Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak bigarren aldiz deitzen du META!, mikromezenasgoaz kultura babesteko bide berria

Aldundiak bigarren aldiz deitzen du META!, mikromezenasgoaz kultura babesteko bide berria

Ekimen honek kultur eragile eta ekimen berriak sortzen laguntzen du.

2017/04/24

2016. urtean herritarren ekarpena 84.450 eurokoa izan zen, eta Aldundiarena 66.572 eurokoa. 1.556 pertsonak parte hartu zuten, 15 herrialdetakoak, eta batez beste 64 euro jarri zituzten.  

Ekimen honek kultur eragile eta ekimen berriak sortzen laguntzen du.

Itxaso: “Sostenibilitate handiagoa eman nahi diogu kultur jarduerari, eta horrela eredu iraunkorrago, partizipatiboago eta transformatzaileago baterantz jo”

Kulturako foru diputatu Denis Itxasok, arloko zuzendari Maria Jose Telleriarekin,  Fundación Goteo-ko ordezkaria Manuela Frudá eta Bang Bang-eko ordezkaria Jon Paul-ekin batera, Meta! programaren edizio berria aurkeztu du. Proiektu kulturaletan mikromezenasgoaz edo crowfundingaren bidez parte hartzeko eta finantzatzeko programa da Meta!, eta Aldundiak 70.000 euroko ekarpena jarri du herritarrek proiektuetarako egin ditzaketen ekarpen indibidualak osatzeko.

Ekimen honek bidea eman nahi du herritarrek eta gizarte eragileek proiektu eta politika kulturaletan parte har dezaten; orobat, aukera ematen du proiektu eta ekimen kultural desberdinek -Internet plataformetan plazaratzen direnez- gizartean zein atxikipen eskuratzen duten jakiteko, dirulaguntza publikoen osagarri diren finantzabide pribatuak eskuratzeko, proiektu bakoitzaren jarraitzaileek egiten dituzten ekarpenen bitartez, eta finantzaketa publikoa sostengu edo onarpen sozial handiena duten proiektuetara bideratzeko.

 “Kulturaren sustapena indartu nahi dugu Gipuzkoan, eta horretarako beharrezkoa da baliabide handiagoak sortzeko politikak garatzea, sortzaileen jarduera eta kultur industriak bultzatzeko. Hori bideratu ahal izateko, proiektu eta sortzaile kulturalen gizartearen arteko lotura sendotzea komeni da, kulturgintzara baliabide ekonomiko zabalagoak erakartzeko, batik bat esparru pribatutik, eta, horrela, kulturgintzari iraunkortasun sostenibilitate handiagoa emateko, eredu iraunkorrago, partizipatiboago eta eraldatzaileago batera joz. Horregatik jarri genuen martxan, 2016. urtean, META! programa, eta ekimen hark izan zuen arrakastak animatu gaitu edizio berri hau egitera”, azaldu du Itxasok.

Kulturako diputatuak adierazi du programa honekin “lagundu nahi dugu kulturgintzan ekimen berritzaileak eta eragile berriak sortzen eta, halaber, horiek sendotzen, ezagutza eta jokaera modu berriak ahalbidetuz”. Era berean, kultur proiektuak finantzatzeko programak politika berri bat dakar programak, laguntzak emateko garaian gardentasun handiagoa eta inplikazio sozial zabalagoa bermatzen duena; azken batean, gizartea bera izango baita kultur proiektu interesgarrienak zein diren bere iritziz zehaztuko duena".

Iaz jasotako 37 proiektuetatik 20 izan ziren hautatuak eta denek eskuratu zuten behar zuten finantzaketa. Herritarren ekarpena 84.450 eurokoa izan zen, eta Aldundiarena 66.572 eurokoa. 1.556 pertsonak parte hartu zuten, 15 herrialdetakoak, eta batez beste 64 euro jarri zituzten.

Deialdi berri honetan, Kultura Departamentuak baliabideak, formakuntza eta laguntza emango die partaideei. Proiektu bakoitzak bere mikromezenasgo kanpainan eskuratzen duen adinako zenbatekoaz lagunduko ditu proiektuak, proiektu bakoitzeko 3.500 eurorainoko mugarekin. Interesatu guztiei crowfunding erako proiektu garapenari buruzko formazioa emango zaie, proiektu hautatuen egileek ikastaro espezifikoa jasoko dute uztailean eta etengabeko aholkularitza ere bai proiektuak plazaratzeko eta garatzeko erari buruz.

 

Kanpaina Internet eta sare sozialen bitartez egingo da batik bat, eta bi fase izango ditu, partaideak erakartzeko, dohaintzak eta partaidetza sustatzeko, hautatu diren proiektuak ezagutzera emateko eta kultur partaidetzaren aldeko giroa sortzeko. Proiektuak aurkezteko epea 2017ko ekainaren 9an amaituko da eta izena emateko helbide honetara jo behar da: meta@gipuzkoa.eus

Meta! egitasmoa Goteo Fundazioaren bidez garatzen da. Goteo finantzaketa kolektiboa (diru-ekarpenak) eta lankidetza banatua (zerbitzuak, azpiegiturak, mikroatazak eta beste baliabide batzuk) burutzeko gizarte-sarea da, eta haren bidez, herritarren konpromisoari esker, proiektu sortzaile eta berritzaileen garapen autonomoa sustatzen da, gizarte, kultura, zientzia, hezkuntza, teknologia edo ekologiaren esparruetako helburuak lortzearren. Goteo arduratuko da programaren kudeaketaz, formazioaz, META plataforman espazioa sortzeaz eta proiektuak hautatzeaz eta laguntzeaz.

Deialdia: https://www.goteo.org/call/meta-gipuzkoa-2017

Maiatzaren 9eko tailerrean parte hartzeko esteka: http://goteo.cc/metataller9demayo

 

 

Eranskinak:

  

1238