Herri osoko ingururik andeatuenetako batek hiri mailan zein maila sozioekonomikoan duen biziberritze integralaren beharrari erantzuten dio. Ez da laborategiko estrategia bat, irreal edo fikziozko bat; Pasaialdeko HGII hau errealitate ukigarrietan oinarrituta dago, hala nola langabeziaren kopuruetan eta gizarte arazoetan, biztanleriaren zahartzean eta abarretan.”
Bi hilabete eskaseko epean, Mugikortasuneko Departamentuak eta Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek, Oarsoaldeko Garapen Agentziarekin batera, lortu dute elkarrekin aurkeztea HGII europar programan jasotako lau esparruak jorratzen dituzten proiektuak eta jarduerak; lau esparru horiek ondokoak dira:
1-    IKTak. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.
2-    Karbono gutxiko ekonomia.
3-    Ingurumenaren eta ondarearen babesa.
4-    Gizarteratzea (azken bi esparruak dira gehien puntuatzen dutenak, eta guztirako konputuaren % 50 eta 70 bitartean egiten dute).

Proiektu horiek zerikusia dute herritarren arretarako zerbitzuak eta e-administrazioa garatzearekin, energia berriztagarriak bultzatzearekin eta eraikin eta zerbitzu publikoetan energia aurreztearekin, mugikortasun iraunkorra eta irisgarritasun bertikala indartzearekin, histori eta paisaia ondarea berreskuratzearekin, ekintzailetza eta kolektibo desfaboratuen gizarte eta laneko integrazioa bultzatzeko neurriekin...  

Udal bakoitzak lau esparru horietarako jardueren zerrenda bat aurkeztu du, eta zerrenda horiek izan dira HGII programako laguntzetara iritsi nahi duen eskualdeko estrategia orokorra itxuratzeko oinarria. Puzzleko piezak ahokatzeko lan horretan, Oarsoaldeko Garapen Agentziak eta Ikei aholkularitzak ere eginkizun erabakigarria izan dute.
Aldundiak eta udalek Pasaiako Badiarako proiektatu dituzten proiektuek 18 milioi euro hartzen dituzte guztira, eta HGII programak kopuru horren erdia finantza lezake, 9 milioi alegia; % 35 Aldundiak finantzatuko luke, 6,3 milioi alegia, eta ukitutako udalek % 15 (2,7 milioi).
Proiektu eta ekintza ildo nagusiekin batera, udal bakoitzak jasoko lituzkeen funtsen banaketa adostu dute halaber erakunde inplikatuek, biztanleria, egoera sozioekonomikoa eta udalez gaindiko jarduerak harturik horretarako irizpide. “Banaketa logikoa erabaki dugu, eskualde oreka errespetatzen duen banaketa”, ziurtatu du Garmendiak. Hala, Errenteriak % 45,6 jasoko luke, Pasaiak % 32, Oiartzunek % 13 eta Lezok % 9,4.
Estrategia hau besteak beste Pasaiako Badiako udalekin, Portuko Agintaritzarekin eta Oarsoaldeko Garapen Agentziarekin egindako baterako lanaren emaitza da, eta Mugikortasuneko Departamentutik bultzatzen ari den “konfiantza, erantzukizun eta aitzindaritza partekatuzko” dinamika berri bat erakusten du. “Bide luzea da, zaila, baina konbentzituta gaude desberdinen arteko akordioetara heldu ahal izango garela, kontsentsuaren bidez, zubiak eraikiz eta eskualde ikuspegitik bereizten gaituena baino, elkartzen gaituena jarriz mahai gainean, zera baita, Pasaialdearen hirigintza, ekonomia, gizarte eta kultura aldetiko biziberritzea”, esan du Garmendiak.
“Departamentuak ez du ezer inposatu, ez die udalei proposamen itxirik aurkeztu; aitzitik, Errenteria, Pasaia, Oiartzun eta Lezoko alkateak berak izan dira, beren lantalde teknikoekin eta Oarsoaldeko teknikariekin batera, oso denbora gutxian landu dituztenak, zorroztasunez eta epe labur zein ertaineko ikuspegi batez, azkeneko proposamenean sartu diren proiektuak. Guk, Aldundia izaki, lagundu eta bultzatu egin dugu proiektua, aitzindari jardunez Europar Batasunaren aurrean, oso pauso garrantzitsua delako helburu partekatua dugun Pasaialdearen biziberritze integraleranzko bidean”, azaldu du diputatuak.
Era berean, funtsak kudeatzeko modua adostu da. Zuzendaritza batzorde bat eratuko da, horretako kideak Lurralde Antolaketako diputatua eta lau alkateak direla, eta batzorde gidari bat, departamentuko eta udaletako teknikariek osatua.
Diputatuak gogoratu du Pasaiako badiako udalerrietako langabezi tasa Gipuzkoako batez bestekotik ia-ia bi puntu gora dagoela, edota Pasaian eta Errenterian bigarren hezkuntzako ikasketak dituen biztanleriaren prestakuntza-maila Gipuzkoako batez bestekotik sei puntu behera dagoela.
“Horregatik, gure ahalegin guztiak Pasaialdeko herritarren bizi-kalitatea hobetzera daude bideratuta, enplegu eta lanpostu berriak sustatzera enpresa-jarduerei, zerbitzuei, turismoari, sorkuntza, eskulangintza eta kultur industriei loturik. Gure ahalegin guztiak jarriko ditugu europar funtsak lortzeko”, amaitu du.