Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eredugarritasunaren aldeko apustuan sakondu du Enplegu Publikorako Kode batekin

Aldundiak eredugarritasunaren aldeko apustuan sakondu du Enplegu Publikorako Kode batekin

Helburua da herritarren erakundearekiko konfiantza handitzea langileen profesionaltasunaren eta osotasunaren bidez

2017/11/08

Aldundiak onartu du, Erakunde Osotasunaren Sistemaren bidez, Kode Etikoa eta Enplegu Publikoaren Kudeaketa Onaren Kodea, kode deontologiko izango dena eta, ondorioz, foru erakundeko langileek halabeharrez bete beharrekoa. Xedea da foru enplegatu publikoen eredugarritasunean, objektibitatean eta bikaintasunean sakontzen jarraitzea beren zereginetan, inpartzialtasun, profesionaltasun eta osotasun irudia indartuz. "Zerbitzu publikoaren edo foru langile publikoaren jarduera lanbide bat da, azken eta oinarrizko helburu duena herritarrei zerbitzu ematea. Apustu honekin erakundea indartu eta legitimatzen dugu, baita herritarrek harengan duten konfiantza ere", azaldu du Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearen Komunikazioko diputatuak.

Kodeak bi eremu handi ezartzen ditu. Batetik, balio etikoak eta jarrera arauak, lotura estua dutenak bere garaian onartu zen Erakundearen Osotasunaren Sistemarekin. Bestalde, kudeaketa onaren printzipioak eta jarduera profesionalaren arauak. "Zatiketa hau bereziki aproposa da enplegu publikoaren kasuan, jarduera profesionalaren arau asko aurreikusita baitaude lanpostua eskuratzeko prozesuan. Kodeak ez du aski enplegatu publikoak bere betekizun legalak betetzearekin; zerbitzu publikoaren kalitatea eta bikaintasuna bilatzen ditu orobat", esan du.

Balio etikoei dagokienez, Kodeak interes gatazkak eta antzeko alderdiak arautzen ditu; eraginkortasuna, arreta berezia jarriz foru erakundearen jasangarritasun finantzarioari eta hurrengo gobernuen ekintza eta hurrengo belaunaldiak ez hipotekatzeari; kanpo eraginak saihestea erabakiak hartzeko; ebazpen proposamenak edo txostenak edo jarduerak datu egoki eta teknikoetan oinarritzea; informazio konfidentzialaren erabilera; dispositibo mugikor pertsonalen erabilera; gonbidapenak, opariak, bidaiak edo otorduak; edo objektibitatea, batez ere lanpostuen irisgarritasunean, sustapenean edo probisioan ardura dutenena, kontratazio publikoaren ardura dutenena edo diru laguntzen tramitazioaren ardura dutenena.

Kudeaketa onaren printzipioei dagokienez, foru enplegatuek konpromisoa hartzen dute, besteak beste, gardentasun-publizitate aktiboaren politikaren garapen eraginkorrarekin, eta datu publikoen zabaltze eraginkor batekin, informazio publikoa berriz erabil dadin sustatuz, hartara hazkunde ekonomikoa eta enplegua hobetzeko; administrazio digitalarekin, prozedurak erraztearekin eta herritarrentzako eta enpresentzako zama administratiboak ezabatzearekin, paper mordoa murriztuz eta eskaera eta kontsulten erantzun aldia laburtuz; eta euskararen sustapenarekin eta erabilerarekin.

Orobat, printzipio horiei jarraki, lankidetza aktiboa eskainiko diote Aldundiak hurrengo urteetarako abiaraziko dituen ezagutzaren kudeaketa prozesuei, langile taldearen zahartzearen eta erretiro kopuru handiaren ondorioz, hartara aurre egiteko horren ondorioz antolakuntzan nuklearrak diren zenbait lanpostuk jasan dezaketen galerari eta ezagutzak eta trebeziak eskualdatzeko lanpostu estrategiko horiek beteko dituzten enplegatu publiko berriei.

  

1230