Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak konpromiso kolektiborako deia egiten du, emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko

Aldundiak konpromiso kolektiborako deia egiten du, emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egingo du Altzan emakume baten kontra izan den eraso sexista salatzeko deitu den elkarretaratzearekin.

2018/06/08

Gipuzkoako Foru Aldundiak gogor arbuiatu du Altzan gertatu den eraso sexista Horrela, foru erakundeak bat egingo du Donostiako Udalak astelehenerako deitu duen elkarretaratzearekin. Elkarretaratzea 11.30ean izango da, Alderdi Ederreko lorategian.

            Berdintasun Organoaren zuzendari Miren Elgarrestaren hitzetan, «eraso honek agerian jartzen du, berriro ere, matxismoa arazo sozial oso larria dela, emakumeen bizitza arriskuan jartzen duena, eta giza eskubideen urraketa onartezin baten aurrean gaudela.» Elgarrestak azpimarratu duenez, «emakumeen aurkako erasoak egitura sozial sexista eta diskriminatzaileen ondorio dira» eta, beraz, «guztion erantzukizuna da, erantzukizun kolektiboa, gizarte berdinzaleagoa eraikitzea, emakumeek sufritzen duten egiturazko desberdintasun egoera honekin amaitzeko». Horrela, Altzan gertatu den erasoa gaitzesteko eta arbuiatzeko ekitaldietan parte hartzera gonbidatzeaz gain, foru zuzendariak dei egiten die herritarrei, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko konpromisoa har dezaten. Gipuzkoako Foru Aldundiak, horrela, berdintasuna xede duten politika publikoak sustatzeko konpromisoa hartu du, «oinarri sozial berdinzale eta bidezkoak eraikitzeko xedez, indarkeria sexistarekin eta emakumeen giza eskubideen urraketarekin amaitzeko». Izan ere, Elgarrestak nabarmendu du: «emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko lurralde bat eraiki nahi dugu».

Lurralde osoan jarduteko protokoloa

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, aktibatu du jada emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko protokolo instituzionala, udalekiko lankidetza estuan. Gainera, foru protokoloa hedatu nahian, Gipuzkoa osorako protokoloa ere prestatzen ari da. Horrela, lurraldeko udal guztiekin koordinatuko da, eta baliabideak eskainiko dizkie udal horiei guztiei. Elgarrestak esan du protokolo hori tresna berri bat dela, Gipuzkoan indarkeria sexistari aurre egiteko baliatuko dena.

            Ekintza horiek guztiak Aurre! Planean jasota daude. Plan horretan, gaur aktibatu den erantzun protokoloaz gain, beste hainbat jarduera ere aurreikusten dira, hala nola emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko prestakuntza ekintzak, ikerketak, arreta ekintzak, sentsibilizaziokoak nahiz prebentziokoak.  

  

1294