Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak suhiltzaileen zerbitzuen koordinazioa indartuko dute, mugako eremuetan larrialdi-zerbitzuak emateko

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak suhiltzaileen zerbitzuen koordinazioa indartuko dute, mugako eremuetan larrialdi-zerbitzuak emateko

Hiru foru aldundiek hitzarmen bat sinatuko dute, lurralde historikoekin mugakide diren eremuetan suhiltzaileak mobilizatzeko eta esku hartzeko, suteetan, salbamenduetan eta materia arriskutsuekin gertatzen diren istripuetan.

2017/07/03

Pilar García de Salazar andreak (Arabako Foru Aldundiaren diputatu nagusiordea eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatua), Ibone Bengoetxea andreak (Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua) eta Imanol Lasa jaunak (Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioako diputatua) hiru aldundien artean sinatutako hitzarmenaren berri eman dute gaur goizean, Iurretako suhiltzaile etxean. Hitzarmenaren helburua da prebentzio, sute itzaltze eta salbamendu zerbitzuen mobilizazioa eta esku-hartzea koordinatzea hiru lurraldeetako mugako eremuetan, larrialdietan zerbitzu hobea emateko.

Horrela, hitzarmen horren bitartez, erakundeen arteko lankidetza sustatu nahi da hiru egoera hauetarako: salbamendua, bai trafiko istripuetan bai bizia arriskuan duten pertsonei laguntzea eta biktimen erreskatea; materia arriskutsuen garraioko istripuak, ihesak, isurketak eta presio edo tenperatura arazoak; suteak hiri- eta landa-eremuetako erabilera desberdinetako eraikinetan, industrietan edo garraioetan.

Hitzarmenean ezarritakoaren arabera, zerbitzu batek beste zerbitzu baten lurraldean esku hartu behar duenean, 112 SOS DEIAK larrialdiak koordinatzeko zentroak, aldi berean, zerbitzu biei jakinarazi die lehenengo irteera berehala egin behar dutela. Ildo horretan, beste lurralde historikoekin mugakide diren udalerrietan istripuak gertatzen direnean, larrialdiko deiak suhiltzaile-etxeetan hartuko dituzte. Esku-hartze horiek laguntzakoak izango dira, eta istripua gertatu den lurraldeko suhiltzaileak bertaratzen direnean, beraiek hartuko dute operatiboaren agintea eta ardura, eta erabakiko dute lurralde mugakidetik joan diren dotazioek laguntzen jarraitu behar duten edo ez.

Lankidetza-hitzarmenaren arabera, hiru aldundiek datu-baseak, dokumentazio grafikoa, larrialdi-planak eta informazio garrantzitsua trukatuko dituzte, hitzarmenaren eraginpeko eremuetan hobeto esku hartzeko. Halaber, segimendu-batzorde bat eratuko da, aldundi bakoitzeko kide bik osatua. Batzorde horrek bermatu beharko du suhiltzaile-etxeek erantzun eraginkorra ematen dutela esku-hartzeetan, eta, gainera, alderdien arteko lankidetza estua sustatu beharko du.

Lankidetza-hitzarmenaren indarraldia lau urtekoa da, eta epe hori urtero luzatuko da automatikoki.

Hitzarmenak jasotzen dituen esku-hartzeak lehenago ere egiten baziren ere, lehenengo aldiz egiten da hiru aldundien artean giza baliabideak eta teknikoak batzeko lankidetza-hitzarmen bat. Hiru aldundiek ondo dakite beharrezkoa dela modu koordinatuan jardutea, hiru lurraldeekin mugakideak diren eremuetan gertatzen diren istripuetan berehala esku hartzeko. Sinatutako hitzarmenak helburu hori lortzen lagunduko du.

 

  

1280